Itxuraz harago, zahartzaro ona

Kultura askotan, edertasuna gaztetasunarekin lotzen dugu: azal leun eta tinkoa, distiratsua… osasunaren eta bizitasunaren seinaletzat hartzen ditugu. Hala ere, zahartzea gure zelulek zenbateraino ondo edo gaizki funtzionatzen duten zehazten duten mekanismo biologikoen multzo baten mende dago, eta ez dago batzuetan uste dugun bezain estu lotuta edertasunarekin. Sator-arratoi biluzia (Heterocephalus glaber) adibide bikaina da: begi hutsez zaharra dirudi —ia ilerik gabe, azal zimurrarekin eta begi txikiekin—, baina urte askoan bizi da, eta, are garrantzitsuagoa dena, urte horietan guztietan bizi-kalitate ona du. Kasu horrek sarri nahasten ditugun bi kontzeptu bereiztera gonbidatzen gaitu: edertasun estetikoa eta gaztetasuna. Eta “gazte-itxura” lortzen tematu beharrean, zergatik ez jarri fokua “hobeto zahartzean”?

Zahartze-prozesua. Irudiaren atzealdean, telomeroak (horia) nola laburtzen diren. - Irudia: Rebelo-Marques, De Sousa Lages, Andrade, Ribeiro, Mota-Pinto, Carrilho and Espregueira-Mendes / CC-BY; Copilot-ekin (Microsoft) moldatua.


Jaiotzen garen unetik bertatik hasten gara zahartzen. “Hallmarks of aging” direlakoak zahartu ahala gertatzen diren prozesu zelular eta molekularrak dira; multzoan, azaltzen dute zergatik galtzen dituen gure organismoak berritzeko gaitasuna eta funtzionaltasuna pixkanaka. Mekanismo asko daude tartean, elkarri lotuta, baina hiru elementu dira bereziki garrantzitsuak: telomeroak, epigenetika eta estres oxidatiboa.

Gure gorputza etengabe berritzen ari da: zelula batzuk hil egiten dira eta beste batzuk zatitu, haiek ordezkatzeko. Dena dela, denek ez duten erritmo berean egiten; hesteko zelulak, adibidez, egun gutxitan berritzen dira; aldiz, neurona gehienak edo obuluak ez dira ordezkatzen. Zelula batek, zatitzen den bakoitzean, bere material genetikoa (DNA) bikoiztu behar du, zelula alaba bakoitzak kopia oso bat jaso dezan. Hala ere, prozesu hori ez da perfektua: zelula-zatiketa bakoitzean DNAren kantitate txiki bat galtzen da, eta horrek, denborarekin, kalte zelular progresiboa eragiten du.

Horretan, funtsezko zeregina dute telomeroek, hots, kromosomen muturretan dauden DNA-sekuentziek. “Babes-kapoi” moduan jarduten dute: zelula-zatiketa bakoitzean pixka bat laburtzen dira, eta, horri esker, genomaren eskualde garrantzitsuak ez galtzea lortzen da. Baina gaitasun hori ez da mugagabea. Zatiketa asko igaro ondoren, telomeroak higatu egiten dira, eta hain labur geratzen dira ezen jada ezin baitute behar bezala bete beren babes-funtzioa. Une horretatik aurrera, material genetikoaren kopiak ez dira hain fidagarriak, eta zelula berriak ez dira jada aurrekoen erreplika perfektuak. Zatitu ahala, akats gehiago eta gehiago metatu ditzakete. Konparatu genezake giltza bat behin eta berriz kopiatzearekin: kopia bakoitza aurrekoaren arabera egiten bada, iristen da une bat non giltza ez den jada sarrailan ondo sartzen. Gainera, zelula batzuk “seneszentzia” izeneko lozorro moduko egoera batera igarotzen dira, eta ez dira gehiago zatitzen. Ondorioz, ehunak berritzeko gaitasuna gutxitzen da, eta ehunak zahartu egiten dira. Horregatik esaten da telomeroak “erloju biologiko” baten antzekoak direla.

Zahartze-prozesuaren beste protagonista handietako bat epigenetika da. Aldaketa kimikoak dira, informazio genetikoa nola irakurtzen edo espresatzen den agintzen dutenak. DNA liburu bat balitz, epigenetika liburuko oharrak lirateke (azpimarrak, oin-oharrak edo zuzenketak) zeinek gidatzen baitute liburuaren zein zati irakurri eta zein ez. Horri esker, zelulak, une bakoitzean behar duenaren arabera, gene batzuk aktibatu edo desaktibatu (isilarazi) ditzake. Adinarekin, ordea, erregulazio-sistema horiek huts egiten hasten dira, eta, adibidez, hanturarekin lotutako geneak aktiboago bihurtzen dira. Hortik dator inflammaging terminoa: zahartzearekin batera agertzen den intentsitate baxuko hantura kronikoko egoera bat da, eta arrisku-faktorea da hainbat patologia garatzeko.

Edertasunaren pertzepzioa

Kanpoko seinale ikusgarriak baliatzen ditugu (adibidez, azalaren kalitatea) gaztetasun-maila eta, ondorioz, edertasunaren pertzepzioa baloratzeko. ARG: Teona Swift / Pexels


Beste elementu garrantzitsu bat mitokondrioak dira. Energia‑zentral moduan jarduten dute: oxigenoa eta mantenugaiak energia bihurtzen dituzte, zelulak erabili dezan. Edozein fabrikatan bezala, hondakinak sortzen dira. Horien artean, nabarmentzekoak dira ROSak (oxigeno-espezie erreaktiboak). Kantitate txikietan erabilgarriak dira seinalizazio zelularrerako eta defentsarako, baina gehiegi sortzen direnean (edo sistema antioxidatzaileek huts egiten dutenean) estres oxidatiboa eragiten dute. Orduan, proteinak, lipidoak eta DNA oxidatu, eta kalte egiten diete. Zahartu ahala, metatutako kalte horren ondorioz, zelulek okerrago funtzionatzen dute, eta ehunek mantentzeko eta konpontzeko gaitasuna galtzen dute pixkanaka.

Zergatik lotzen ditugu gaztetasuna eta edertasuna?

Ikusi dugun bezala, zahartzea prozesu gradual eta progresibo bat da, eta organismoaren hainbat elementu pixkanaka hondatzen joaten dira. Animalia gehienetan, narriadura horren zati bat agerian geratzen da kanpo-itxuran ere. Gure garunak ezaugarri fisiko jakin batzuk erabiltzen ditu “gaztetasun-seinale” gisa; adibidez, azal leun eta homogeneoa, distiratsua eta zimurrik gabea, hortz zuriak, edo ile eta bekain ugariak. Era inkontzientean, ezaugarri horiek ugalkortasun handiagoko etapekin eta, oro har, osasun hobearekin lotzen ditugu. Hortik dator edertasuna eta gaztetasuna lotzeko joera.

Lotura hori ez da berria. Osasunarekin eta ugalkortasunarekin zerikusia duten seinale biologikoetan oinarritzen den arren, mendeetan zehar indartu egin dute arteak, erlijioak eta arau sozialek. Antzinako Egipton, adibidez, edertasuna bizitasunaren eta ordenaren adierazpen ikusgarritzat ulertzen zen, maat kontzeptuarekin bat eginez (oharra: maat-ek oreka kosmiko eta soziala irudikatzen zuen). Testuinguru kultural horren baitan, gaztetasuna ongizate fisikoaren eta jainkozkoarekiko gertutasunaren adierazgarritzat hartzen zen, eta heriotzaren osteko bizitza berritzearen forma gisa. Grezia klasikoan, proportzioa, simetria eta gaztetasuna bertute eta harmoniaren adierazgarritzat hartzen ziren. Edertasunaren idealizazio hori kalokagathia kontzeptuarekin lotuta zegoen, zeinak edertasunaren eta bikaintasun moralaren/ bertutetsuaren arteko batasuna sinbolizatzen baitzuen. Errenazimentuaren aroan (XV–XVI. mendeetan), edertasuna osasunarekin, harmoniarekin eta gaztetasunarekin lotzen jarraitu zen. Geroago, viktoriar garaian (XIX. mendean), emakumeen gaztetasuna, edertasunarekin lotzeaz gain, estatusarekin eta moralitatearekin ere lotu zen. Horrek areagotu egin zuen emakumeek itxura gaztea mantentzeko zuten presio soziala. Bestalde, kontuan izan behar dugu edertasun-irizpideak ez direla estatikoak, baizik eta ekonomiarekin, teknologiarekin eta gizarte-balioekin batera aldatzen direla. Gaur egun, badirudi globalizazioak eta kosmetika- eta antiaging industriaren hedapenak edertasuneko/gaztetasuneko ideal batzuk homogeneizatu dituztela, eta gero eta protagonismo handiagoa dute gure eguneroko bizitzan.

Edertasuna ez da beti bizitza luzearen adierazlea

Edertasunaren eta gaztetasunaren arteko lotura ez da unibertsala, ezta aldagaitza ere. Itxura gaztea osasunarekin eta bizitza luzearekin lotzea ohikoa bada ere, irizpide horiek ez dira beti fidagarriak. Adibide paradigmatikoa da sator-arratoi biluzia (Heterocephalus glaber), begi hutsez oso zahartua dirudien animalia bat. H. glaberek ez du ilerik ia, eta azal oso zimurra du —gure ohiko edertasun- eta gaztetasun- kanonekin kontrajarrita—. Hala ere, esan ohi den bezala, batzuetan itxura engainagarria izan daiteke. Izan ere, haren azal zimurra eta ile falta ez dira zahartze goiztiarraren seinale. Aitzitik, animalia horren zahartze-prozesua bereziki motela da. Etxeko saguak urte gutxi batzuk bizi badira ere, H. glaber 30 urte inguru bizi da. Baina haren bizitza luzea baino are interesgarriagoa da denboran zehar mantentzen duen bizi-kalitatea; izan ere, bere bizitza ia osoan zehar funtzionaltasun fisiologiko egokia mantentzen du. Adibide honek askotan nahasten ditugun bi kontzeptu bereiztera behartzen gaitu: kanpoko itxura eta adin biologikoa; edo, bestela esanda, edertasuna eta gaztetasuna.

Sator-arratoi biluzia

Sator-arratoi biluzia (Heterocephalus glaber). ARG: Kein keen / CC BY-SA


Sagu horren itxura ulertzeko, lagungarria da zer ingurunetan eboluzionatu zuen aztertzea. Sator-arratoi biluzia ia bizitza osoa lur azpian bizi da, tunel-sistema konplexu, ilun eta estuetan, non marruskadura etengabea baita. Ingurune horretan, azal malgua eta ia ilerik ez izatea abantaila nabarmena da, galerietan mugitzea errazten baitu, eta marruskadurak eragindako kalteak murrizten. Horrenbestez, bere itxura “zimurtsua” ez da zahartzearen seinale bat, baizik eta biziraupena hobetu duen egokitzapen ebolutibo bat.

Eta “gazte-itxura” lortzen tematu beharrean, hobeto zahartzean jarriko bagenu arreta?

Azken hamarkadetan, antiaging industriak estetikan jarri du arreta, batez ere. Tratamendu garesti horiek guztiek gure kanpoko itxura aldatu dezakete, baina horrek ez du nahitaez esan nahi gazteagoak edo osasuntsuagoak garenik. Benetan gehiago eta hobeto bizi nahi badugu, beste ikuspegi bat behar dugu. Ebidentzia zientifikoaren arabera, zahartze osasungarria lortzeko faktore garrantzitsuenak ez dira tratamendurik garestienak, gure bizi-ohiturak baizik. Elikadura orekatua eta askotarikoa izateaz, toxikoak saihesteaz eta behar bezala atseden hartzeaz gain, funtsezko hiru faktore daude:

Lehenik eta behin, estresa nabarmentzen da. Estresa ez da, berez, negatiboa; izan ere, egokitze-erantzun biologiko bat da, gure biziraupenerako erabakigarria izan zena. Kroniko bihurtzen denean sortzen da arazoa. Orduan, ondorio kaltegarriak eragiten ditu, hala nola hipertentsioa, metabolismoaren asaldura, hantura iraunkorra, immunitate-sistemaren ahultzea eta telomeroen laburtze-prozesuaren azelerazioa. Horregatik, funtsezkoa da estimulu estresagarriak kudeatzen ikastea, meditazioa, arnasketa eta jarduera fisikoa eginez eta lasaiago biziz, zahartze osasuntsuagoa sustatzeko.

Ezinbestekoa da, halaber, garuna aktibo mantentzea. Muskuluekin gertatzen den bezala, erregulartasunez estimulatu behar da funtzionaltasunari eusteko. Erabiltzen ez denean, organismoak berak konexio neuronalak ezabatzeko joera du, energia-kontsumoa optimizatzeko. Horregatik, funtsezkoa da garuna etengabe estimulatzea, zeregin berriei eta erronka berriei aurre eginaraziz (adibidez, hizkuntza bat ikastea, instrumentu bat jotzea edo kirol berri bat egiten hastea).

Harreman sozialak

Harreman sozialak eta euskarri emozionala funtsezkoak dira zahartze osasungarria izateko. ARG: Marko Milivojevic / Pixnio


Azkenik, gogoratu behar dugu izaki sozialak garela. Horrek esan nahi du gure organismoa biologikoki prestatua dagoela besteekin elkarreraginean jarduteko. Gure gizarte-harremanen kalitateak eragin handia du gure emozioetan, gure portaeran eta baita gure hormonetan ere. Frogatuta dago gizarteratze egokiak eta harreman positiboek (familia, lagunak, gizarte-babesa) estresaren erantzuna hobeto erregulatzen laguntzen digutela. Gainera, zeharkako ondorioak ditu gure osasunean, kalitatezko gizarte-harremanek bizi-ohitura osasungarriagoak izaten laguntzen baitute, hala nola elikadura orekatua izatea edo ariketa fisikoa erregulartasunez egitea. Oro har, faktore horiek zahartze osasuntsuagoa eta bizi-kalitate hobea lortzen laguntzen dute.

Ikuspegi ebolutibo batetik, beharrezko “zaharkitze programatu” biologiko modura uler daiteke zahartzea; prozesu bat, belaunaldien arteko erreleboa errazten duena eta gure espeziearen orekari laguntzen diona. Prozesu horren aurka borrokatzeak —edo ezkutatzen saiatzeak—, antzua izateaz gain, benetan garrantzitsua den horretatik aldentzen gaitu. Argi esanda, zahartzea ez da zuzendu beharreko arazo bat, bizitzari berez dagokion eraldaketa bat baizik. Erronka, beraz, ez da zahartzearen zantzuak ezabatzea, baizik eta horiek gaixotasunarekin, ahultasunarekin edo bizi-kalitatearen galerarekin lotuta ager daitezen saihestea.

Agian, paradigma-aldaketa hau da: galdutako itxurazko gaztetasuna edo edertasuna berrezartzeko hainbeste ahalegin egiteari uztea, eta zahartzaro osasungarri eta duina eraikitzen hastea. Zahartzearen edertasuna ohoratzea osasuna zaintzeko modurik egokienetako bat izan daiteke. Zahartu gaitezen ondo!

Bibliografia

Aubert G, Lansdorp PM. Telomeres and aging. Physiol Rev. 2008;88(2):557–579.

Buffenstein R. Negligible senescence in the longest living rodent, the naked mole-rat: insights from a successfully aging species. J Comp Physiol B. 2008;178:439–445.

Epel ES, Blackburn EH, Lin J, Dhabhar FS, Adler NE, Morrow JD, et al. Accelerated telomere shortening in response to life stress. Proc Natl Acad Sci U S A. 2004;101(49):17312–5.

Glover, T. D., Todd, J., & Moyer, L. (2022). Neighborhood Walking and Social Connectedness. Frontiers in Sports and Active Living, 4, 825224.

Guo J, Huang X, Dou L, Yan M, Shen T, Tang W, Li J. Aging and aging-related diseases: from molecular mechanisms to interventions and treatments. Signal Transduct Target Ther. 2022;7:391.

Harvanek, Z. M., Fogelman, N., Xu, K., & Sinha, R. (2021). Psychological and biological resilience modulates the effects of stress on epigenetic aging. Translational Psychiatry, 11(1), 601.

López-Otín C, Blasco MA, Partridge L, Serrano M, Kroemer G, et al. Hallmarks of aging: an expanding universe. Cell. 2023;186:243–278.

Phua QH, Ng SY, Soh BS. Mitochondria: a potential rejuvenation tool against aging. Aging Dis. 2024;15(2):503–516.

Santos AL, Sinha S, Lindner AB. The good, the bad, and the ugly of ROS: new insights on aging and aging-related diseases from eukaryotic and prokaryotic model organisms. Oxid Med Cell Longev. 2018;2018:1941285.

Leyre Echeazarra Escudero

EHUko Farmazia Fakultateko irakaslea eta ikertzailea. Fisiologia saila.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna