Herritarren zientziako proiektu batean, Züricheko Unibertsitateko ikertzaile batzuek 1.000 boluntariori eskatu diete bakoitzak bi kotoizko galtzontzillo lurperatzeko, eta bertan uzteko bi hilabetez. Arropa horren bitartez, Suitzako hainbat eremutako lurraren osasuna neurtu dute. Ikerketak aurtengo Ig Nobel sarietako bat irabazi du.
Egileen esanetan, lurraren osasuna gainbeheran da azken urtetan, eta berebiziko garrantzia du nekazaritzan, elikagai-segurtasunean eta ekosistemetan. Deskonposaketa-abiadura funtsezko adierazlea da lurraren osasuna neurtzeko, eta neurketa hori egiteko infusio-poltsen materiala erabili ohi da. Ikerketa batek ikusi nahi izan du ea kotoizko arropa adierazle hobea ote zen.
Boluntario bakoitzak bi galtzontzillo eta 12 infusio-poltsa lurperatu behar zituen Suitzako nahi zuen eremuan. Hilabete bat pasata, galtzontzillo bat eta sei infusio-poltsa induskatu behar zituen, eta bi hilabete pasata, materialen beste erdia.
Emaitza guztiak bilduta, ikertzaileek ondorioztatu dute lurraren erabilera faktore erabakigarria dela. Barruko arropa lorategi pribatuetan deskonposatu zen bizkorren, eta lurraren analisiek ere halako eremuetan topatu zuten materia organiko gehien. Oro har, egileek ikusi dute beren "galtzontzilloen indizeak" infusio-poltsenak bezain informazio esanguratsua ematen duela.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



