Zelula baten oinarrizko funtzioak (elikatu, hazi eta ugaldu) betetzen dituen egitura sintetiko bat sortu dutela iragarri dute Minnesotako Unibertsitateko ikertzaileek. SpudCell deitu diote, eta ikerketa oraindik ez da argitaratu parekoen ebaluazioa duen aldizkari zientifiko batean, baizik eta Biotic izeneko webgunean eta prentsan.
Iragartzeko moduak berak kritikak piztu zientzia-komunitatean. Horrez gain, beste batzuek ez dute uste zelula deitzerik dagoenik ere egiturari, ez baitauka autonomia osoa, eta ugalketa-zikloa ere oso mugatua baitu, besteak beste. Hala ere, gehienek onartzen dute pauso garrantzitsua dela zelula sintetikoa lortzeko ikerketan.
Kate Adamala ikerketan parte hartu duen zientzialari nabarmenenetako baten esanean, egin duten lanak erakusten du biziaren oinarrizko funtzioek ez dutela txinparta magiko baten beharrik. Aitzitik, frogatu dute sor daitekeela zelula bat, bizirik gabeko substantzia kimikoetatik abiatuta.
«erakusten du biziaren oinarrizko funtzioek ez dutela txinparta magiko baten beharrik»
Besteak beste, genoma artifizial bat du, 90.000 base-parez osatutakoa, eta zazpi plasmidoetan banatuta. Banaketa horrek funtzio desberdinak bereizita programatzeko aukera ematen du. Bikoizteko prozesua ere berezia da: proteinak mintzean metatzen joaten dira, zelula bitan banatzen duten arte. Gainera, nolabait, eboluzionatzeko gai dela erakutsi dute: besteak baino azkarrago hazten zen aldaera bat sortu zuten, eta beste aldaerak ordezkatzeko gai izan zen.
Ikertzaileek aurreratu dutenez, garatu duten metodoa baliagarria izan daiteke beste era batera lortu ezin diren molekulak sortzeko, adibidez, erabilera terapeutiko jakinetarako.
Erlazionatuak
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



