Antony Hewish, pultsareen aurkitzailea

1988/04/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Martxoaren hasieran, Antony Hewish fisikazko Nobel Saria irabazitakoa Donostian izan dugu. Aukera honetaz baliaturik beregana jo dugu eta ondoko elkarrizketa egin diogu. Hirurogei urteko gizaseme mehar eta jator honek egin zigun harrera eskertu nahi dugu lerro hauen bidez.
Elhuyar.– Zure bizitzari buruz zehaztasunak emango al dizkiguzu?

Antony Hewish.– Inglaterrako mendebaldean jaio nintzen, Kornuales-eko itsasaldeko herri txiki batean. Beraz, itsasoa maite dut. Bankaria zen nere aita eta nere familian ez zegoen zientziarekiko giro berezirik. Baina ni zientziaz interesatu nintzen eta Cambridge-ko Unibertsitatera joan nintzen. 1942. urtea zen eta Bigarren Mundu-Gerra zegoen tartean. Unibertsitatean urtebete egin ondoren, armadara joan behar izan nuen eta bertan arazo teknologikoez arduratu nintzen. Radarraren garapenean ziharduen taldean aritu nintzen. Hiru urte pasa nituen zeregin horretan. Ondoren Cambridgera itzuli nintzen.

Ikerlari izatea ez zen nere asmoa; zerbait aplikatuagoa egin nahi nuen. Baina, nahikoa nota onak atera nituen ikasketa bukaeran eta Cambridgen jarraitzeko aukera sortu zitzaidan. Irratiastronomian has nintekeela esan zidaten. Martin Ryle zen taldeko buru. Nik bera ezagutzen nuen jadanik, gerra garaian radarraren taldean lanean aritu nintzenean topatua nuelako. Lantoki berean egiten genuen lan eta gure taldeak eta bereak erlazio estuak izan zituzten. Hortaz, Martin Ryle-ren taldera sartu nintzen 1948.ean ikerkuntz ikasle moduan.

Irratiastronomia jaioberria zen eta oso gauza ederra zen horretan lanean hastea. Cambridge gainera, munduko irratiastronomiako tokirik garrantzitsuena zen. Beraz, ikerketan aritzeko tokirik aproposena zen eta ni oso pozik nengoen. Gero, badakizu, nire ikerketan zorte handia izan dut; oso bide oparoa izan da. Pultsareen aurkikuntza eta guzti hori.

Elh.– Gure bigarren galdera hain zuzen, oraintxe aipatu duzun pultsareari buruzkoa da. Entziklopediatan aipatzen denez, kasualitatea izan zen horren aurkikuntza. Azalduko al diguzu nola izan zen?

A.H.– Benetan, zorte hutsa izan zen. Garai hartan irratiteleskopio berri bat diseinatzen ari nintzen; ostean pultsareak detektatzeko balio izan duena. Orduan, nere interesa kuasareak aurkitzea zen. Hauek oso objektu trinkoak dira, oso bolumen txikia dute eta irrati-uhinak igortzen dituzte. Irrati-uhin hauen bidez detekta ditzakegu.

Kuasare bati behatzen diozunean, izarrek bezala dirdir egiten dute eguzkiak igorritako plasma-hodeien kausaz. Hau etengabe gertatzen ari da. 1964.ean zeraz ohartu ginen: galaxia arruntak eta kuasareak dirdir hori erabiliz bereiz daitezkeela. Beraz, oso irratiteleskopio sentikorra diseinatu nuen. Horrelakoa izan behar zuen, nik oso urruti zeuden eta oso ahul ziren objektuak detektatu nahi nituelako. Gainera oso uhin-luzera handitan egin behar zuen lan.

Irratiastronomoak normalean, cm gutxiko uhin-luzeretan egiten dute lan. Tarte horretan lan egiteko eginiko irratiteleskopioak ez zidaten balio, zeren eta eguzkitiko plasmak sortutako dirdira, uhin-luzera handiagoak (metro bat ingurukoak) erabiltzen direnean bakarrik somatzen bait da. Beraz, oso antena handia eta sentikorra diseinatu nuen. Metro bateko uhin-luzeran lan egiten zuen. Zeru guztia sistematikoki arakatzen hasi ginen seinale fluktuatzaileen bila. Hori da hain zuzen pultsareak aurkitzeko behar duzuna, eta horrela lan eginez pultsarerik ez detektatzea ia ezinezkoa da.

Elh.– Gure irakurle askorentzat astronomoak, teleskopio baten lenteen bidez zerua arakatzen duten pertsonak dira. Irratiastronomoek ez dute horrela lan egiten. Zer diferentzia dago irratiastronomia eta astronomia optikoaren artean?

A.H.– Biek erradiazio elektromagnetikoez egiten dute lan. Lehenak ikus dezakegun erradiazioaz, argiaz alegia, eta bigarrenak ikusi ezin ditzakegun irrati-uhinez. Zerutik irrati-seinaleak etengabe etortzen ari direla 1930.eko hamarkadan aurkitu zen EEBBetan eta gerra-garaian Britainia Haundian berraurkitu zen. Eguzkiak irrati-seinale bortitzak igortzen dituela aurkitu zen.

Zeruan badira irrati-uhinez detektatzen diren objektuak eta argiaren bidez detektatu ezin direnak.

Eguzkitik datozen irrati-uhinak detektatu nahi badituzu, tresna egokia behar duzu. Irrati-uhinekiko sentikorra izan behar du. Nondik datozen jakin nahi baduzu, biltzaile handi bat behar duzu; uztai moduko zerbait handia, angelua neurtu ahal izateko. Zera esan nahi dut: irratiteleskopioa teleskopio optikoaren analogoa dela, baina zuk ezin duzu argazkirik atera. Datorren erradiazioaren indarra neurtzen duzu eta hau irrati-irudi bihur dezakezu. Beraz, irrati-teleskopioen bidez unibertsoaren irudi desberdina lortzen duzu.

Elh.– Big Bang delakoa hitzetik hortzera erabiltzen da gaur egun. Zer da Big Bang hori?

A.H.– Big Banga zer den?. Unibertsoaren leherketa-jatorria besterik ez da.

1940.eko hamarkadan ikerketan hasi nintzenean, unibertsoa nola jaio zenaz ez genuen ideiarik. Teoria asko zegoen, baina guk genekien gauza bakarra hedatzen ari dela zen. Horretan guztiak ados zeuden.

1960.eko hamarkadan, astronomoek EEBBetan bero-erradiazio bat aurkitu zuten. Gaur, mikrouhinezko hondo-erradiazio esaten zaio. Erradiazio honek unibertso osoa betetzen du eta oso tenperatura baxuan (zero absolututik zenbait gradu gorago) gertatzen den erradiazioari dagokio.

Baina, zeure buruari unibertsoa nolakoa zen galdetzen badiozu, erantzunak oso beroa zela izan behar du. Bi gauza hauek azaltzeko, unibertsoaren hedapena eta garai bateko oso tenperatura handiak alegia, prozesuaren hasieran leherketa kosmiko bat (leherketa nuklear itzel baten modukoa) izan zela pentsatu behar duzu.

Hau da unibertsoaren jatorriaz dugun irudia; Big Bang deitzen dugun leherketa sortzailea.

Elh.– Unibertsoaren jatorria azaldu duzu. Zein da egungo unibertsoaz dugun irudia?

A.H.– Beno, unibertsoaren zirriborro bat egin dezakegu. Unibertsoa egun, ikaragarria da. Galaxiaz beteta dago. Galaxiak era berean milioika izarrek osatzen dituzten multzoak dira. Gure begi hutsez horietako gutxi batzuk besterik ez ditugu ikusten, baina teleskopio baten bidez ikuskizuna asko zabaltzen da.

Galaxiak, unibertsoaren osatzaileak (adreiluak alegia) dira. Unibertsoa hamabost mila milioi urte dituen haustura itzel bat da; milioika galaxiaz osaturik dagoena. Galaxia hauek eta barruan dauden izarrak etengabe ari dira eratzen. Sistema osoa hedatzen ari da eta badirudi etorkizunean ere, horrela segituko duela betirako.

Hala ere, arazo hau irekita dago oraindik. Izan ere prozesuak badu gelditu eta atzera egiteko posibilitatea.

Elh.– Hortaz unibertsoa betirako hedatzen ari da.

A.H.– Bai, betirako hedatzen ari da, baina prozesua mantsoagotzen ari da. Eta epe luzera begiratzen baduzu, hedapena oso geldia izan liteke eta azkenik gelditu egin daiteke. Nere aburuz, betirako hedatzen ari den unibertsoa irudirik egokiena da. Hala ere, benetan gertatuko dena unibertsoan dagoen materi kantitatearen araberakoa izango da, zeren eta materiarik badago, erakarpen grabitatorioa lanean hasiko da eta hedapena astiroagotu egingo da. Eredu teorikorik egokiena zera da: unibertsoa infinituki handia denean grabitatea orekatzeko nahikoa materia izatea. Hau da, azkar hasten da eta gero astiroagotu egiten da. Baina ez da inoiz geldituko, oso denbora luzea behar duelako.

Elh.– Utz dezagun orain astronomia alde batera eta abia gaitezen fisikaren beste eremu batean. Azken aldian, fisikaren teoria bateratu baten atzetik esfortzu handiak egiten ari dira fisikariak. Zer deritzozu zuri?

A.H.– Nik posible dela uste dut, zeren eta guk aski desberdintzat jotzen genituen indarrak batera jarri ditugu dagoenekoz. Fisika ikasten hasi nintzenean, indar elektromagnetikoak zeuden, eta indar ahula; neutroia bezalako partikulen barneko elementuak bildurik mantentzen dituena. Gure eritziz indar hauek nahikoa desberdinak ziren, baina gaur egun badakigu indar beraren alderdi desberdinak direla. Hau partikulen fisikan egin diren aurrerakuntzei esker dakigu (W eta Z partikulen predikzioa eta aurkikuntza). Hortaz, lehen lau indar zirenak orain hiru dira.

Alderdi teorikotik begiratuta, indar guztiak bilduko dituen eta zuk aipatu duzun Teoria Bateratu hori oso erakargarria da. Grabitatea ere barnean sartu beharko dugu noski. Espekulazioa da; oso espekulazio erakargarria; unibertsoaren jatorriarekin zerikusia izan dezakeena. Honelako teoria bateratua dagoela onartzen badugu, kosmologiaren problema nagusi batzuk uler ditzakegu. Nere aburuz, oso erlazio estua dago hasierako unibertsoa eta partikulen fisikaren (oinarrizko indarren) artean. Gerta liteke Teoria Bateratua frogatzeko behar diren energiak inoiz ez lortzea. Baina unibertsoan gerta litezkeen fenomeno kosmologikoei behatuz, unibertsoaren jokaera aztertuz, Teoria Bateratuaz saioak egin ditzakegu, unibertsoa laborategi bailitzan erabiliz.

Elh.– Gai berrira aldatuz, ikerkuntza eta irakaskuntza batera eraman behar direla uste al duzu?

A.H.– Irakaskuntza oso ariketa ona da guztientzat. Ustegabeko galderak egin ditzaketen ikasleen aurrean jartzen ez bazara, ez zaizkizu zuri horiek inoiz bururatuko. Nere aburuz, ikerketan ari den jendeak irakatsi egin behar du. Bestela, ikasleek ez daukate ikerketa aurreratua egiten ari den jendearekin harremanik. Ikerketak eta irakaskuntzak eskutik helduta joan behar dute. Horrek ez du esan nahi ikerketarik egiten ez duen irakasle onik ez dagoenik. Baina, ikasleek ikerkuntzaren puntan dabilen irakaslearekin harremanetan egon behar dute, gaiarekiko zaletasunaz kutsa daitezen.

Ikerlariak beren bidetik bakarrik joango balira, alfertu egingo lirateke, ikasleen galderei aurre egin behar ez dietelako. Bestalde, irakasleak ikerkuntzarekin harremana galdu badu, ez ditu azken aurreramenduak ezagutzen eta ez da ikerketaren munduan gertatzen denaz ohartzen.

Elh.– Ikerketarako dirutza handiak behar dira. Zeinek ordaindu beharko luke zure eritziz ikerketa?

A.H.– Ordainketa erakunde batzuen artean banatu behar da. Unibertsitateak autonomia izan behar du. Hori oso inportantea da. Unibertsitateak ez du bere zereginetan kontrolaturik egon behar.

Gobernuak bakarrik ordainduko balu, unibertsitateak gobernuari interesatzen zaiona egin beharko luke. Dirua jasoko luke, baina hark nahi duena egiteko. Unibertsitateak askatasuna behar du bere lineari jarraitzeko.

Askatasuna lortzeko bidea, zera izango litzateke: pentsakera irekiko dirudunak izatea eta hauek unibertsitateari fondoak ematea, honek askatasun osoz erabil ditzan.

Industriak ere ikerketa finantzatu behar du, noski.

Unibertsitateak fondoak toki guztietatik jaso beharko lituzke, alde batetik oreka eta bestetik askatasuna lortzeko. Diru-iturri bakarra baduzu, arriskugarria da.

Elh.– Donostia, askoren ustez kongresutarako toki egokia da. Zer deritzozu zuri?

A.H.– Galdera hau gero eta ezagunagoa egiten ari zait. Egokia da, noski. Kongresutarako toki ideala da nere eritziz. Jendeak behar duen guztia dauka. Kokagune ederra; hiri polita da. Ez da Los Angeles moduko hiritzarra. Ondo komunikaturik dago gainera eta erraz irits daiteke bertara. Unibertsitate sendoa falta zaio, baina hori lortzeko bidean dago. Minimoak behintzat betetzen ditu.

Elh.– Bukatzeko. Zer sentitu zenuen 1974.ean Nobel Saria Martin Ryle-rekin batera jaso zenuenean?

A.H.– Ez nuen espero. Asko poztu ninduen. Ez nekien horretarako aurkeztua nengoenik ere. Hori isilpean egiten da. Batzuetan aldez aurretik zurru-murruak egoten dira, baina nik ez nuen ezer entzun.

Londresen nengoen bilera batean. Bedel bat niregana etorri zen eta paper-puska bat eman zidan, arkatzez eta letra txarrez idatzirik. Fisikako 1974.eko Nobel Sariak Hewish eta Ryle zirela zioen. Begira. Gu tresna elektroniko batean hamar mila libera gastatzea eztabaidatzen ari ginen... Paper-puskari begiratu nion eta ezin izan nuen kontzentratzerik... Telefonoak kanpoan jotake ari ziren jotzen eta gauza ona izan zen ni haientzat eskuragarri ez izatea.

Elh.– Mila esker Hewish jauna, elkarrizketa interesgarri honegatik.