Bilioidunei zergak % 3 igotzeak 29 milioi heriotza saihestu ditzake

Munduan aberastasuna birbanatzeko neurriek errenta baxu eta ertaineko herrialdeetako biztanleen osasuna hobetzeko beste baliabide bildu ditzakete.

Gosea eta pobrezia murrizteko hainbat programari ere eragin diete murrizketek. ARG.: Speak Media Uganda/Pexels


Bartzelonako ISGlobal taldea buru izan duen ikerketa batek ondorioztatu du garapenerako laguntza ofizialean (ODA, ingeleseko sigletan) izan diren murrizketak konpentsatu litezkeela munduko aberastasuna banatzeko hainbat neurri aplikatuta. Onura nabarienak munduko bilioidunei zergak % 3 igotzen lortzen dira; neurri horrek 6,6 eta 29,5 milioi heriotza saihestuko lituzke 2030. urterako, horien artean 5 urtez azpiko haurren 4,4 milioi heriotza.

«2025ean, laguntza % 23,1 murriztu zen»

AEBek, Frantziak, Alemaniak eta beste hainbat herrialdek garapenerako laguntza ofizialari egiten dioten ekarpena murriztu egin dute azken urteetan. 2025ean, laguntza hori % 23,1 murriztu zen. Finantzaketa faltak GIBaren, malariaren eta tuberkulosiaren aurkako programak murriztea edo etetea eragin du, gehienbat Hego Hemisferioko herrialdeetan. Gosea eta pobrezia murrizteko hainbat programari ere eragin diete murrizketek.

«Bilioidunei zergak % 1, % 2 edo % 3 igotzea proposatu dute»

Ikertzaileek 2002 eta 2021 urteen arteko errenta baxu eta ertaineko 59 herrialdetako datuak aztertu zituzten, eta jasotako garapenerako laguntza ofizialaren eta hilkortasunaren arteko erlazioa zehaztu zuten. Erlazio hori oinarritzat hartuta, hilkortasun-datuak kalkulatu zituzten hainbat egoera posibletarako: laguntzen murrizketak etorkizunean ere mantentzea eta aberastasuna birbanatzeko 10 neurri aplikatzea, bakoitza bere aldetik. Neurri horien artean, bilioidunei zergak % 1, % 2 edo % 3 igotzea proposatu dute.

Emaitzek erakutsi dute zergak % 1 igotzeak 15 milioi heriotza saihestu litzakeela 2030. urterako; % 2 igotzeak 22,9 milioi, eta % 3 igotzeak 29,5 milioi. Egileek argudiatu dute ikerketak agerian utzi duela nazioarteko laguntzak munduko osasunean duen eragin onuragarria, eta aberastasuna banatzeak izan dezakeen eragina.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Berdintasuna