Lurrazalaren sorrera zuzenean behatu da

Lehen aldiz zuzenean behatu ahal izan da itsas hondoaren hedapena. Indiako Ozeanoan gertatu da, Australiako eta Antartikako plaka tektonikoen arteko mugan dagoen ozeano-gandorrean.

Ozeano-gandorren sistema. - ARG.: NOAA


Nature aldizkarian aurkeztu dira ikerketaren datuak. Lurrazala suntsitu eta birsortu egiten da, plaka tektonikoen mugimenduaren ondorioz. Lurrazal berria sortzen duten eremu nagusiak ozeano-gandorrak dira: osotara 65.000 km-ko luzera duten itsas hondoko “mendikate-sareak”. Gandor horietan, lurrazal osoaren bi heren sortu da, plaka tektonikoen azpitik magma igo, hoztu eta solidotu egiten baita. Orain arte, gutxi ezagutzen zen gandorretan denbora-tarte laburretan gertatzen zen hedapen-prozesuaren inguruan.

«Sei eguneko tartean 4,2 m zabaldu zen, eta lurrazal berria sortu zuen espazio eginberrian.»

Bretainiako (Frantzia) Brest Unibertsitateko Jean-Yves Royer ikertzaileak eta haren kideek behatoki autonomo bat instalatu zuten Indiako Ozeanoaren hego-ekialdean dagoen ozeano-gandorraren eremu batean. Zonalde hartako kartografia eta datu sismikoak biltzea zen helburua.

Kasualitatez, 2024ko apirilaren 26an, aparailuak instalatuta zeuzkaten bitartean, gandorra hedatzen hasi zen. Sei eguneko tartean, 4,2 m zabaldu zen, eta lurrazal berria sortu zen espazio eginberrian.

Behaketa horiekin, egileek ondorioztatu dute gandor inguruko failak maizago mugitzen diren arren, ozeano-gandorren hedapen-segmentuek hamarkadetan metatzen dutela desplazamendua eta bat-bateko gertaeretan askatzen dutela tentsioa.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Lurra