Ugalketa sexuala biologikoki garestia da, hainbat arrazoirengatik. Batetik, bikotekidea topatzeko lehia sortzen du espezie berekoen artean, eta, bestetik, populazioaren erdia bakarrik da gai ondorengoak sortzeko. Ugalketa asexualaren bitartez, berriz, ez dago gorteatze edo halako ekintzaren beharrik, eta banako guztiek sortu ditzakete banako gehiago. Ugalketa sexuala zergatik existitzen den argitzeko, haren abantailak aztertu ditu ikerketa batek.
Ikertzaileek garagar-legamiaren (Saccharomyces cerevisiae) andui bat erabili dute azterketa egiteko. Garagardoa eta ogia egiteko erabiltzen den onddo hori sexualki eta asexualki ugal daiteke, eta, gainera, belaunaldi berriak sortzen ditu 90 minutuz behin. Azken ezaugarri hori bereziki interesgarria izan da ikerketarako, legamia-populazioak 960 belaunaldi izan baitzituen lau hilabetean. Horrek aukera ematen du transmisio genetikoa epe laburrean behatu ahal izateko.
«Ugalketa sexualak fenotipo edo aldaera jeneralistak faboratzen ditu»
Azterketaren hasieran, dozena bat legamia-populazio sortu zituzten, eta denak baldintza idealetan mantendu zituzten. Egoera horretan, populazio guztiak asexualki ugaldu ziren. Gero, orain arte egin gabeko proba bat egin zuten: legamia-populazio batzuk idealak ez ziren baldintzetan jarri zituzten, eta ikusi zuten ugalketa sexuala erabili zuten populazioak hobeto egokitu zirela ingurunera.
Emaitzak ikusita, egileek azaldu dute ugalketa sexualak fenotipo edo aldaera jeneralistak faboratzen dituela, hau da, hainbat baldintzatan egokitzeko eta bizirauteko gai diren banakoak hobesten dituela. Ugalketa asexualaren bitartez, berriz, leinuak baldintza jakin batzuetara egokitzen dira, eta gaitasun txikiagoa dute aldaketei erantzuteko.
Egileek adierazi dute legamietan behatutako prozesu hori sexu bidez ugaltzen diren organismo guztientzat izan daitekeela abantaila. Izan ere, Lurreko bizidun gehienek ingurune aldakorretara moldatu behar izaten dute etengabe.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



