Elhuyar zientziaren komunikazioa

Marrubiak garaile

2001/01/08 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Frutek propietate antioxidatzaileak dituztela jakina da, baina elkarren artean alderatuz gero marrubia da mesedegarriena, laranja eta mahatsa baino gehiago.

Estatu Batuetako ikerlariek alez ale neurtu dute 12 frutaren ahalmen antioxidatzailea eta urrezko domina marrubiari dagokiola azaldu dute. Marrubiek beste frutek baino C bitamina, E bitamina eta ß-karoteno gehiago du eta, hain juxtu, horiek dira jarduera antioxidatzaile handien duten hiru konposatuak. Marrubiaren ahalmen antioxidatzailea arana, laranja eta mahatsarena halako bi da, kiwia eta pomeloarena halako hiru, sagarra eta tomatearena halako zazpi eta udarea eta meloiarena halako hamabost.

Antioxidatzaileak erradikal askeen kalteak eragozteko erabiltzen ditu giza organismoak, haiek harrapatzeko eta zelulak osatzeko, alegia. Gorputzeko molekulak egonkorrak dira oro har, hau da, elektroiak bikotetan bilduta dituzte eta orekan. Elektroi-bikoteak apurtzen direnean erradikal askeak sortzen dira eta segidan zelulak suntsitzen dituen kate-erreakzioa hasten da. Erradikal askeak bakterio eta birusen kontra baliagarriak dira, eta ekoizpena handiegia denean bihurtzen dira norberarentzat arriskutsu.

Gehiegizko produkzioa tabakoak, poluzioak eta kolesterol-mota batzuen kantitate handiek eragin ohi dute eta haiengandik babesteko gorputzak antioxidatzaileak ekoizten ditu. Antioxidatzaileek erradikal askeak neutralizatzen dituzte eta egonkortasunik ez dute galtzen. Normalean gorputza gai da erradikal askeak neutralizatzeko, baina asko daudenean, gaitasun naturala ez da nahikoa izaten. Horregatik, erradikalak suntsituko dituzten elikagaiak eman behar zaizkio, C bitamina, beta karotenoa eta selenioa batez ere.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia