Obesitateak arrasto iraunkor bat uzten dut immunitate-sistemako T zelula laguntzaileetan. Eta arrasto horrek iraun egiten du pisua galdu ondoren ere, 5-10 urtez. Ikerketaren egileek ondorioztatu dute litekeena dela, horren ondorioz, obesitatearekin lotutako gaixotasun batzuk izateko arriskuak bere horretan jarraitzea urte horietan.
Ikertzaileek frogatu dute obesitatea duten pertsonen T zelula laguntzaileak (CD4+ linfozitoak) DNAren metilazio-prozesu baten bidez markatuta gelditzen direla. Eta ikusi dute horrek zelula immunitario horien funtzionamenduari eragiten diola. Zehazki, aurkitu dute bi prozesu nagusi kaltetzen dituela: autofagia, hau da, zelulek hondakinak ezabatzeko erabiltzen duten mekanismoa, eta seneszentzia immunologikoa, sistema immunologikoaren zahartze goiztiarra.
Ondorioz, ikertzaileek uste dute pisua galtzeak ez duela berehala murrizten obesitateari lotutako zenbait gaixotasunen arriskua. Baina, galeraren ondoren pisuari eutsiz gero, obesitatearen memoria hori poliki-poliki desagertuz joango dela. T zeluletan obesitateak dituen eraginak guztiz leheneratzeko zenbat denbora behar den jakiteko ikerketa gehiago behar dela argitu dute.
Bitartean, ikertzaileek tratamendu berriak bilatzeko baliatu nahi dute aurkikuntza hau. DNAren metilazioaren eragina konpentsatu eta sistema immunologikoaren funtzionamendua berreskuratu dezaketen tratamenduak bilatu nahi dituzte, pisua galtzeko tratamenduekin batera erabili ahal izateko.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia



