Asteko argazkia: bueltan da Artemis II

Arg.: NASA/James Blair


Bueltan dira Artemis 2 misioko astronautak, bidaiaren unerik arriskutsuena gaindituta: 40.000 kilometro orduko abiaduran sartu dira Lurraren atmosferan, 2.500 ºC-tik gorako tenperaturan. Urduritasunez betetako 13 minutu izan dira, baina onik azaldu dira ozeano Pazifikoan.

Lurreko atmosfera zeharkatzean, lau astronautak zekartzan kapsula suzko bola batean bilduta geratu da. Atmosferaren marruskaduragatik sortu da halako tenperatura. Hain zuzen, hori zen misioaren unerik zailena eta esanguratsuena: ontziaren babes termikoa nahikoa eraginkorra den ziurtatzea. Eta emaitzak ikusita, balekoa dela frogatu da. Kabinaren barruan, 22 ºC-tan mantendu dira.

Hain zuzen, Artemis I misioaren arazo esanguratsuena hori izan zen, babes termiko horren diseinua dela-eta, hainbat pusketa erori zirela Lurraren atmosfera zeharkatzean. Oraingoan, ondo gainditu du. Hurrengo urratsak probatzeko prest dago misioa.

Ilargiaren azaleko 7.000 argazki baino gehiago hartu dira. Eta lau astronautak gure planetatik urrutien iritsi diren gizakiak bihurtu dira. Lurretik 406.771 km-ra egon dira, Apolo 13 baino 6.000 km harago. Baina astronautek esandakoak ere horiek bezain inpaktanteak izan dira: "Pribilegio bat da gizakia izatea eta Lur planetan egotea".

Eta earthset fenomenoaren inpaktu emozionala ere aipatu dute: ontziak Ilargiaren alde ezkuturako bidea egitean Lurra astronauten begibistatik guztiz desagertzen den unea, eta Houstoneko kontron zentroarekin komunikazioa galtzen dutena. "Gizakiok ez genuke hortik pasa beharko. Giza Giza garunak halako tamainako esperientzia prozesatzeko zailtasunak ditu", adierazi dute astronautek, une horrek eragindako inpaktu emozional beldurgarria gogoratuz.

Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute

Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali