Zientzialarien deia Europako gobernuei, SARS-CoV-2aren intzidentzia txikia izan dadin

2021/01/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Pixabay

SARS-CoV-2 birusaren hedapenak dituen ondorioak aintzat hartuta, intzidentzia metatua ahalik eta txikiena izan dadin estrategia bateratua ezartzeko eskatu die zientzialari-talde batek Europako gobernuei. The Lancet aldizkarian argitaratu zuten eskaera, eta containcovid izeneko webgunea ere sortu dute, deia zabaltzeko eta sinadura gehiago biltzeko.

Azaldu dutenez, COVID-19a ondorio lazgarriak izaten ari da Europan, maila guztietan: osasunean, ekonomian eta gizartean. Alabaina, Europako herrialdeek ez dute elkarrekin erantzun, beharko litzatekeen sendotasunez. Txertoek 2021aren amaierarako birusa kontrolatzen lagunduko dutela uste dute, baina, bitartean, neurri zorrotzak hartu behar direlakoan daude, infekzioak ahalik eta gehien apaltzeko. Izan ere, ebidentzia zientifikoek erakutsi dute, infekzio-kasuak oso txikiak direnean, heriotzak murrizteaz gain, ekonomiak ere hobera egiten duela.

Horrenbestez, Europako herrialdeek elkarrekin lan egitea eskatu dute, helburu honekin: 10 infekzio-kasu berri edo gutxiago egotea, milioi bat biztanleko eta eguneko. Herrialde batek baino gehagok lortu izan du intzidentzia hori une batean edo bestean. Udaberrirako herrialde guztiek maila hori erdiestea izan beharko luke helburua.

Hori lortzeko, adierazi dute neurri eraginkorrak hartu behar direla berehala, elkarrekin koordinatuta. Kasuak jaitsitakoan, gutxienez 300 test egin behar dira milioi bat biztanleko egunean, jarraipen estua egin positiboei, eta, agerraldiak sortutakoan, azkar eta gogor erantzun, prebalentzia berehala jaisteko.

Azpimarratu dute, gainera, garrantzitsua dela epe luzeko ikuspegi bateratua izatea, eta ondo komunikatzea gizarteari intzidentzia txikia izatearen onurak. Izan ere, neurriek arrakasta izateko, ezinbestekoa da herritarren lankidetza. Hala, abantaila ekonomiko eta sozialen komunikazio egokiak herritarren lankidetza erraztuko duela iritzi diote.

Dioenez, COVID-19a kontrolatzea errazagoa izango da etorkizunean. Biztanleria immunizatzeak, proba diagnostikoak egiteak, eta transmisioa prebenitzeko estrategiak hobeto ulertzeak kontrol-lan hori erraztuko dute.

Hala, Europako gobernuei lehenbailehen eskatzen diete helburu komunak adostu ditzatela, beren ahaleginak koordinatu ditzatela eta tokiko egoeretara egokitutako estrategiak gara ditzatela, SARS-CoV-2aren intzidentzia txikia izan dadin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia