}

Alergia: arriskua nonnahi

2003/04/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Urte-sasoi jakin batzuetan maiz samar egiten baduzu doministiku, edo auzokoaren katuaren inguruan egon orduko begietako azkura eta malko-jarioa sentitzen badituzu, alergiak jota daudenen talde gero eta ugariagoaren partaide izan zintezke, irakurle estimatua. Zein dira erreakzio alergiko nagusiak?

1960ko hamarkadan biztanleen % 10 besterik ez zen alergikoa; gaur egungo azken ikerketen arabera, berriz, bostetik bat hartzen dira gaixo alergikotzat. Erreakzio alergikoaren kausa edo arrazoia identifikatzea eta tratamendu eraginkorreko plan bat martxan jartzea dira gaixo alergikoak egin beharreko gauzarik inportanteenak, medikuaren aholkuei jarraitzeaz gain, noski.

Zer da erreakzio alergiko bat?

Alergia edo berehalako hipersentiberatasuna normalean ongi jasaten den, eta kaltegarritzat jotzen ez den substantzia batekiko sentsibilitate anormala besterik ez da. Gorputzeko erreakzio anormal hori eragiten duten substantzia horiei alergeno esaten diegu, eta askotarikoak dira. Alergeno horiek irentsi, arnastu edo ukituz gero jartzen da martxan immunitate-sistemaren erreakzio hori.

Immunitate-sistemak gorputzaren defentsa-mekanismo bezala jokatzen du arnasten dugun airean, jaten dugun janarian eta ukitzen ditugun gauzetan presente dauden konta ezin ahala substantzia ‘arrotzen’ kontra. Gai arrotz horien artean, erantzun immunoalergiko bat eragiten duten substantziak izendatzeko erabiltzen dugu alergeno hitza.

Hala ere, oraindik ez dakigu zergatik diren substantzia batzuk alergenikoak eta beste batzuk ez; zergatik pertsona batzuei erantzun alergikoa eragiten dieten eta beste batzuei ez.

Gizakiaren immunitate-sistemaren ezaugarri funtsezkoenetakoak ezagutza eta oroimena dira. Zer esan nahi du horrek? Behin immunitate-sistemako zelulek substantzia bat arrotz gisa hartuz gero, hasierako harreman hori betiko hartuko dutela gogoan. Substantzia espezifiko horrekin berriro topo eginez gero, gure gorputzaren erantzuna askoz ere bizkorragoa eta gogorragoa izango da, bigarren esposizio horren ondorioz aktibatzen diren ‘oroimeneko’ zelulek sortutako bitartekari kimikoen eraginez. Zelula horiek erantzuna anplifikatu egingo dute, immunitate-sistemaren beste parte edo atal batzuk martxan jarriz.

Immunitate-sistemak kanpoko gai arrotzen kontra defendatzeko erabiltzen duen beste mekanismo bat milioika antigorputz sortzea da. Antigorputz bakoitzak kanpoko substantzia arrotz espezifiko eta bakar bat ezagutu eta horrekin elkartzeko abildadea dauka. Antigorputz edo immunoglobulina horiek odolean eta gorputzeko ia likido guztietan daude, eta kanpotik sartzen den materiala arrotz gisa ‘ezagutzen’ dutenean, hura harrapatzen eta immobilizatzen laguntzen dute.

Gizakiaren E motako immunoglobulina edo antigorputza (E Ig) da erreakzio alergiko gehienetan aktibatzen dena. Alergeno bat edo gehiago (esate baterako, polena, hautseko akaroak, onddoak, etab.) ezagutzeko E Ig bereziak garatu dituen pertsona alergeno horien aurka sentsibilizatuta dagoela esaten da. E Ig-ren molekulak (alergeno diferenteen kontra espezifikoak dira) odolean zehar ehunetara heltzen dira, eta hor mastozitoen edo zelula gizenduen azalera guztia estaltzen dute. Espezifikotasun desberdineko 500.000 E Ig egon daitezke zelula gizendu bakar baten gainazalean, alergeno diferenteak ezagutu eta segidan erreakzio alergikoa martxan jartzeko.

Zelula gizenduak edo mastozitoak oso ugariak dira sudur, begi, birika eta digestio-bideetako mukosetan. Eta horietako zelula batean dagoen E Ig batek alergeno-molekula batekin topo egiten duenean, alergeno espezifiko horrekin bere ‘oroimena’ aktibatzen baldin bada, mastozitoak bitartekari kimiko indartsu ugari askatzen ditu, eragin inflamatorio gogorrekoak guztiak. Bitartekari horien artean daude histamina, leukotrienoak eta prostaglandinak, eta baita zitokinak ere (zelulen elkarrekintzak erregulatzen dituzten molekula proteikoak).

Ikusi dugu, beraz, erreakzio alergikoek inflamazio edo hanturak eragiten dituztela ehunetan. Baina erreakzio alergikoak gertaera-kate bat bezala ulertu behar dira: E Ig batek bere alergeno ‘espezifikoa’ ezagutzen duenean, zelula gizendu aktibatu batek bitartekariak askatzen ditu. Jarraian, bitartekari horiek beste zelula inflamatorio batzuk biltzen dituzte odol-zirkulaziotik, inguruko ehunak inbaditzeko. Horietan, beste zelula lokal batzuen laguntzarekin, bitartekari kimiko gehigarriak askatzen dituzte, eta horrek guztiak osatzen du erreakzio alergikoa.

Nola jokatu alergia-kasu baten aurrean?

Antigorputz bakoitzak kanpoko substantzia arrotz espezifiko bati lotzeko gaitasuna du.

Pazientearen sistema immunologikoak zein molekula alergeniko ‘ezagutzen’ dituen jakitea da alergia baten aurrean gaudela diagnostikatzeko biderik seguruena. Horretarako, azaleko probak eta odoleko E Ig espezifikoen presentzia detektatzeko probak (RAST probak) dira diagnostikorik egokienak.

Larruazaleko probak

Medikuak historia klinikoa aztertu ondoren, sintoma horien eragileak zein alergeno izan ote daitezkeen susmatzen du, eta substantzia susmagarri horien estraktu edo aterakinekin probak egiten ditu gaixoaren larruazalean. Proba horiek besaurrean egiten dira normalean, baina sorbaldan edo beste gorputz-atal batzuetan ere egin daitezke.

Gorputz-atala ongi garbitu ondoren, estraktuaren tanta bat jartzen da eta lantzeta batekin tanta hori zeharkatu eta besaurrean eskarifikazio edo harramazka arin bat egiten da. Proba hori baloratzeko bi kontrol egiten dira; kontrol bat positiboa eta beste bat, berriz, negatiboa.

Alergia behar bezala diagnostikatzeko, ezinbestekoa da sistema immuneak ezagutzen dituen alergeno guztiak detektatzea.

Kontrol positiboa histamina-tanta batekin egiten da. Gogoratuko duzuenez, histamina da erreakzio alergikoaren hasieran askatzen diren eta hantura eragiten duten bitartekarietako bat, eta azala gorritzea, azkura eta hantura eragiten ditu. Kontrol negatiboa, berriz, suero fisiologikoaren tanta batekin egiten da, eta horrek aukera ematen digu jakiteko ea pazienteak edozein traumatismo txikiren aurrean (lantzetarekin egindako harramazkaren aurrean) gehiegizko erreakzioa duen ala ez.

Ustez alergiaren eragileak diren alergenoen estraktuekin egindako proba eta kontrolen interpretazioa 15 minuturen ondoren egiten da. Histamina-tantak alergeno susmagarriaren estraktuarekin erreakzionatu ondoren, susmagarria erruduntzat joko dugu baldin eta azalean, puntu horretan, hantura txiki bat agertzen bada, azkura ematen duena, eta 1,5 cm inguruko diametroa duen gorriunea edo baba modukoa agertzen bada. Alergeno susmagarria, berriz, errugabetzat joko dugu horrekin azalean egindako harramazka-puntua normal agertzen bada, inolako gorriune edo hanturarik gabe.

Laborategiko probak

Proba horretaz gain, laborategian odol-analisi bat egingo da odolean antigorputzik ba ote dagoen ikusteko, eta, baldin badago, zenbat dagoen neurtzeko. E Ig espezifikoak aztertu nahi dira, alegia, alergiaren eragileak diren antigeno espezifikoak detektatzea da helburua.

Behin alergenoak identifikatu ondoren, tratamendurik onena alergeno horiekin kontaktua ahal den neurrian gutxitzea izango da batetik, eta sintoma alergikoak eta ehunetako inflamazioa gutxitzeko botika egokiak erabiltzea bestetik. Kasu jakin batzuetan, txertoak ere erabil daitezke alergiaren kontra (horri immunoterapia esaten zaio).

Alergien ondorioz azaltzen diren hainbat sintoma arnas-aparatukoak izaten dira, eta beste hainbat larruazalekoak.

Immunoterapia pazienteari alergia eragiten dion alergeno horixe bera ematean datza, gero eta dosi handiagoetan. Alergenoa azalpetik injektatzen zaio pazienteari, ongi neurtutako dosietan eta denbora-tarte erregularretan. Horrela, hainbat injekzio jarri ondoren, paziente bakoitzak ongi jasaten duen dosia zein den jakitea lortzen da; horrekin, gorputzak ordura arte kaltegarria gertatzen zitzaion alergenoa ‘ezagutzen’ eta ‘onartzen’ ikasten du, eta azkenerako ez dio aparteko kalterik eragiten.

Alergiari aurre hartzerik ba ote?

Alergia bat agertzean, eguneroko bizimodua eta ohiturak aldatu egiten dira, baldin eta arrisku-egoerak saihestu edo krisialdien maiztasuna gutxitu nahi bada. Ezinezkoa da alergia-mota guztien kontrako prebentzio-neurriak ematea, baina ondoren aipatzen direnak lagungarriak izango zaizkizu.

Kotxea gidatzen baduzu

Gidari batek doministiku egite hutsagatik arreta galtzen badu eta autoa 90 km orduko abiaduran baldin badoa, horrek 25 bat metro kontrolik gabe egitea esan nahi du. Eta krisi alergiko batean 10 doministiku egitera irits daitekeela kontuan hartuta, distantzia hori asko handitzen da.

Hona hemen gidariarentzako neurri-sail bat:

  • Alergia batzuk umetan azaltzen dira, baina nerabezaroan edo helduaroan desagertu egiten dira.
    Ez gidatu autoa leihatila irekita.
  • Autoaren barrualdea garbi izan, baita aireztatze-hodiak ere, hautsak erreakzio alergiko ugari eragiten ditu eta.
  • Eguzkitako betaurrekoak erabili, begietan polena sartzea saihesten baitute (neurri batean bederen) eta begietako suminkortasuna arintzen baitute.
  • Bidaian zehar, garbitu sudurra eta begiak ur ugarirekin, alergiaren efektuak arintzeko.
  • Motoan ez ibili, airearekin kontaktu gehiago edukitzen delako eta polenak sintoma alergikoak areagotuko dituelako.
  • Antihistaminikoak hartzen ari bazara ez gidatu sekula, botika honek logura ematen du eta. Ez nahastu inoiz medikamentu hori alkoholarekin.
  • Bidaia bat egitea ezinbestekoa baldin bada, kontsulta ezazu zure medikuarekin medikazioa eten edo aldatzeko.

Etxean hartzeko neurriak

Hautsari alergia diotenek kontu handiz garbitu eta aireztatu behar dute logela. Horretaz gain, badaude alergien kontrako oheko arropak.

Kontua ez da alergiarekin itsututa egotea, noski, baina ohitura jakin batzuk hartuz gero, gure bizitza-kalitatea hobea izango da.

  • Aireztatu ongi logela, eta tenperatura baxuan eta lehor eduki, batez ere ohea, besaulkiak eta alfonbrak dauden tokietan.
  • Erabili oihal busti bat etxeko hautsa kentzeko.
  • Xurgagailua pasa, astean behin gutxienez, gaixoaren koltxoian, ohe azpian, eta etxe osoko moketa, alfonbra eta besaulkietan. Baita altzari eta liburuen gainean eta azpian ere.
  • Ahal bada, erabili alergikoentzako xurgagailu bereziak, hautsa atxikitzeko gaitasun berezia dute eta.
  • Ez utzi etxean hezetasunik sortzen: airearen zirkulazioa erraztu, leihoak eta ateak irekiz.
  • Oheko arropa alergiaren kontrakoa izan dadila.
  • Etxe barruko landareekin kontuz: ez dezatela hosto lehorrik, ez lizunik ere eduki.
  • Etxean animaliarik edukiz gero (katuak edo zakurrak batez ere) ilea sarritan moztu behar zaie, eta ongi orraztu; ilea ez dezatela lehorregia eduki.
(Argazkia: Alergia, asma eta immunologiaren amerikako akademia.).

Alergiaren bat duenak honako galdera hauei erantzun behar die:

  • Zein dira nire immunitate-sistemak ezagutzen dituen alergeno espezifikoak?
  • Noiz (eta zenbateraino) nago substantzia horiekiko esposizioan?
Asmaren aurkako botikek arnasbideen hantura gutxitzen dute; hartara, errazago hartzen da arnasa.

Lehen ikusi dugun bezala, alergeno horien esposizioak dakarren erreakzio alergiko inflamatorioa eta ondorengo erreakzio-katea dira alergiaren sintoma klinikoen erantzuleak.

  • Errinitis alergikoa
    Belar onduaren sukarra ere esaten zaio. Alergeno jakin batekiko sentsibilizatuta dagoen pertsonaren sudurreko mukosarekin harremanetan jartzen diren alergenoek sortzen dute. Sintoma nagusiak sudurreko kongestioa, azkura eta muki-jarioa izaten dira; sudurreko mintz mukosoak behin eta berriz, egunero-egunero, alergenoekin kontaktua edukitzeak inflamazioa eta gainerako sintomak kroniko bihur ditzake.
  • Konjuntibitis alergikoa
    Errinitisaren kasuan bezalatsu, begietako erreakzio alergiko inflamatorioa.
  • Dermatitis topikoa edo ekzema
    Alergenoen eta larruazaleko antigorputzen arteko ‘borrokaren’ emaitza da. Gaixotasun hori bularreko haurretan hasi ohi da normalean, eskola-garaian ere agertzen da eta sarritan nerabezaroan hobetu (edo ia desagertu) egiten da. Baina izan daiteke helduaroko asmaren aitzindaria ere.
  • Asma
    Gaixotasun kronikoa da. Arnasbideetako hanturaren eta gehiegizko erantzunaren ondorioz, eztula, bularreko estuasuna, arnasestua, txistu-hotsak... agertzen dira, aire-fluxua oztopatua edo trabatua dagoelako.
  • Urtikaria
    Janari, elikagaietako gehigarri eta/edo botika edo farmakoekiko alergiak sortzen du. Janari espezifikoekiko sentiberak diren pertsonak erreakzio alergikoak izaten dituzte elikagai horiek jan eta gero. Alergeno ohikoenak itsaskiak, arrautzak, esnea, garia edota kakahueteak dira, baina beste asko ere izan daitezke. Umetan sarri ikusten dira, baina, denborak aurrera egin ahala, hipersentiberatasun hori desagertu egiten da kasu askotan.
  • Shock anafilaktikoa
    Hauxe da erreakzio alergiko guztietan larriena. Gorputzeko atal guztietara hedatzen da hantura (erantzun sistemikoa da, beraz) eta ondorioa heriotza ere izan daiteke, arnasbideen hanturak itotzea ekar dezakeelako, eta presio arteriala bat-batean jaisten delako. Anafilaxia penizilina-injekzio baten ondotik ager daiteke edo intsektu batek (erle batek, adibidez) ziztatu eta gero. Kasu honetan epinefrina (adrenalina) eman behar da berehala.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia