Plastiko-kutsadura gaur egungo ingurumen-erronka handienetako bat da. Urtero, milioika tona plastikozko hondakin heltzen dira ozeanora, eta, askotan Pazifikoko uharteak irudikatzen baditugu ere zaborrez estalita, arazo honek Bizkaiko golkoa ere ukitzen du; Ipar Atlantikoko txoko bat, non hondakin horien zati bat ere, zoritxarrez, harrapatuta geratzen den.
Azken urteotan, orain arte bereizita garatzen ziren bi lan-ildo elkartzen hasi dira: kanpaina zientifikoak eta herritarren zientzia. Horri esker, gure Kantauriko errealitatea hobeto ulertzen ari gara. Izan ere, nabarmen datu gehiago dauzkagu eskura, eta, hala, posible da zientzia akademikoak aztertu ezin dituen eremu eta uneak aztertzea.
Bizkaiko golkoa, dinamikoa eta kaltebera
Bizkaiko golkoak egoera nahiko konplexua du itsas zaborrari dagokionez; izan ere, haren ezaugarri fisiko eta ozeanografikoen eraginez, hondakinak pilatzea erraza da. Plataforma kontinentala ez da berdina ekialdetik mendebaldera, eta urpeko arroila ugarik zeharkatzen dute; horiek guztiak zaborraren “hustubide” moduan jokatzen dute. Horretaz gain, itsaslaster askok eragin handia dute —IPC delakoak, Portugalgo itsaslasterrak edo haizeak sortutako itsaslasterrek, adibidez—, eta hondakinak urtaroaren arabera mugitzen eta berrantolatzen dituzte. Bestalde, ez da ahaztu behar Frantziako ibaietatik datozen ur gezako luma handien eragina, ezta itsasoan sortzen diren zurrunbilo ugariena ere; izan ere, bi faktore horien eraginez, joera handia dago hondakinak Bizkaiko golkora iritsi eta han pilatzeko.
Honi guztiari gizakiaren presioa gehitu behar zaio: kostalde oso jendetsua dugu, arrantza‑ eta merkataritza‑portu garrantzitsuekin, hala nola Pasaia eta Bilbo, eta turismo‑jarduera handiko hiriekin, besteak beste Donostia, Bilbo, Baiona eta Biarritz. Faktore horiek guztiek nabarmen areagotzen dute itsas ingurunean eragiten den presioa.
Faktore natural eta antropogeniko horiek guztiek batera, itsas zaborra metatzeko gune bereziki sentibera bihurtzen dute Bizkaiko golkoa.
Zientzia akademikoa vs. herritarren zientzia: gizarteak mapa osatzen duenean
Herritar gehienek ez dituzte ezagutzen Bizkaiko golkoko itsas zaborra monitorizatzeko kanpaina zientifikoak. Urtero jartzen dira martxan Bioman, Pelacus, Demersales eta BM ‑ 1 programa —azken hori hondartzen jarraipena egiteko—, eta etengabe dihardute lanean gure kostaldean zer gertatzen den ulertzeko. Kanpaina horiei buruzko oinarrizko informazioa aurkitzea erraza da, baina emaitzak eskuratzea ez da hain erraza: maiz, datuak ez dira argitaratzen edo labur-labur aurkezten dira.
Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa, Ulia-Jaizkibel inguruan (Gipuzkoa) egindako zabor-bilketa batetik itzultzen. ARG.: Alfaro-Ortega et al., 2026
Gardentasun falta horri beste oztopo batzuk gehitu behar zaizkio: monitorizaziorako askotariko metodologiak erabiltzen dira (BAKA motako sareak, GOB motako sareak, zientzia‑urpekaritza, irudien analisia, eta abar), eta, gainera, erabilitako hondakinen sailkapen‑sistemak ez dira bateragarriak beren artean. Izan ere, emaitzak formatu oso desberdinetan adierazten dira (elementuak/km², kg/km², elementuak/100 m, masa edo objektu kopurua), eta, horregatik, eskuragarri dagoen informazio urria ez da nahikoa kanpainak, eskualdeak edo urteak alderatzeko.
Egoera horren aurrean, argi geratzen da informazio‑hutsune hori beteko duen alternatiba bat behar dela, eta, testuinguru horretan, Bizkaiko golkoak baliabide baliotsu bat du: herritarren zientziaren proiektu‑sare zabal bat. Proiektu horietan, oro har aditu ez diren boluntarioek parte hartzen dute; beraiek monitorizatzen dute itsas zaborra eta, askotan, emaitzak argitaratzen dituzte. Soilik Iberiar penintsulako iparraldea kontuan hartuta, lan hori egiten urteak daramatzaten dozenaka erakunde daude. Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa, Surfing Federation, Fundación Oxígeno, A. Fundación, Surfrider edo Gurutze Gorria–LIBERA erakundeek, esaterako, milaka laginketa egin dituzte, eta zenbait plataformatan, hala nola MARNOBAn, informazio-kantitate handi bat sortu dute. Informazio hori lortzea ezinezkoa izango zatekeen kanpaina zientifiko tradizionalak bakarrik erabiliz.
Nahiz eta herritarren zientziaren bitartez jasotako datuek ere mugak badituzten, hala nola laginketa-eremuari buruzko informazio zehatzik ez izatea eta boluntarioen prestakuntza mugatua eta askotarikoa izatea, herritarren zientziatik abiatutako kanpainek sortzen duten datu-kantitate handiak laguntzen du egoeraren irudi errealago bat osatzen. Esaterako, kanpaina ofizialek penintsularen iparraldeko 10 hondartza bakarrik monitorizatzen dituzte, baina herritarren zientziak 209 hondartzatako datuak bildu ditu 2018tik gaur egun arte.
Zer ikusten dugu bi iturrietako datuak bateratuta?
Ondorio nagusia da Bizkaiko golkoaren hego‑ekialdea itsas zaborra pilatzeko gune bat dela, eta, gainera, pilatutako zaborraren % 97 plastikoa dela. Hala, iparraldeko hondartzetan aurkitutako hondakinen kontzentrazioa Mediterraneoan neurtutakoaren parekoa da, edo are handiagoa. Datu deigarria da, kontuan hartuta gure kostaldea Ozeano Atlantiko zabalera irekita dagoela, eta Mediterraneoa, berriz, ia itxita dagoela.
Hondartzei dagokienez, baieztatzen da Frantziako kostaldean penintsulako iparraldean baino askoz zabor gehiago pilatzen dela (494 unitate/100 m, 281,73 unitate/100 m ‑ren aldean). Desberdintasun hori zenbait faktoreren ondorio izan liteke, hala nola neguko itsaslasterrek hondakinak Espainiako kostaldetik Frantziara daramatzatelako, edo Frantziako ibai handiek itsasoratzen duten zabor‑kantitatea handiagoa delako, besteak beste. Esandakoaren adibide argia da Aturri ibaia; haren bokalean dagoen hondartzak du Bizkaiko golko osoan hondakin‑dentsitaterik handiena: 1.101 unitate/100 m.
Bizkaiko golkoa zabor flotatzailearen pilaketa-gune nagusietako bat da, bereziki ekialdeko sektorean. Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren lanari esker, 2018tik Euskal Herriko kostaldean 168.086 objektu flotatzaile erregistratu eta bildu dira; kopuru horrek argi erakusten du arazoaren benetako dimentsioa.
Pasaian Buceo Donostiko kideak zaborra biltzen. ARG: Buceo Donosti
Itsas hondoari dagokienez, hondakin‑kontzentrazioak handiak dira hiri eta portuen inguruan, eta txikitu egiten dira kostaldetik urrundu ahala (nahiz eta azken puntu horietan zailak edo are ezinezkoak diren neurketak). Hala ere, zabor-dentsitaterik handienak ez dira plataforma kontinentalean agertzen, baizik eta itsaspeko arroiletan; han, batez beste 4.813 elementu/km² erregistratzen dira, plataformako balio maximoak baino askoz handiagoak. Zabor-kontzentrazio altuenetako bat Arcachongo arroilak du —golkoaren hego-ekialdean—, eta horrek berresten du arroila horiek itsas zaborra pilatzeko guneak direla, eta lehentasunezko arreta jarri behar dela puntu horietan.
Etorkizuneko erronkak itsas zaborren aurkako jardunean
Leku geografiko askotako plastiko-kutsadurari buruzko datu ugari dauden arren, datu horiek konbinatzea erronka handia da oraindik, askotariko metodo, sailkapen, datu-base eta formatuak direla eta. Horregatik, funtsezkoa da harmonizazio metodologiko baterantz aurrera egitea, ondorio sendoak eta emaitza alderagarriak lortzeko, eta, hala, ulertzeko benetan zenbat zabor daukagun gure kostaldean, eta nola banatzen den zabor hori, ondoren irtenbide egokienak bilatzeko.
Bizkaiko golkoa ekosistema baliotsua baina hauskorra da, eta, hura babesteko, lehen urratsa da jakitea nolakoa den eta nola dagoen. Zeregin horretan, herritarrak ez dira behatzaile hutsak, protagonistak dira.
Bibliografia
Alfaro-Ortega, C., Iturrondobeitia, M., Lizarza, S., Peña-Rodriguez, C., Zaldua, N., & Ibarretxe, J. 2026. Citizen science initiatives and outcomes in plastic pollution monitoring and control in the southern Bay of Biscay. Marine Pollution Bulletin, 227, 119467.
Alfaro-Ortega, C., Ibarretxe, J., Iturrondobeitia, M., 2025. Marine litter in the south-east of the Bay of Biscay: a review of current methods, standards, databases and challenges. Mar. Pollut. Bull. 213, 117632. https://doi.org/10.1016/j. marpolbul.2025.117632.
Maider Iturrondobeitia Ellacuria
Life Cycle Thinking Group, Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuak Saila, Bilboko Ingeniaritza Eskola (EHU)
Carlota Alfaro Ortega
Life Cycle Thinking Group, Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuak Saila, Bilboko Ingeniaritza Eskola (EHU)
Julen Ibarretxe Uriguen
Life Cycle Thinking Group, Fisika Aplikatua Saila (EHU)



