Lorik egin gabeko gauetan zelulen arteko konexioak aktibo mantentzen direla ikusi dute gizakietan egindako ikerketa batean.
Loaren funtzioaren inguruan hainbat ikerketa egin izan dira, eta uste zen loaren eragin potentzialetako bat zela neuronen arteko konexioak berrabiaraztea eta homeostasiaren oreka berrezartzea. Homeostasiak gorputzaren hainbat oreka mantentzeko balio du. Adibidez: tenperatura, odoleko glukosa eta ph-aren oreka.
Alemanian, Neurozientzia eta Medikuntzako Forschungszentrum Jülich Institutuan ikertzaileek egindako ikerketa batean, 40 lagun 28 orduz lo egin gabe eduki dituzte, eta ikusi dute neuronen arteko sinapsietan agertzen den glikoproteina baten maila altuagoak zituztela garuneko hainbat gunetan. Memoriaren kudeaketarako eremu garrantzitsu batzuetan eta informazioa bideratzeko guneetan neurtu dituzte, esaterako, glikoproteinaren maila altuak.
Ondorioz, argi dago lorik ezak, nekea eragiteaz gain, neuronen arteko konexioetan ere eragiten duela, eta loa beharrezkoa dugula garuna berrabiarazi eta barne-oreka kudeatzen duten prozesuak hasieratzeko.
Garazi Andonegi Beristain
Elhuyar Zientzia



