Eboluzioaren teoria, zientziaz harago

2022/05/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Charles Darwinen eboluzioaren teoriak gizakiak bere buruarekiko eta beste espezieekiko zuen ikuskera aldatu zuen. - Arg.

Joan den astean bete ziren 140 urte Charles Darwin hil zela. Haren eboluzioaren teoriak gizakiak bere buruarekiko eta beste espezieekiko zuen ikuskera aldatu zuen. Eta, gaur egun ere, pentsaeran eragiten jarraitzen du: eboluzioaren teoria onartzen dutenek ukatzen dutenek baino aurreiritzi gutxiago dituzte, migratzaileekiko eta beste etnietako edo sexu-identitateko pertsonekiko.

Ondorio horretara iritsi da ikertzaile talde bat, Europa ekialdeko 19 herrialdetan, 25 herrialde islamiarretan, AEBetan eta Israelen egindako azterketa baten emaitzak aintzat hartuta. Izan ere, ikusi dute eboluzioaren ukatzaileek aurreiritzi sendoagoak dituztela, diskriminatzeko joera handiagoa, eta arrazakeria eta LGTBIQ-fobia nabarmenagoak, aztertutako herrialde eta kultura guztietan.

Ikertzaileek azaldu dutenez, haien hasierako hipotesia zen eboluzioaren teoria barneratzen dutenek argi dutela gizakiok animaliak garela, beste espezie askoren antzekoak; eta gu, pertsonok, espezie berekoak garela, eta, beraz, elkarren artean berdinak.

Pentsamolde horretan hezkuntzak, ideologiak, erlijioak, nortasun kulturalak eta ezagutza zientifikoak zenbaterainoko eragina duten jakin nahi zuten, eta, egindako azterketa guztietan, emaitza berak lortu dituzte. Funtsean, eboluzioa onartzea aurreiritzi gutxiago izatearekin lotzen da, norberaren taldea edozein dela ere, eta beste taldeen ezaugarriak direnak direla ere. 

Adibidez, sinesmen erlijiosoak izateak ez zuen eragiten ikuspegi horretan. Hau da, sinestunek ere, eboluzioaren teoria onartzen badute, ukatzen dutenek baino aurreiritzi gutxiago dituzten besteekiko, erlijioa edozein dela ere, eta erlijio horrek hurkoarekiko doktrina jakin bat edo bestea eduki. Alegia, hasierako hipotesia zuzena zela ikusi zuten.

Horrek zer pentsatua ematen du, garai batean Darwinen ideiak arrazismoa, matxismoa eta homofobia justifikatzeko erabili izan baitziren. Hain zuzen, Darwinek berak adierazi zuen gizona emakumea baino izaki ahaltsuagoa zela «gorputzez eta espirituz», eta hautespen naturalaren eta onenaren biziraupenaren ideiak botere-harremanak sendotzeko erabili ziren.

Orain egin duten azterketak, ordea, justu kontrakoa erakutsi du. Esaterako, Israelen, eboluzioan sinesmen handiena zuten pertsonek joera handiagoa zuten palestinarren, arabiarren eta juduen arteko bakea bultzatzeko. Herrialde islamiarretan, eboluzioaren teoria onartzea kristauekiko eta juduekiko aurreiritzi gutxiagorekin lotu zen. Eta berdina gertatzen da Europa ekialdean eta AEBetan: ijito, judu eta musulmanekiko aurreiritzi gutxiagorekin erlazionatuta dago Europa ekialdean, eta AEBetan, arrazakeria eta LGTBIQ-fobia txikiagoekin.

Horrenbestez, ikertzaileek iradoki dute ikastetxeetan eboluzioaren teoria irakasteak eta ikasleek hura barneratzeak kontzeptu zientifiko bat ikasteaz haragoko ondorioak dituela, eta lagungarria dela bizikidetzarako eta gizarte hobe bat izateko.