}

Itsasoko altxorra

1995/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arraina astean birritan jatea nahikoa da gantz azidoen onurez baliatu ahal izateko. Kopuru horretatik aurrera ordea, gantz-azidoak pilatzea baino ez da lortuko.

Arraina jatea osasunarentzat ona dela edonork daki. Arraina gantz-azidotan oso aberatsa da eta gaixotasun kardiobaskularrak saihesten laguntzen duela esan ohi da. Alabaina, neurrian datza gakoa: arraina astean bost edo sei aldiz jateak ez du aparteko mesederik egiten. Harvard-eko Medikuntza Eskolako ikerlariek 1986 eta 1992 bitartean egindako azterketak baieztatu duenez, arraina astean birritan jatea nahikoa da gantz azidoen onurez baliatu ahal izateko. Kopuru horretatik aurrera ordea, gantz-azidoak pilatzea baino ez da lortuko.

Finlandiako ikerlariek ere arrainaren azterketari ekin diote. Arraina izan ere, finlandiarren dietako osagai nagusia da, baina gaixotasun kardiobaskularrak noiznahi ematen direla behatu da. Ez al du Finlandiako arrainak gantz-azidorik?

Kuopioko Unibertsitateko ikerlariek diotenez, Finlandian kontsumitu ohi duten arrainak merkurio-kantitate handiak ditu eta horrexek baliogabetzen ditu gantz-azidoen onurak. Poluitzailea izanik, merkurioak gaixotasun kardiobaskularren arriskua areagotu egiten du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia