Bertako sugeei buruzko ezagutzak eta jarrerak azala aldatzeko beharra du

Aranzadi Zientzia Elkarteko eta EHUko ikertzaile batzuek elkarlanean egindako azterketa batek Euskal Herriko nerabeek sugeen inguruan duten ezagutza eta jarrera aztertu du. Oro har, espezie exotiko gehiago ezagutzen dituzte bertakoak baino, eta beldurra edo nazka dira animalia horiek sortzen dizkieten sentimendu nagusiak.

Sugegorri kantauriarra izan zen bertako espezieen artean gehien aipatu zena. ARG.: Benny Trapp/Wikimedia Commons/CC BY-SA 3.0


Mundu mailan, sugeen % 10-15 dira soilik pozoitsuak eta, Europa mailan ere, proportzioa antzekoa da. Euskal Herrian, berriz, dauden zazpi suge-espezieetatik sugegorri kantauriarrak (Vipera seoanei) soilik du pozoia, eta hilgarria izatetik urrun dago.

Hala ere, sugeak fama txarreko animaliak dira; ziur asko, urtetan zehar bildu dituzten sineskeriengatik eta mitoengatik. Euskal Herrian sugeekin erlazionatutako figura mitologiko garrantzitsuena Sugaar da, ugalkortasunari, ekaitzei, suari eta abarri lotutako pertsonaia. Kultura kristauan, ordea, sugeak gaiztakeriarekin eta engainuarekin lotzen dira. Gaur egungo nerabeei sineskeria horiek ez die zuzenean eragingo ziurrenik, baina komunikabideek, narratiba kulturalak errepikatzen dituztenez, sugeen inguruko estereotipoak eta beldurrak indartu ditzakete.

«Nerabeen artean gehien errepikatu zen espeziea kobra izan zen, eta jarraian anakonda, pitoia eta kriskitin-sugea — denak espezie exotikoak—»

Journal of Biological Education aldizkarian argitaratu den ikerketa batek argitu nahi izan du zer ezagutza, jarrera, emozio eta jokabide dituzten Euskal Herriko nerabeek sugeekiko. Gainera, emaitzak ulertzen laguntzeko, aintzat hartu dira gazteen ezaugarri soziodemografikoak, bizi diren herriaren tamaina eta naturara joateko duten ohitura.

15 eta 16 urte bitarteko 640 ikaslek gaiari buruzko galdetegi bat bete zuten. Derrigorrezko bigarren hezkuntzako azken urtean egonik gizartearen biodibertsitate-alfabetatzea islatu zezaketelako hautatu ziren adin-talde horretako ikasleak.

Galdetegiaren bidez jasotako emaitzak argigarriak izan ziren. Ezagutzen zituzten suge guztien izenak idazteko eskatuta, nerabeen artean gehien errepikatu zen espeziea kobra izan zen, eta jarraian anakonda, pitoia eta kriskitin-sugea — denak espezie exotikoak—. Bertako lehen suge-espeziea seigarren postuan geratu zen, eta nerabeen % 20k baino gutxiagok izendatu zuten. Sugegorria izan zen espezie hori, bertakoen artean pozoitsua den bakarra.

Iñaki Romero ikertzaileak hala azaldu du: "Nerabeek sugeei buruz duten ezagutza ikusita, ezagutza horren informazio-iturri nagusiei buruz galdetu genien. Gehiengoak adierazi zuen sarean edo telebistan izan zutela suge-espezie horien berri". Egileek uste dute informazioaren iturrian egon daitekeela gakoa. "Lehen guraso edo gertukoek erakusten zieten gazteei inguruko fauna identifikatzen, eta orain, berriz, hedabide globalizatuetan ikasten dute".

Emozio eta jokabideei dagokienez, ikasleen ehuneko handi batek ‘suge’ hitza termino negatiboekin lotu zuen, eta suge batekin topo eginez gero ihes egitea izan zen haien jokabide-intentziorik ohikoena. % 6k adierazi zuen animalia hil eta bertan utziko luketela.

«Egileek diote gaiari heltzeko bide bat hezkuntza izan daitekeela»

Ikasleek sugeei buruz zuten ezagutzan eragin handia izan zuten jaioterriaren tamainak eta naturara egindako bisiten maiztasunak. Zenbat eta txikiagoa izan ikasleen jaioterria, orduan eta kontzientzia handiagoa zuten bertako faunari buruz. Bestetik, natura maizago bisitatzen zutenek eta bertan sugeak gehiagotan ikusi zituztenek hobeto identifikatzen zituzten suge-espezieak.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako suge-espezieen ia erdia babestuta dago egoera ekologiko eskasean daudelako, eta gizarteak haiekiko duen pertzepzio negatiboak ez die onik egiten. Egileek diote gaiari heltzeko bide bat hezkuntza izan daitekeela, eta garrantzia eman nahi izan diote bertako espezieak eredu moduan erabiltzeari. Uste dute hezkuntza garrantzitsua izan daitekeela gazteek ingurumenari loturiko erabaki egokiak hartzeko, sugeekin nahiz, oro har, biodibertsitatearen kontserbazioarekin.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Hezkuntza