Elhuyar zientziaren komunikazioa

SARSaren birusaren eta saguzarren arteko lotura aurkitu dute

2013/11/05 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

sarsaren-birusaren-eta-saguzarren-arteko-lotura-au
Txinako ferra-saguzarra, Rhinolophus sinicus, gizakia ere infektatzen duen SARSaren birusaren gordailu naturala izan daitekeela uste dute ikertzaileek. Arg. Dr. Libiao Zhang / Guangdong Entomologia Institutua, Txina Hegoaldeko Mehatxatutako Animalien Institutua

Gizakiarengan ez-ohiko pneumonia eragiten duen birusaren oso antzeko bi aldaera identifikatu dituzte Txinako ferra-saguzarretan Wuhango Birologia Institutuko ikertzaile batzuek gidatutako ikerketan, Nature aldizkarian berri eman dutenez.

SARSa eragiten duen koronabirusaren gordailu naturalak saguzarrak izan zitezkeela aspaldi susmatzen zuten ikertzaileek, baina, orain arte Txinan, Europan eta Afrikan identifikatutako aldaerek ez zuten bat egiten gizakia infektatzen duen aldaeraren ezaugarriekin: zehazki, ezin zuten erabili azken horrek baliatzen duen giza errezeptorea zelulak infektatzeko.

Txinako ferra-saguetan identifikatu dituzten bi aldaerek, aldiz, badute gaitasun hori, eta, horregatik, ikerketaren egileek adierazi dute “saguzarren hipotesiaren” orain arteko froga sendoena dela aurkikuntza.

Birusen laginak saguzarren gorozkietatik jaso dituzte, eta analisi morfologiko eta genetiko bidez identifikatu dituzte bi aldaera berriak. Ikertzaileen esanean, gainera, in vitro egindako atariko probek iradokitzen dute aldaera horiek gaitasuna izango luketela gizakia zuzenean infektatzeko, bitarteko ostalari baten beharrik izan gabe.

SARS birusak eragindako ez-ohiko pneumonia gaitz larria da, eta, pandemia eragiteko gaitasuna du. Horregatik, arreta handiz jarraitzen diote birusaren aldaerei osasun-arduradunek.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia