Castro Valnera menditik (Burgos eta Kantabriako mugan) Pirinioetaraino doan mendikatearen bi isurialdeen artean erliebe-diferentzia nabaria dago. Mendikatea sortu zenetik, bi isurialdeak desberdin higatu dira, eta horrek eragin du isurialde atlantikoko lurrazala gehiago altxatzea isurialde mediterraneokoa baino.
Plaka tektonikoak mantuaren gainean flotatzen ari dira eta, plaka horien gaineko karga arintzen denean, erliebeak gora egiten du pixkanaka, itsasontziek ur gainean gora egiten duten antzera zama kentzen zaienean.
EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko eta Geologia Saileko ikertzaileek, USALeko Geologia Saileko ikertzaileekin batera, kalkulatu dute Eusko-kantauriar mendikatea sortu zenetik gaurdaino mendikatearen isurialde atlantikoan 2.019 km3 arroka higatu dela, eta mediterraneoan, berriz, 1.408 km3.
«Duela 6 milioi urte inguru, Mediterraneo itsasoa lehortu egin zen, eta itsas maila kilometro bat baino gehiago jaitsi zen»
Bi isurialdetako 35 arrotako ibaiak aztertu dituzte metodologia klasikoak eta modernoak erabiliz. Egileek azaldu dutenez, ikerketa honetan lehenbizikoz kalkulatu dute bi isurialdeetan zer deskarga gertatu den, eta nolakoa izan den erantzuna.
Jakina da isurialde atlantikoko ibai-sarea garatuago dagoela itsasotik mediterraneokoa baino; ibaiak motzagoak dira, malda handia daukate eta, gainera, euri gehiago egiten du eremu horretan. Baina horrez gainera, egileek azaldu dute oso garrantzitsua dela kontuan izatea Lurraren historian itsas mailak nola aldatu diren. Duela 6 milioi urte inguru, Mediterraneo itsasoa lehortu egin zen, eta itsas maila kilometro bat baino gehiago jaitsi zen. Horrekin lotuta, ikusi dute garai hartan isurialde mediterraneoko ibaietan higadura handia izan zela.
Bestalde, emaitzek erakutsi dute, oro har, dena dagoela mendebalderantz baskulatuta dagoela. Erdialdeko eremuan —Bilbo eta Gasteiz hartzen duena, Zadorra eta Nerbioi ibaia dauden eremuan—, altxamendua horizontal samar dago, baina ikusi dute arro txikietan altxatzea areagotu egiten dela. Izan ere, oso zaila da ibai handiak aldatzea, baina txikiak erraz aldatzen dira.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



