Homo erectus espeziea eta denisovarrak hibridatu zirela frogatu dute

Homo erectus-aren hortz fosilak. ARG: Qiaomei Fu / Ornoduen Paleontologia eta Paleoantropologia Institutua / Txinako Zientzia Akademia


Txinako Zientzia Akademiako ikertzaileek duela 400.000 urte inguruko Homo erectus espezieko sei banakoren hortzetako esmaltearen proteinak aztertu dituzte, denisovar batenarekin batera. Bi proteinatan jarri dute arreta. Bat Homo erectus guztietan zegoen, eta ez denisovarrean. Horrek erakusten du berariaz erectusena dela. Bestea, berriz, denetan zegoen. Eta Homo sapiens-ak ere badu; ez, ordea, neandertalek, gure gertueneko ahaideek. Hortaz, ikertzaileek ondorioztatu dute proteina hori denisovarretatik iritsi dela sapiensetara, eta, hori baino lehen, denisovarrak eta Homo erectus-ak hibridatu egin zirela.

«Giza espezieen arteko hibridazioen frogarik zaharrena da.»

Giza espezieen arteko hibridazioen frogarik zaharrena da. Hain zuzen, Homo erectus-a izan zen tente eta gure antzera ibiltzeko gai izan zen lehen espeziea. Duela bi milioi urte inguru sortu zen Afrikan, eta handik Asiara eta Ozeaniara hedatu zen. Inguru haietako leku batzuetan duela 100.000 urtera arte iraun zuen. Orain, frogatu dute Asian sortutako beste giza leinu batekin hibridatu zela: denisovarrak. Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, irekian.

Aurrerapen metodologikoari esker

Aldizkarian, erabilitako metodologia azpimarratu dute. Izan ere, orain arte ezinezkoa izan da azterketa paleoproteomikoak egitea Homo erectus-arekin, horrek fosilak suntsitzea eskatzen baitzuen, zati txiki bat baino ez bazen ere. Orain garatu duten metodologiarekin, gai izan dira proteinak erauzteko hortzetako esmaltetik, kalterik egin gabe.

«garatu duten metodologiarekin, gai izan dira proteinak erauzteko hortzetako esmaltetik, kalterik egin gabe»

Bestelakoan, ikerketa baliagarria da beste pieza bat jartzeko giza eboluzioaren puzzlean. Lehendik jakina zen neandertalak eta sapiensak hibridatu zirela, garai eta leku batean baino gehiagotan. Jakina zen baita biak ere denisovarrekin ere nahastu zirela. Eta denek utzi zituzten arrasto genetikoak ondorengoetan.

Horregatik esaten dute eboluzioa ikertzen dutenek giza eboluzioaren mapak ez duela zuhaitz-txura, sastrakarena baizik. Orain, sastraka are gehiago ixten duen beste arrasto bat aurkitu da gure espeziearen genoman, orain arteko aspaldiko espeziearena: Homo erectus-arena, hain zuzen ere.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali