Homo erectus espeziea uste baino denbora luzeagoz egon zen Asia kontinentalean

Txina hegoaldeko bi kobazulotan 324.000-184.000 urte bitarteko Homo erectus espeziearen aztarnak topatu dituzte, eta ondorioztatu dute ekosistema tropikal batean bizi zirela.

Dron bidez ateratako Naxian kobazuloko sarreraren argazkia. ARG.: Yingqi Zhang/IVPP - CAS


Guztira, bederatzi hortz aurkitu dituzte Txina hegoaldeko Baxian eta Naxian izeneko kobetan, eta horietatik zortzi Homo erectus espezieko indibiduoenak dira. Hortzak eta inguruko sedimentuak datazio erradiometriko bidez aztertuta, ondorioztatu dute duela 324.000–184.000 urte bitartekoak direla. Aurrez egindako ikerketen arabera, Homo erectus espeziea duela 400.000 urte inguru desagertu zen Asia kontinentalean, eta, beraz, aurkikuntza berriak espeziearen eboluzioaren azterketan zegoen hutsune bat bete du.

«Beste hortz baten morfologiak ez du bat egiten ez H. erectus, ez neandertal, ez H. sapiens espeziekoen hortzekin»

Bi artikulutan argitaratu dituzte egindako aurkikuntzak. Horietako batean azaldu dutenez, ikertzaileek topatutako bederatzi hortz horietatik zortzi Homo erectus espezieko indibiduoenak dira, baina orain arte ezagutzen ez zen populazio bati dagozkie. Beste hortz baten morfologiak ez du bat egiten ez H. erectus, ez neandertal, ez H. sapiens espeziekoen hortzekin, eta ikertzaileek iradoki dute denivorarrena izan daitekeela. Beraz, ondorioztatu dute gutxienez antzinako gizakien bi leinu bizi zirela eskualde berean garai hartan.

Bigarren artikuluan azaldutakoaren arabera, H. erectusen hortzetan detektatutako elementuek adierazten dute ekosistema tropikaletako elikagaiak jaten zituztela. Orain arte uste zen Homo sapiens espeziea zela oihan tropikaletan bizi izan den leinu bakarra.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia