}

Heldu da Envisat espazioratzeko ordua

2002/02/28 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

ESAk gaur gauean jaurtiko du ingurumenari buruzko informazioa jaso eta bidaliko duen Envisat satelitea. Hortaz, iluntzean, ESAko arduradunen begiradak Frantses Guyanako Kourou herrirantz zuzenduta egongo dira. Bertatik abiatuko da satelitea espaziora bidaltzeaz arduratuko den Ariane 5 jaurtigailua.

Envisat goitik behera hornitutako ESAren satelite handiena eta konplexuena da. 25 metro luze eta hamar metro zabal da, eta zortzi tona baino gehiagoko pisua du. Bere eginkizuna ingurumenari buruzko datuak batu eta bidaltzea izango da, eta horretarako hainbat tresna ditu.

Aurreikusitakoaren arabera, programa 15 urtez egongo da martxan eta satelitea eraikitzea, jaurtitzea eta satelitearen bost urte espazioan edukitzea 2,3 milioi euro kostatuko da. Kostua handia da, baina ESAko arduradunek gogorarazi dutenez, klima-aldaketa eta gainerako ingurumen-arazoak guztion ardura dira eta, horregatik, ez dute aurrekontuetan murrizketarik egin. Beste era batera esanda, Envisat programa kafe bat adina kostatuko zaigu europar bakoitzari urtean.

Zenbat datu, hainbat tresna

Bete beharreko eginkizunak gastuaren neurrikoak izango dira. Besteak beste, berotegi efektuari, ozono-geruza suntsitzeari eta klima-aldaketari buruzko datozen bost urteetako informazioa bilduko du. ESAko arduradunen arabera, informazioa funtsezkoa izango da klima-aldaketari buruzko erabaki politikoak hartzeko.

Datu horiek batzeko, hainbat tresna ditu Envisat sateliteak.

Advanced Synthetic Aperture Radar (ASAR) radarrak bidalitako irudiei esker, Lurraren azaleraren aldaketa txikienak ere iragarri ahal izango dira. Instrumentu hori, iragaite bakarrean, Lurraren azalaren mapa diseinatzeko gai da hamar bat metroko bereizmenarekin eta, gainera, atmosfera-kondizioek ez dute bere lana baldintzatzen. Horri esker, hondamendi artifizialak eta naturalak aurreikusi ahal izango dira. Hala nola, sumendi baten leherketa aurreikus daiteke, baita lehen mugimenduak zentimetro batzuetakoak soilik izanda ere.

Global Ozone Monitoring by Occultation of Stars (GOMOS) detektagailuak, berriz, planetaren inguruan ozonoa nola banatzen den zehaztuko du. MIPAS eta SCIAMACHY hiru dimentsioko mapa orokorrei esker, atmosferako gas guztien berri izango da. Zehaztasun handienarekin, negutegi-efektuan eragina duten gasak neurtuko dira, hala nola, metanoa eta karbono monoxidoa. Gauza jakina da urtero, abuztuaren eta irailaren hasieran, Antartikako goi-atmosferako ozono-maila ikaragarri txikitzen dela. Erreakzio kimikoen kate batean, kloro-atomoek, gehienbat CFC gasetatik datozenek, ozonoa eskala handian deuseztatzen dute. Ondorioz, planetaren zati bat erradiazio ultramoreekiko babesik gabe gelditzen da. Gertaera hori hobeto ulertzeko baliagarria izango da GOMOSek bidalitako informazioa. Izan ere, detektagailua, eskala oso txikian, munduko edozein lekutako ozono-mailaren berri emateko gai izango da.

Advanced Along Track Scanning Radiometer (AATSR) tresnak itsas azaleko tenperatura zehatza neurtuko du eta Medium Resolution Imaging Specrometer Instrument (MERIS) espektrometroak ozeanoaren kolorearen berri emango du. Kolore-banaketari esker, fitoplanktona nola banatzen den jakingo da. Fitoplanktona biosferako karbono dioxidoaren xurgatzaile da eta, beraz, informazio hori klima-aldaketa neurtzeko baliagarria izango da. Bestalde, radarraren altimetroak itsas-mailaren aldaketa txikienak eta poloetako izotzaren topografia neurtuko ditu. Datu hori preziatua izango da El Niño bezalako fenomeno meteorologikoak aurreikusteko. Izan ere, El Niño gertatu aurretik, itsasoan eta lurrean ezohiko tenperatura-igoerak izaten dira, eta, itsas maila 50 bat zentimetroz emendatzen da. Radarraren altimetroak itsas mailaren aldaketa hori antzeman dezake.

Argi dago, beraz, Envisat -etik informazio preziatua jasoko dutela meteorologoek eta gainerako adituek. Klima-aldaketari buruzko neurriak hartzeko politikoek datu horiek guztiak aintzat hartuko dituzten edo ez, hori beste kontu bat da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia