}

Zulo beltz batek bere orbita-sistemako neutroi-izarra irentsi duela detektatu dute

2021/06/29 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zulo-beltz-batek-bere-orbita-sistemako-neutroi-iza
Zulo beltz baten eta neutroi-izar baten arteko talkaren irudikapena. Arg. Swinburne Unibertsitatea

Grabitazio-uhinak albiste izan dira, berriz ere. Astrofisikariek lehenengo aldiz detektatu dute zulo beltz batek nola irensten zuen neutroi-izar bat, sortutako grabitazio-uhinak hautemanda. Unibertsoko bi objektu muturrekoenak eta misteriotsuenak dira zulo beltzak eta neutroi-izarrak, eta ikusmin handia sortu du haien arteko fusioak. AEBko LIGO eta Italiako Virgo behatokiek detektatu zuten 2020ko urtarrilean, eta gaur argitaratu da The Astrophysical Journal Letters aldizkarian. Gainera, behin ez, bitan detektatu dute bi erraldoien arteko fusioa. Bata, 2020ko urtarrilaren 5ean, eta bestea, 15ean, hamar eguneko aldeaz.

Ikertzaileek argitu dute duela 1.000 milioi urte inguru gertatutako gertaerak direla berez, baina, hain masiboak izanik, gaur egun haien grabitazio-uhinak detektatu daitezkeela gurean.

Zulo beltzak zein neutroi-izarrak masa handiko izarrak hiltzean sortzen dira, baina zulo beltzak neutroi-izarrak baino are masiboagoak dira. Detektatutako talka batean, zulo beltzak Eguzkiak baino bederatzi aldiz masa handiagoa zuen eta neutroi-izarrak bi aldiz handiagoa; bestean, zulo beltzak Eguzkiak baino sei aldiz handiagoa eta neutroi-izarrak 1,5 aldiz. Bi kasuetan, zulo beltzak bere sisteman orbitatzen zuen neutroi-izarra irentsi du.

Grabitazio-uhinen uzta

Grabitazio-uhinak espazio-denboraren kurbaduran ematen diren perturbazioak dira, mugimenduan dauden objektu masiboek sortzen dituztenak. 2017an Nobel Saria jaso zutenetik, askotan identifikatu dituzte ikertzaileek zulo beltz biren arteko fusioak eta neutroi-izar biren artekoak; baina inoiz ez zulo beltz eta neutroi-izar baten artekoak.

Esanguratsua da detekzio berria, aspaldi iradoki izan baita zulo beltz eta neutroi-izarrez osatutako sistema binarioak izan litezkeela, baina orain arte ezin izan da halakorik frogatu. Ikerketa berriak, hipotesia baieztatu, eta halako elementu erraldoien sistema binarioek izaten duten eboluzioa ikertzeko balioko du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia