Bihotzak berezko nerbio-sistema bat du

Bihotzeko neurona-mota batek bihotzaren funtzionamendu egokia bermatzen du estres-egoeretan.

Bihotzeko neuronek organo osoko ehunaren % 0,01 hartzen dute soilik. ARG.: Bianca Van Dijk/Pixabay


Bihotz-taupaden konpasa burmuinak eramaten du, baina ez da arduradun bakarra. Bihotzean saretutako nerbio-sistema berezi batek ere garrantzi handia du lan horretan. Yale Unibertsitateak gidatutako azterketa batek sistema konplexu horren funtzionamendua argitzeko lehen pausuak eman ditu saguetan, eta bihotzeko neurona guztiak berdinak diren ustea ezeztatu du.

Bihotzeko nerbio-sistema intrintsekoa bihotza inguratzen duen gantz-geruzan txertatuta dago. Bertako neuronek seinaleak trukatzen dituzte beren artean eta burmuinarekin, eta zelula horiek dira bihotzaren funtzioaren arduradunak. Alabaina, bihotzeko neuronak oso ezohikoak dira; bihotzeko ehunaren % 0,01 hartzen dute soilik. Horregatik, oraindik ez dira ongi ezagutzen zelula horien funtzio zehatzak.

«Nerbio-sistemako eremu periferikoek seinaleak jaso eta bidali baino askoz gehiago egiten dute»

Egileek saguetan aztertu zituzten bihotzeko neuronak, eta zelula horien bi azpitalde identifikatu zituzten. Ohartu ziren lehenengo azpitaldeko neuronak beharrezkoak zirela bihotzak taupaka jarraitzeko. Bigarren azpitaldearen funtzioa, berriz, ez zen hain agerikoa. Hainbat probaren ostean, ondorioztatu zuten bigarren neurona-mota horiek gabe bihotza zaurgarriagoa zela estresaren aurrean. Neurona horiek gabe, saguen bi heren hil egin zen estres-egoera batean, eta ez zen heriotza bat bera ere gertatu egoera berean neurona horiek bazituzten saguetan.

Egileek adierazi dute oso garrantzitsua dela bihotzeko neurona horien funtzioa ongi ezagutzea, bihotzeko nerbio-sistema intrintsekoak lotura baitu hainbat gaixotasunekin, hala nola miokardioko infartuarekin, bihotz-gutxiegitasunarekin edota arritmiarekin.

Oraindik argitzeke dago emaitzak gizakiotara estrapola daitezkeen, baina ikertzaileek diote bi sistemen artean paralelotasunak egongo direla. Aurkikuntzak nabarmendu du burmuineko neurona-sareen eta gainontzeko organoetako neurona-sareen artean interdependentzia dagoela, eta argi utzi du nerbio-sistemako eremu periferikoek seinaleak jaso eta bidali baino askoz gehiago egiten dutela.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna