Airearen kutsaduraz hitz egiten dugunean, gehienetan birikak eta bihotza etortzen zaizkigu burura. Aspaldidanik dakigu aire kutsatua arnasteak arnas aparatuan eta zirkulazio-aparatuan kalteak eragiten dituela, eta heriotza goiztiarraren arriskuarekin lotuta dagoela. Azken urteotan, ordea, beste galdera bat ari da plazaratzen, gero eta indar handiagoz: zer eragin du aire-kutsadurak gure burmuinean eta osasun mentalean?
Depresioa eta antsietatea dira gaur egun osasun mentaleko arazo ohikoenetako bi. Mundu osoan ehunka milioi pertsonari eragiten diete, eta gero eta presentzia handiagoa dute gizarte modernoetan. Faktore biologikoek, sozialek eta psikologikoek paper garrantzitsua dute, baina azkenaldian arreta berezia jartzen ari dira ingurumen-faktoreetan, bereziki aire-kutsaduran.
Zer da airearen kutsadura, eta zergatik izan daiteke arazo bat burmuinarentzat?
Airearen kutsadura partikula eta gasen nahasketa konplexu batek eragiten du. Hiriguneetan ohikoenak partikula finak (PM2.5 eta PM10), nitrogeno dioxidoa (NO₂) eta karbono beltza dira; gehienak erregai fosilen errekuntzatik datoz, batez ere ibilgailuen trafikotik.
Hirietako aire-kutsatzaile nagusien ezaugarriak.
Partikula txikienak —PM2.5 deritzenak— bereziki kezkagarriak dira, biriketako hesiak zeharkatzeko eta odol-zirkulaziora iristeko gaitasun handiagoa dutelako. Handik, hainbat mekanismoren bidez, burmuinean hantura, estres oxidatiboa eta neurotrasmisoreen desoreka eragin ditzaketela iradoki dute ikerketek. Mekanismo horiek, hain zuzen ere, depresioarekin eta antsietatearekin lotuta daude. Beste kutsatzaile batzuek, hala nola PM10 partikulek edo NO₂ eta beste gas batzuek, biriketatik harago ere eragin dezakete, beste mekanismo batzuen bidez.
Hirietako aireko kutsadurak pertsonen osasunean duen eragina.
Ebidentzia sakabanatua, galdera asko
Azken hamarkadan, aireko kutsaduraren eta osasun mentalaren arteko harremana aztertzen duten ikerketa ugari argitaratu dira. Batzuek depresio- edo antsietate-arrisku handiagoa aurkitu dute kutsadura handiagoa dagoen eremuetan; beste batzuek, ordea, emaitza apalagoak edo zalantzazkoak eman dituzte. Gainera, ikerketa horiek oso desberdinak izan dira: populazioak, kutsatzaileak, esposizio-denborak eta neurketa-metodoak askotarikoak izan dira. Horregatik, beharrezkoa zen ikuspegi orokor bat, ebidentzia guztia batera aztertuko zuena.
Hirietako aire-kutsadurak pertsonen osasunean duen eragina ulertzeko kontuan hartu beharreko ezaugarriak.
81 ikerketaren emaitzak, puzzlea osatzen
Azken urteetan egindako berrikuspen sistematiko eta metaanalisi batek 2025eko martxora arte argitaratutako 81 ikerketa bildu ditu, helduen populazioan aireko kutsaduraren eta depresioaren zein antsietatearen arteko lotura aztertzeko. Ikerketa horietan hirietako kutsatzaile nagusiak hartu dira kontuan (PM2.5, PM10, NO₂ eta karbono beltza), eta epe laburreko (egun edo aste gutxikoak) eta epe luzeko (hilabete edo urteetakoak) esposizioak bereizi dira.
Emaitzek irudi nahiko koherentea erakusten dute:
zenbat eta handiagoa izan aire-kutsadurarekiko esposizioa, orduan eta handiagoa da depresioa eta antsietatea izateko arriskua, bai epe laburrean bai epe luzean. Lotura sendoenak epe luzeko esposizioetan ikusi dira. Bereziki, PM2.5 partikulek erakutsi dute loturarik sendoena antsietatearekin, eta PM2.5-ek zein karbono beltzak depresioarekin. Epe laburreko esposizioak ere badu eragina, nahiz eta txikiagoa izan: kutsadura-gorakadek depresioaren eta antsietatearen sintomak areagotu ditzaketela iradokitzen dute datuek.
Airearen kutsadurak pertsonen osasunean duen eragina ikertzeko metodologia.
Zer esan nahi dute emaitza hauek (eta zer ez)?
Garrantzitsua da argi izatea ikerketa hauek ez dutela kausalitatea frogatzen. Hau da, ezin da esan aireko kutsadurak zuzenean depresioa edo antsietatea “eragiten” duenik. Gainera, ikerketen artean heterogeneotasun handia dago, eta zenbait kasutan ebidentziaren ziurgabetasuna handia da, bereziki karbono beltzaren inguruan.
Hala ere, emaitzen norabidea oso antzekoa da kutsatzaile guztietan eta azterketa-mota ezberdinetan, eta horrek iradokitzen du aireko kutsadura ingurumen-arrisku faktore garrantzitsua izan daitekeela osasun mentalerako.
Ingurumen-politika, osasun mentalaren aliatua?
Ondorio nagusietako bat da airearen kutsadura faktore aldagarria dela. Ezin ditugu gure geneak aldatu, baina bai trafiko-ereduak, hiri-antolamendua edo energia-iturriak. Airearen kalitatea hobetzeko neurriak —ibilgailu kutsatzaileak murriztea, garraio publikoa indartzea, hirigune berdeagoak sortzea— ez lirateke soilik bihotz- eta arnas-osasunerako onuragarriak izango: baliteke osasun mentalerako ere lagungarriak izatea.
Ikerketa gehiago behar dira, batez ere epe luzeko jarraipen-azterketak, mekanismo biologikoak hobeto ulertzeko eta pertsona kalteberenak identifikatzeko, baina gaur egun eskuragarri dugun ebidentziak mezu argi bat uzten du: arnasten dugun aireak, neurri batean behintzat, izan dezake zerikusia pentsatzen eta sentitzen dugunarekin.
Erreferentziak
Bereziartua, A., Jimeno-Romero, A., Subiza-Pérez, M., & Lertxundi, A. (2026). Effects of environmental air pollution on anxiety and depression in adults: an updated systematic review and meta-analysis. Environmental Research, 293, 123738. https://doi.org/10.1016/j.envres.2026.123738
Gimeno-Ferrer, F., Porschen, L. T., Matthes, F., Gohlsch, K., & Meissner, A. (2026). Airborne particulates and brain health: The role of PM 2.5 in blood-brain-barrier dysfunction. Journal of Cerebral Blood Flow & Metabolism, 46(5), 1025–1042. https://doi.org/10.1177/0271678x261418925
Exposure to pollution linked to depression, anxiety and other mental health issues. (2026, March 3). Press Releases | European Environment Agency (EEA). https://www.eea.europa.eu/en/newsroom/news/exposure-to-pollution-linked-to-depression-anxiety-and-other-mental-health-issues
Ainhoa Bereziartua Aranzabal
Biomedikuntzan lizentziaua



