Historiaurreko aztarnategi bat, Pirinioetako goi-mendian

338 haitzuloko aztarnategian lanean


Urte luzez, zientzialariek uste izan dute, historiaurrean, gizakiak gutxitan joaten zirela goi-mendietara, eta, egonaldiak egitekotan, oso noizbehinkakoak izango zirela. Alabaina, Pirinioetako 338 kobazuloko aztarnategiak kontrakoa erakusten du; alegia, maiztasunez joan izan zirela, mendez mende, eta jarduera garrantzitsuak egiten zituztela han.

«hirugarren mailan, 11 urteko gaztetxo baten edo gehiagoren hezurrak ere aurkitu dituzte»

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko eta IPHES-CERCAko ikertzaileak aritu dira 338 kobazuloa industen eta aztarnak analizatzen. Catau de l’Os (Hartzaren gordelekua) izenez ezagutzen da kobazuloa, eta Nuria haranaren eta Puigmal tontorraren artean dago, 2.235 metroko garaieran.

Bigarren eta hirugarren geruzak

Indusketan, oraingoz, lau geruza identifikatu dituzte. Lehen geruza, berriena, mehea da, eta garai historikoko objektu gutxi batzuk baino ez ditu. Zaharrenak 6.000 urte ditu, eta ikatz-zati batzuk bakarrik aurkitu dituzte han. Bigarrengoan, ordea, 23 su aurkitu dituzte, mineral berde baten arrastoekin. Malakitaren antza du, eta kobrea erauzteko tratatuko zutela uste dute ikertzaileek.

«maskorrekin eta hartzen ebakortzekin egindako zintzilikarioak azaldu dira bigarren mailan»

Horrez gain, ondorioztatu dute kobazuloa behin eta berriro okupatu zutela garai hartan (duela 3000 urte inguru). Apaingarriak ere aurkitu dituzte bigarren maila horretan; tartean, maskorrekin eta hartzen ebakortzekin egindako zintzilikarioak.

Malakita

338 haitzuloan aurkitutako malakita zatiak. ARG: Maria D. Guillén / IPHES-CERCA


Hirugarren geruzak 4.000 eta 5.500 urte bitartean ditu, eta, suteak ez ezik, 11 urteko gaztetxo baten edo gehiagoren hezurrak ere aurkitu dituzte. Nonbait, han hobiratu zuten edo zituzten.

Ikertzaileen esanean, kobazuloa leku estrategikoan dago, eta, aztarnek iradokitzen dutenez, leku garrantzitsua zen komunitatearen antolamenduaren eta ekonomiaren ikuspegitik. Ikerketaren emaitzak Frontiers in Environmental Archaeology aldizkarian argitaratu dituzte irekianeta, aurreratu dutenez, aztarnategia arakatzen jarraituko dute.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali