}

Lupulu-zaporeko garagardoa, lupulurik gabe

2018/03/20 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

lupulu-zaporeko-garagardoa-lupulurik-gabe

Lupulurik gabe garagardoari lupulu-zaporea ematea lortu dute, garagardoa egiteko erabiltzen den legamia eraldatuta. Lupulu-zaporea ematen duten bi molekula sortzen ditu eraldatutako legamiak.

Lupulua garestia izateaz gain, garagardoari ematen dion zaporea kontrolatzea ez da erraza izaten. Izan ere, lupulu-loreek duten olio esentzialak ematen du zaporea, eta loreen olio-edukia aldatu egiten da, landareen genetikaren, ingurunearen eta prozesamenduaren arabera.

Ikertzaileek geraniola eta linaloola sortzeko gai den legamia sortu dute. Bi molekula horiek lupuluaren olio esentzialaren parte dira, eta lupulu-zaporearen erantzule nagusiak. Mendaren eta albakaren DNA txertatu dute legamiarenean, eta hala lortu dute legamiak berak ematea lupulu-zaporea garagardoari. Nature Communications aldizkarian argitaratu dute lana.

Berrogei pertsonak itsuan egindako dastaketek erakutsi dute legamia honekin egindako garagardoak lupulu-zapore gehiago duela, ohiko lehortutako lupulu-loreekin egindakoak baino. Hala ere, ikertzaileek aitortu dute linaloolarekin eta geraniolarekin oinarrizko lupulu-zaporea lortzen den arren, seguruenik lupulu-zapore osoan molekula gehiagok parte hartzen dutela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia