Adituek osasun publikoko arazotzat jo dute urte askoan pestizidek eragindako giza intoxikazioa. 1990. urterako Munduko Osasun Erakundeak estimatua zuen urtean milioi bat intoxikazio gertatzen zirela mundu osoan pestiziden eraginez. Pesticide Action Network erakundeak enkargatutako ikerketa batek zenbakiak eguneratu nahi izan ditu.
«Urtean 402-433 milioi inguru intoxikazio akzidental gertatzen dira»
2006-2023 epean argitaratutako zientzia-argitalpenen berrikuspen bat egin dute, Munduko Osasun Erakundearen hilkortasun-datuekin osatuta. Guztira, 139 herrialdetako datuak bildu dituzte, eta atzeman dute urtero 369.632 intoxikazio-kasu egon direla; horien artean, 9.182 heriotza. Datu horiekin, estimatu dute urtean 402-433 milioi inguru intoxikazio akzidental gertatzen direla munduan, eta horietatik 11.000 intoxikaziok heriotza eragiten dutela.
Egileek kalkulatu dute munduan 934 milioi lagun bizi direla nekazaritzatik eta, beraz, nekazarien % 46k pestizidek eragindako pozoitzeak jasaten dituela urtero. Intoxikazio ez-hilgarrien kopuru handiena Asia hegoaldean eta hego-ekialdean eta Afrika mendebaldean gertatzen da.
«Egileek berehalako neurriak eskatu dituzte arrisku handiko pestiziden erabilera gradualki kentzeko»
Azken urteetan pestizida arriskutsuen erabilera murrizteko ahaleginak egin diren arren, azterketak ondorioztatu du substantzia horien erabilerak gora egiten jarraitu duela. 2023an, esaterako, 3,8 milioi tona pestizida erabili ziren munduan, 1990 urtean erabili zenaren bikoitza.
Horren bueltan egin den azterketa sendoena den arren, egileek diote pestizidek eragindako pozoitzeen inguruko informazioa urria dela, eta mundu mailako bigilantzia-protokolo estandarizatuak eskatu dituzte intoxikazioen inguruko datuak fidagarriak eta alderagarriak izan daitezen. Gainera, berehalako neurriak eskatu dituzte arrisku handiko pestiziden erabilera gradualki kentzeko.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



