Lurrazpiko mikorrizek 110 kuatrilioi kilometroko sare globala osatzen dute

Bazekiten mikorrizak landareen bizitzarako ezinbestekoak zirela, baina inork ez zuen kalkulatu zenbat eta non dauden. Desertuetatik hasi eta baso tropikaletaraino lurreko biomak aztertuta jakin dute, orotara, Lurretik Eguzkirako distantzia baino mila milioi aldiz handiagoa den sarea osatzen dutela.

Irekian jarri dute mikorrizen munduko mapa interaktiboa


Lurrazpiko mikorrizak hodi mikroskopikoak dira, giza ile bat baino finagoak, baina Lurraren zirkulazio-sistema globala osatzen dutenak: hortik garraiatzen dira landareek lurretik zurgatzen dituzten nutrienteak eta ura. Landare-espezieen % 70k ezin du biziraun mikorrizarik gabe, beraz ezinbestekoak dira munduko biodibertsitatea bermatzeko. Orain, jakin da klima-erregulatzeko ere gakoak direla, gizakiok atmosferara igortzen dugun CO2aren % 11 finkatzen baitute lurrazpian. Science aldizkarian argitaratu dituzte datuak.

Prozesua landareetan hasten da: atmosferako karbonoa fotosintesiaz finkatzen dute, eta karbono honen zati bat lurrazpiko onddoei ematen diete. Hala lorten dute onddoek karbonoa lurrazpian barneratzea. Horren truke, onddoek lurreko fosforoa, nitrogenoa eta ura jasotzen laguntzen diete landareei.

«Ikusi dute mikorrizen sarea dela karbono atmosferikoa lurrazpian barneratzeko sistema nagusia eta, ondorioz, klima-erregulatzeko gakoetako bat»

Mikorriza gehien eta gutxien dituzten lekuak

Munduko mapa osatu dutenean, deigarria egin zaie mikorriza-dentsitate handienak larreetan topatu dituztela: mikorrizen biomasa globalaren % 40 daude haietan. Kontrara, nekazaritza intentsiboak mikorrizak kaltetzen dituela argitu dute, mikorrizen kopurua % 47 murrizten baita monokultiboetan, fungizidak eta ongarriak erabiltzeagatik.

Gutxitan gogoratzen gara lurrazpiko bizidunez, baina zientzialariek azpimarratu dute klima-aldaketari aurre egiteko eta biodibertsitatearen galera ekiditeko ezinbestekoak direla. Areago, adierazi dute mapa hau oso kontuan hartu beharrekoa dela lurrak eta ekosistemak babesteko politikak diseinatzen direnean. Denen eskura jarri dute mikorrizen munduko mapa interaktiboa.

Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute

Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Biodibertsitatea