Elhuyar zientziaren komunikazioa

Minbiziaz solasean

1988/06/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea | Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Donostiako Institutu Onkologikoa ezaguna da onkologiaren arloan egiten ari den lan handia dela eta. Eranskin honetan bertan, Institutuaren historiari buruz zehaztasun argigarriak ematen dizkigu Irigarai doktoreak. Guk gaur eguneko egoeraren berri izateko Jesus Mª Karrera eta Lurdes Aritziturri medikuengana eta Mari Jose Perez erizainburuarengana jo dugu.

Jesus Mª Karrera eta Lurdes Aritziturri.
I.X.I.
Elhuyar- Zein aurrerabide somatu da minbiziaren tratamenduan?

Erantzuna- Minbiziaren tratamenduan zein aurrerabide ikusten diren esatea ez da kuestio sinplea. Adibidez, minbiziak ez du kausa bakarra. Aurrerabideak alderdi desberdinetatik ikusi beharko lirateke; epidemiologia eta prebentzioaren ikuspegitik esaterako.

Zer egiten du Onkologikoak prebentzio-mailan? Prebentzio-mailan alde batetik presentzia edo informazio moduan, irratietan saio batzuk egiten ditu. Bestetik prentsan ezin du presentzia handia izan; hau ospitalea bait da eta ez egunkaria. Informazioa askotan nahi bezala ezin dugula banatu ikusten dugu, baina hori gure eskuetatik kanpo dago. Triptiko moduko liburuska bat daukagu egina prebentzioa bultzatzeko eta baita diagnostiko goiztiarra errazteko ere.

EEBBetan minbizien %50 sendatzen da gutxi gorabehera. Gure artean %35ean dago maila. %15eko alde hori prebentzio-lan egokia eginez kendu daiteke zailtasun handirik gabe.

Elhuyar- Diagnostiko goiztiarraz zer egiten duzue?

Erantzuna- Diagnostiko goiztiarrak Onkologikoak bakarrik egiten ditu, emakumezkoetan batez ere. Bularreko minbizia eta ginekologiari buruzko minbizienak alegia. Ginekologi mailan Papanikolau-ren testa eta zitologia egiten dira eta bular-minbiziari buruz miaketa eta gero mamografia.

Zesio bidezko tratamenduan erabilitako tresna.
I.X.I.

Termografiak eta, normalean ez dira egiten. Baztertua dago teknika hau. Normalean miaketak egiten dira eta gero pertsona segun zein adinetakoa den, mamografia bat eskatzen zaio eta xerografia. Xero-mamografia gutxitan. Gero zitologia ere bai, baina screening edo despistaje bezala. Miaketa eta mamografia dira gehienbat erabiltzen direnak.

Elhuyar- Gizonezkoekin zein arlotan egiten duzue diagnostiko goiztiarra?

Erantzuna- Gizonezkoetan egiten ari garena zera da: otorrino-mailan (laringea) eta liseri-aparatu mailan (ondestea). Gaur egun diagnostikorako hemokultiboa eta hemorragi testa erabiltzen dira batez ere.

Bestalde diagnostiko-mailan gaur egun asko erabiltzen diren teknikak scannerra eta erresonantzia magnetiko nuklearra dira. Guk horrelako tresnarik ez dugu Institutu Onkologikoan, Gipuzkoan beste zentru batzuetan badaudenez beharrezkoa ez delako. Scanner baten beharra daukagunean, gaixoa Erresidentziara eramaten dugu eta han egiten diote scannerra. Teknika hauek tumoreak zein tamaina hartu duen ikusteko erabiltzen dira. Guk normalean ekografia eta erradiografia erabiltzen ditugu zeregin honetarako. Medikuntza nuklearraren arloan gammagrafia egiten dugu.

Azken aldi honetan asko garatu den teknika bat antigorputz monoklonalena da. Bi erabilpen dauka honek: bata diagnostiko-mailan tumorea identifikatzeko gai direlako eta bigarrena tratamendu-mailan. Azken alderdi hau ez dago oraindik oso aurreratua. Antigorputz monoklonalen bidez botika sartzen da gorputzera eta horrela tumorea dagoen tokiraino zuzen-zuzenean eramaten da. Honelako tratamendu batek abantaila nabariak ditu, zuzena eta espezifikoa delako. Botikak ez du gorputz osoan buelta egin behar tumoreraino iristeko. Antigorputz monoklonalei esker zuzen-zuzenean behar den tokiraino joango da.

Diagnostikorako erabiltzen dugun beste teknika bat, markadoreena da. Markadoreak gaitzak gorputzean sortzen dituen substantziak dira eta tumoreen presentzia adierazten dute. Ez dira oso espezifikoak eta ez dute zein tumore den esateko adinako sentikortasunik. Odol-analisien bidez identifikatzen dira.

Elhuyar- Tratamenduari buruz zer esan dezakezue?

Mikroskopio elektronikoa.
I.X.I.

Erantzuna- Guk gehien bat kirurgi mailan egiten dugu lan. Kirurgia kontserbakorra edo ez-mutilatzaile izeneko hori egiten dugu. Mastektomietan adibidez, garai bateko joera bular osoa erauztea zen (hemen hori egin izan dugu), baina egungo joera bularra ahalik eta gehiena mantentzea da. Mastektomia egin beharrean tumorea bakarrik kentzen saiatzen gara. Gero, iridio erradioaktibozko orratzak tumorea zegoen tokiaren inguruan jartzen dira.

Tumorea segun eta nolakoa den —zer tamaina duen, noraino sartua dagoen—, karga bat ematen zaio iridioari. Orratz hauek egun batzuetan, hiru egunetan esate baterako, inplantatuta egoten dira. Oso teknika egokia da eragin lokala bakarrik duelako. Bularretatik aparte ezpain, mihi eta masaileko lesioetan ere erabiltzen dira orratz hauek.

Edonola ere, tumorea erauzi behar denean ez da bular osoa kentzen eta gainera ebakuntza berean protesia, silikona kasu honetan, ere jartzen zaio.

Tratamenduan erabiltzen den beste teknika bat, kirurgia eta erradioterapia da; erradioterapia interoperatorioa alegia. Kirofanoan gaixoaren gorputza irekita dagoenean, bera hartu eta erradiologi zerbitzura eramaten da. Han Betatroiaren bidez behar duen dosia eman eta buelta berriz kirofanora ixteko.

Elhuyar- Erradioterapia interoperatorioa noiz egiten da?

Erantzuna- Lehendabizi kirofanora sartzen da, eta gaitza ebakuntzaren bidez ken daitekeen ala ez ikusten da. Askotan hori egiterik ez dago eta orduan erradioterapiara eramaten da eta azkenik kirofanora itzultzen da ebakuntza bukatzera. Adibide bat jartzeagatik, garuneko tumore baten kasua har dezagun. Gaixoa ireki eta tumoreak lokalizazio txarra duela ikusten duzu. Orduan Betatroia aplikatzen diozu tumorea kentzeko.

Betatroia.
I.X.I.

Aipatu dugun hau kirurgia da, baina erradioterapiaren arloan badaude tratamendu-sesioak. Betatroia garrantzitsua da, teknika aldetik hobea delako. Garai batean erradioa erabiltzen zen. Gaur egun zunda batez egiten da; saioak kanpotik aplikatzen dira. Ez dago han inplanteak egin beharrik eta erradio-orratzik jarri beharrik. Gaixoarentzat erosogoa da.

Elhuyar- Tratamenduak laserraz ere egiten dituzuela entzun dugu.

Erantzuna- Laserra, ginekologi eta otorrino-mailan erabiltzen dugu batez ere. Ginekologi mailan, tumorea txikia baldin bada laserraz lurrinketa egiten da. Laserrak ez du operatzen. Zera, puntu batzuk hartzen ditu eta hango ehunak lurrindu egiten ditu eta han dagoen zauria senda daiteke.

Otorrino-mailan ere erabiltzen da, baina oraingoz otorrino-mailan ezin daiteke esan tumoreen aurka erabiltzen denik esan. Laserrak tumoreen aurka eragina duenik ez dago oraindik frogaturik. Arazoak daudenean, butxadurak eta antzekoak, gehiago irekitzeko, zabaltzeko, erabiltzen da.

Tratamenduan aipatu beharreko azken puntua inmunoterapia da, hots, gorputzak berak sortzen dituen baliabideak erabiltzea. Gorputzak gaitzari aurre egiteko substantzia batzuk sortzen ditu. Gure lana substantzia horiek indartzea izango litzateke; gorputzeko zelula batzuk atera, haiek manipulatu eta berriro gorputzera sartu. Etxe honetan horrelakorik ez da egiten ikerketa basikorik egiten ez dugulako; guk tratamendu klinikoa egiten dugu. Ikerketa basikoan aritzeko beharrezkoa den egiturarik ez daukagu. Inmunoterapiaren arazo hau hala ere, ikerketa-mailan dago oraindik.

Elhuyar- Zesioaren bidezko tratamendua zer den azalduko al diguzue?

Mª Jose Perez.
I.X.I.

Erantzuna- Zunda batez eta kanpotik egiten da. Zesioa material erradioaktiboa da eta honen bitartez irradiazio intrakabitarioan erabiltzen da. Hemen afterloading aparatua dugu. Honi esker material erradioaktiboa aplikatzen denean, ez dago gure esku artean. Aplikazio modu honi hotzetakoa esaten zaio. Barruan dagoenean urrutitik eta kontrol baten bidez martxan jartzen da aparatoa. Orduan zunda sartzen da noski. Erradiazio intrakabitarioa zer den jakiteko, gogoan eduki behar da iturri erradioaktiboa barruan, barrunbe natural batean, sartzen dela. Irradiazioa hortxe bertan oso handia da, baina hortik zentimetro gutxitara ia ez dago ezer. Efektu lokala du.

Elhuyar- Eta nola sartzen duzue zunda?

Erantzuna- Umetoki barruan sartu behar denean zabaldu egin behar da eta Hegar-en tutua erabiliaz 9raino zabaltzen da. Gero zunda sartzen da. Beste zunda batzuk ere sartzen dira: bata maskurian eta bestea ondestean. Hirurak desberdinak dira eta batera erabiltzen dira. Maskurian eta ondestean daudenak zer irradiazio iristen den neurtzeko dira, zeren eta maila batera iritsiz gero fistula seguru izango bait dugu. Bat tratatzeko da eta besteak kontrolatzeko.

Jeneralean tratamenduak konbinatuak izaten dira: batetik erradioterapia kanpotik ematen zaie eta bestetik barrutik egiten dena dago. Aplikazio hauek astean behin egiten dira. Nahikoa aplikazio luzeak izaten dira kanpo-erradioterapiekin konparatuz: 20-25 minutu inguru irauten du. Aplikatzen oso erraza da guretzat; oso erosoa da. Oraingoz ez dugu fistularik izan. Gaixoarentzat ere nahikoa erosoa da, bizimodu normala egin dezakeelako.

Lehen zesioa erabili ordez radioa erabiltzen zen. Desabantaila nabariak zituen radioak: eraginkortasun berdina izateko denbora gehiago eduki behar zen barnean, gainera maskurian eta ondestean ez zen kontrolik egiten eta gaixoak isolaturik egon behar duenez denbora luzez bakarrik egon behar izatea jasangaitza gertatzen zitzaion. Hilkortasuna asko jaitsi da zesioa erabiliz.

Elhuyar- Minbiziaren kontrako txertorik posible izango al da?

Erantzuna- Nik uste dudanez, minbiziaren aurkako txertorik ez da izango. Inmunoterapia aldetik zerbait egin liteke akaso. Adibidez linfozito batzuk hartu, haiek nolabait manipulatu eta haiekin txertoak egiten duen lan bera egitea lortu. Gainera minbizi-mota mordoa dago.

Elhuyar- Bukatzeko zerbait gehiago esan nahi al duzue?

Gammakamera.
I.X.I.

Erantzuna- Bai. Laserraren bidezko tratamenduari buruz zerbait erantsi nahi nuke. Gaur egun tratamendu alternatibo bat da: lehen umetoki-lepoko displasia horietan konizazioa egiten zen. Teknika honek ondorio txar bat izaten du: jeneralean haurdunaldietan abortoak errazago izatea. Gaur egun laserra erabiltzen dugu konizazioaren ordez. Konizazioa egiten da, baina kauterizatzean laserra erabiltzen da, ez elektrokauterioa. Desegin edo desagertu egiten da ehun koniko bat eta horregatik konizazio deitzen zaio; eta hilabete batera lepo hori lehen bezalaxe dago. Badaramatzagu bi urte honetan, eta orain arte nahikoa emaitza onekin.

Berriro egin behar izan dugu, baina ez jeneralean displasietan; baizik eta kondilomatan errepikatu tratamendua eta gainera ez dago oztoporik tratamendua errepikatzeko. Tratamendua anbulatorioki egiten da eta ez du anestesiaren beharrik. Lehen, adib., displasia arinak ez ziren tratatzen. Gerta zitekeen gainera displasia horiek berez atzera egitea (erregresio bat gertatzea) eta teknika, konizizioa, oso agresiboa zenez ez zen erabiltzen. Gaur egun, displasia arinak edo lebeak ere tratatu egiten dira, laser bidezko kauterizazioarekin teknikak askoz ere arrisku gutxiago duelako.

Kimioterapiaz eginiko tratamenduetan, bada aipatu ez dugun berrikuntza bat: port-a-cath esaten zaio. Tresna txiki bat izaten da, kirurgiaz azal azpian jartzen dena, eta botikak injekzioz jartzeko erabiltzen da. Honela gaixoaren bena bilatu behar izatea baztertzen da eta minak eta ondoezak murriztu egiten dira. Botika, mintz bat duen tresna horretan injektatzen da eta tresna gorputzean sakabanatzeaz, hedatzeaz, arduratzen da. Kanpotik gaixoari bulto txiki bat besterik ez zaio somatzen.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia