}

Nork behar du eguzkia?

2002/06/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Badator uda, eta bati baino gehiagori beltzaran egoteko gogo bizia sartzen zaio. Orduan, han doa korrika eta presaka eguzkipean jartzera! Nahi den kolorea lortzea, ordea, ez da egun bateko kontua, eta azkarrago beltzarantzekotan krema babeslerik erabiltzen ez bada, berriz, oso litekeena da erretzea. Nola saihestu arazo horiek guztiak? Erantzuna eskura duzu: berez belzten duten kremen bidez.
Arraza jakin batzuek melanina gehiago dute horregatik denbora gehiago egon daitezke eguzkitan erre gabe.

1920ko hamarkadan Coco Chanelek larruazal beltzarana modan jarri zuenean, ez zuen eguzkiaren eta larruazaleko minbizien arteko loturaren arrastorik. Izatez, moda hori jaio eta eguzkiaren arriskuak frogatu zirenerako urte dezente pasatu ziren. 1960-1970eko hamarkadetan jendea larruazala txokolate-kolorekoa izaten saiatzen zen, eta gerora ikusi ziren horren ondorioak: 1980ko hamarkadan izugarri hazi ziren larruazaleko minbizi-kasuak. Horrekin batera, eguzki-izpien eraginei buruzko ikerketa asko egin ziren eta, besteak beste, UVB izpiak larruazaleko zelulen DNA aldatzeko gai zirela frogatu zen.

Izan ere, larruazalak baditu eguzkiari aurre egiteko sistemak. Eguzki-izpietatik babesteko sistema eraginkorrena melanina ekoiztea da. Eguzkia hartzean melanina-ekoizpena areagotu egiten da, eta horregatik, hain juxtu, sortzen da kolore beltzarana. Baina melaninaren eginkizuna ez da larruazalari kolore polita ematea, baizik eta eguzkitik babestea. Horrela, berez melanina gehiago dutenek (gehien dutenetik hasita, arraza beltzekoek, indioek eta mediterraniarrek, hurrenez hurren) denbora gehiago pasa dezakete eguzkitan erre gabe.

Eguzkia onuragarria da D bitamina ekoizten laguntzen digulako, babes sistema indartzen eta bizi poza ematen duelako.

Melaninaren babesa, ordea, ez da nahikoa eguzkitan denbora asko pasatu nahi bada, eta kontuan hartu behar da, baita ere, eguzki-izpien kalteak metatu egiten direla. Hori guztia dela eta, urtero-urtero, uda hastera doanean, eguzkipean jartzean hartu beharreko neurri-sorta gogorarazten dute sendagileek

eguerdian eta arratsaldeko lehenengo orduetan, hobe itzaletan; bakoitzaren larruazalari dagokion krema babeslea eman; ondo hidratatu; umeak bereziki babestu...

Kontua da gero eta gehiagok egiten diotela ihes eguzkiarekiko morrontzari. Hala ere, larruazala belztu gabe ez dute etsi nahi eta, orduan, ezin aproposagoak dira eguzkirik gabe larruazala beltzarantzen duten produktuak. Horiei esker gustuko kolorea lortzen da, eta, bide batez, larruazalak ez du inolako kalterik jasaten.

Coppertone kosmetika-etxearen aspaldiko iragarkia.

Berez belzten duten krema edo spray horiek ez dira gaur goizeko kontua. Era horretako lehenengo produktua 1960an aurkeztu zuen Coppertone eguzkirako kosmetika-etxe ezagunak, baina oso kolore laranja ematen zion larruazalari. Gaur egungo produktuen bidez, ordea, askoz ere kolore naturalagoa lortzen da, eta nahikoak dira 45 edo 60 minutu nahi den kolorea antzematen hasteko.

Produktu horien sekretua dihidroxiazetona (DHA) molekulan datza. DHAk ez du kolorerik, baina larruazalaren kanpoko geruzaren zeluletara lotzean eta airearekin kontaktuan oxidatu egiten da, eta kolore marroixka hartzen du (gutxi gorabehera burdina herdoiltzen denean bezala). Zenbat eta DHA gehiago eduki kremak, orduan eta beltzagoa jarriko da larruazala. Gainera, larruazalaren gaineko geruza hildako zelulez osatua dagoenez, ez da inolako kalterik sortzen. Hori bai: egunez egun zelula horiek eroriz joaten dira (35-45 egunetan geruza osoa ordezkatzen da), eta, zelulekin batera, kolorea ere desagertu egiten da. Horregatik, hiru egunetik behin krema berriro ematea gomendatzen dute. Bestetik, horrela belztutakoek kontuan izan behar dute beltzaran egon arren lehen bezain melanina gutxi dutela; horregatik, eguzkipean jartzean, berdin-berdin hartu behar dituzte babes-neurriak.

Bestelako aukerak: solariumak eta pilulak

Belzteko kremez gain, badira eguzkirik gabe beltzarantzeko beste metodo batzuk. Errazena larruazala tindatzea da. Koloreztatutako kremen eragina berehala antzematen da eta uraz eta xaboi pixka batez aise kentzen dira. Produktu horiek makillajearen antzekoak dira, eta hauts, krema edo lozio gisan saltzen dira. Dena dela, ez dira gehiegi erabiltzen, agian Euskal Herrian edozein momentutan euria egiten duelako edota izerdiarekin kolorea galtzeko arriskua dagoelako.

Solariumek, berriz, arrakasta handi samarra dute. Solariumek izpi ultramoreak igortzen dituzte, eta, beraz, eguzkitan egotearen antzekoa da. Lehenengo solariumekin alderatuta, gaur egungoak seguruagoak dira. Izan ere, eguzkiak igortzen dituen ultramoreetatik kaltegarrienak UVB izpiak dira, minbizia sorraraz dezaketelako. Horregatik, solariumetan UVA izpiak bakarrik erabiltzen dira. Hala eta guztiz ere, UVA izpiek larruazalaren egitura kaltetzen dute; hortaz, larruazala garaia baino lehen zahartzen da eta zimurrak azaltzen dira. Horregatik, eguzkitan hartzen diren neurri berberak hartu behar dira solariumean; hau da, norberaren larruazalari dagokion babes-faktoredun eguzkitarako kremak erabili, begiak babestu...

Eta denerako pilulak dauden garaiotan, badira eguzkiaren beharrik izan gabe beltzarantzeko pilulak (nola ez!). Pilula horiek kantaxantina dute, laranja-koloreko karotenoide bat, eta dezenteko arrakasta izan zuten duela urte batzuk. Oso dosi txikietan, kantaxantina janari batzuk koloreztatzeko erabiltzen da elikagaien industrian eta, adibidez, hainbat oilasko-haztegitan hegaztiei ematen zaie pentsuan, haragi horixka izan dezaten. Oilaskoetan duen eragin bera du gizakietan; beraz, dosi handiak hartuz gero, larruazalak kolore laranja-beltzarana hartzen du. Okerrena da larruazalean bezala beste organo batzuetan ere pilatzen dela: gibela, garuna, begiak... Hori dela eta, oso albo-ondorio larriak eragin ditzakete pilula horiek, hasi hepatitisetik eta erretinaren gaixotasuneraino.

Finean, argi gelditzen da belztearekin batera larruazala kaltetzeko ez dagoela eguzkiaren beharrik. Eta hain gustura hartzen dira batzuetan eguzki goxoaren laztanak...

Eguzkiaren onurak

Azkenaldian, eguzkiak sortzen dituen kalteak hainbeste aipatzen direla eta, badirudi ahaztu egin direla eguzkia hartzearen alde onak. Esate baterako, larruazalean D bitaminaren sintesia eragiten du, sistema immunea indartzen du, odol-zirkulazioa bizkortzen du, erreuma hobetzen du, hormona sexualen kopurua igoarazten du eta eragin onuragarria du psoriasian eta larruazalaren beste gaixotasun batzuetan. Horretaz gain, depresioak arintzen laguntzen du; hain zuzen, negu luzeak eta eguzki-ordu gutxi dituzten herrialdeetan eguzki-ezak depresioa, narritadura, nekea, insomnioa eta suizidiorako joera areagotzen dituela ikusi da.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia