Ezagutzen den asteroide-talka zaharrenaren datazioa egin ahal izan dute ikertzaileek berriki eta duela 3.470 milioi urte gertatu zela esan dute.
Datazio hori egitea oso zaila izan da orain arte, izan ere, garai hartako arrastoak eta ondoren gertatu diren prozesu geologikoetan sortutakoak bereiztea ia ezinezkoa zen. Baina, Australiako Pilbara eskualdean dagoen Ipar Poloko Kupula kraterrean, ustez lurrak duen krater zaharrenean, mineralen datazio teknika aurreratuak erabiliz ikusi dute kraterra sortu zuen talka hura, duela 3.000 milioi urte gertatu zela.
Horretarako, zirkonioak eman die giltza. Mineral hori oso egonkorra da eta Curtinseko Lurra eta Zientzia Planetarioen eta Australia Mendebaldeko azterketa geologikoko eskoletako ikertzaileek ikusi dute zenbait zirkoniok ez ohiko egiturak zituztela eta, hortik ondorioztatu dute, haiek asteroidearen talkaren ondorioz sortu zirela.
Hau da, asteroidearen talkak zirkonioen egiturak hautsi zituen, partzialki birkristalizatu ziren eta talkak sortutako bero izugarrian zenbait mineral berriz hazi egin ziren.
Zirkonioaz gain, ikertzaileek apatita mineralaren datazioak egin dituzte, eta, data bera eman du ikerketa horrek ere.
Horrek kraterra Arkear eonaren garaikoa dela esan nahi du, hau da, Lurreko kontinenteak sortzen ari ziren garaikoa da. Ikerketak, beraz, denbora geologikoan inoiz iritsi garen dataziorik zaharrenera eraman gaitu eta garai haren informazioa izateak bizitzaren sorreraren garaia nolakoa zen irudikatzen lagun diezaguke.
Garazi Andonegi Beristain
Elhuyar Zientzia



