Ugaztunen arbaso obiparo baten enbrioi fosila aurkitu dute

a. fosilaren argazkia; b. hezurren berregitea 3Dn; c. Sophie Vrard-en irudikapen artistikoa


Lystrosaurusa, ugaztunen arbaso landarejale bat, espezie nagusietako bat bihurtu zen Permiar amaierako iraungipen masiboaren ondoren, duela 252 milioi urte inguru. Orain, nazioarteko talde batek Lystrosaurus enbrioi bat zuen arrautza bati buruzko ikerketa argitaratu du. Aurkikuntzak frogatzen du ugaztun arbasoek arrautzak erruten zituztela (gaur egun ornitorrinkoek eta ekidnek egiten duten bezala), eta lagungarria da argitzeko zergatik izan zuen hainbesteko arrakastea Lystrosaurusak, iraungipenaren ondorengo garai gogorretan.

Lystrosaurus enbrioiaren fosila 2008an aurkitu zuten Karoo arroan (Hegoafrikar Errepublika). Orduan ere susmatzen nuen arrautzaren barruan hil zela, baina ez zuten teknologiarik hori baieztatzeko. Orain, Europako Sinkotroi Erradiazio Laborategiko tomografia-tekniken bidez, fosila aztertzeko aukera izan dute modu ez-inbaditzailean, eta, hala, susmoa zuzena zela berretsi dute.

«iradoki dute espezie horren arrautzak bigunak izango zirela; horrek azaltzen du zergatik den hain ezohikoa aurkikuntza hau»

Beste xehetasun batzuen artean, azaldu dute beheko barailako hezurrak fusionatu gabe zeudela. Horrek frogatzen du banako hura enbrioia zela, fusionatu arte ez zelako gai bere kabuz elikatzeko.

Horrez gain, iradoki dute espezie horren arrautzak bigunak izango zirela; horrek azaltzen du zergatik den hain ezohikoa aurkikuntza hau. Bestalde, uste dute kumeak oso garatuta jaiotzen zirela, eta gai zirela harrapakarietatik ihes egiteko eta bere kabuz bizirauteko. Garapen azkarrak goiz ugaltzen lagunduko zien, gainera. Ikertzaileek ondorioztatu dute hori guztia baldintza gogorrei aurre egiteko (beroa, lehorteak…), eta beste espezieen artean gailentzeko.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali