Wuhango pneumonia-agerraldiaren jatorria sugeak izan daitezkeela argitu dute

2020/01/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Koronabirus familiako birusak. Arg. CDC/Jabego publikoa

Wuhanen (Txina) gaixotutako pazienteen birusak aztertuta, haren kode genetikoa argitzea lortu zuten lehenik ikertzaileek. Horrela jakin zuten koronabirus bat zela, aurreko urteetan larrialdi globalak  eragin zituzten SARS-CoV eta MERS-CoV koronabirusen familia berekoa. Lehena Txinan identifikatu zuten lehen aldiz, eta bestea Arabian; eta biek pneumonia eta arnas-aparatuko sintomak sortzen dituzte eta hilkortasun-tasa handia dute. Ikertzaileak eta osasun-agintariak beldur dira orain identifikatu duten koronabirusa ere haiek bezain birulentoa izango dela eta izurri bat eragingo duela, ez badira neurri egokiak hartzen.

Hain zuzen, larrialdi-maila eta hartu beharreko neurriak erabakitzen ari da egun hauetan Munduko Osasun Erakundea. Bitartean, ikertzaileek birusa nondik agertu den ikertzen aritu dira. Izan ere, halako birusen jatorrizko ostalariak animaliak izaten dira; haietatik gizakietara jauzi egin, eta gizakitik gizakira kutsatzeko gaitasuna hartuz gero, izurri-arriskua sortzen da.

Bai SARS-CoV bai MERS-CoV koronabirusen kasuan, saguzarrak ziren lehen ostalaria. Haietatik beste animalia batzuetara egokitu, eta haien bidez iritsi zen gizakira. Oraingo kasuan ere ostalaria saguzarrak izan zitezkeela uste zuten, baina Pekingo ikertzaile batzuek argitaratu berri duten ikerketa batek erakutsi du sugeak direla

2019-nCoV deitu diote birus berri horri. Orain, MOEren adierazpenen zain daude osasun-agintariak, prebentzio-neurri egokiak hartu eta pandemia-arriskua saihesteko.

 

Koronabirusei eta pandemiei buruzko informazio gehiago:

Infekzioen globalizazioa, Miren Basaras mikrobiologoaren analisia

1918ko pandemia: ehun urteko itzala, lausoagoa gaur

SARSaren birusaren eta saguzarren arteko lotura aurkitu dute

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia