Gizakiok hitz egiteko behar ditugun bide neuronalak uste zen baino lehenago garatu zituzten primateek

2020/04/21 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Pixabay

Gizakiek hitz egiteko gaitasuna gara zezaten, ezinbestekoa izan zen primateen garunean hainbat aldaketa gertatzea. Hain zuzen ere, entzumenaren eremua eta loburu frontala interkomunikatzen dituzten bide neuronalak sortzea. Orain arte uste zen duela 5 milioi urte sortu zela konexio hori, tximinoen eta gizakien arbaso komun batean, baina Nature Neuroscience aldizkarian argitaratutako ikerketa batek oso bestelako datuak eman ditu. Hainbat primateren garunak aztertuta, badirudi duela 25 milioi urte sortua zela jada.

Ikertzaileentzat betidanik izan da zaila hizketarako gaitasuna nola sortu zen aztertzea, hezurrak ez bezala, garunak ez baitira fosilizatzen. Hortaz, erreminta bakarra izan dute eskura: bizirik dauden primate espezieen garunak aztertu eta gizakienekin alderatzea. Kasu honetan, komunitate zientifikoak denen eskura jarritako eskaner-irudiak izan dituzte baliabide nagusia.

Ikerketa egin duten Newcastle-ko Unibertsitateko neurozientzialariek onartu dute gai eztabaidatsua izan dela, betidanik, giza gaitasun honen garapena, baina bazekitela, gizakiek lengoaia prozesatzen hasteko, ezinbestekoa izan zela entzumenaren ezagutzan eta ahozko komunikazioan primateek egindako bide ebolutiboa. Hori bai, onartu dute benetan harrigarria egin zaiela hain aspaldi garatu izana. Bestetik, ikerketak balio izan du bide neuronal horrek gizakiongan gerora zer bide egin zuen argitzeko ere. Alegia, garuneko entzumen-eremuak ez diren beste eremuak ere tartean nola inplikatuz joan diren ikusteko.

 

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia