Sukaldean, harraskara begira zegoen, adi. Beste edonork ur zikina ikusiko lukeen tokian, berak jakin-mina eta ikertzeko gogoa pizten zioten gertaera bitxiak ikusten zituen: nola xaboi tanta batek, olio arrasto batek edo koipe pixka batek uraren portaera erabat aldatzen zuen. “Uraren gainazalaren portaera anormala aurkitu dut”, idatzi zuen bere egunkarian 1881ean, 18 urte zituela”. Hamar urteko ikerketa baten abiapuntua izan zen.
Agnes Pockels 1862an jaio zen Venezian. Garai hartan hiria Austriar Inperioaren parte zen, eta armadako ofiziala zuen aita. Malariak jota, aitak erretiro goiztiarra hartu behar izan zuenean, Brunswickera (Alemania) joan ziren bizitzera. Han, nesken institutuan ikasi zuen. Orduan konturatu zen natur zientziak izugarri gogoko zituela; bereziki, fisika. Tamalez, garai hartan Alemanian emakumeek ezin zuten unibertsitatean matrikulatu. Institutukoa izan zen jasoko zuen hezkuntza formal bakarra.
Anaia gazteak bai, ikasi ahal izan zuen fisika Göttingengo Unibertsitatean. Hark etxera ekartzen zituen liburu eta testuak pasioz irakurtzen zituen Agnesek. Horri esker, harraskako ura behatzen hasi zenerako, ongi landuta zeukan begirada zientifikoa.
Ez zuen laborategirik. Ezta tresna berezirik ere. Baina, kosta ahala kosta, harraskako fenomeno horiek aztertu behar zituen.
Berak eraiki zuen horretarako behar zuen tresna: metalezko erretilu luze bat, gainazala xafla mugikor baten bidez estutu edo zabaltzeko aukera ematen zuena. Botoi txiki batekin eta balantza sinple batekin gainazal-tentsioa neur zezakeen. “Schieberinnea garatu dut”, idatzi zuen egunkarian, 1882an.
Etxean sortutako gailu horrekin zehaztasun handiko neurketak egin ahal izan zituen Pockelsek, eta ordura arte inork lortu gabeko emaitzak erdietsi zituen. Hamar urtez aritu zen neurketak egiten, sistematikoki, koadernoz koaderno. Deskribatu ahal izan zuen olio-kontzentrazio desberdinekin nolakoa den gainazaleko tentsioaren portaera orokorra, eta hainbat olioren zein kantitate behar den azalera ezaguneko monogeruza bat eratzeko.
«Edonork ur zikina ikusiko lukeen tokian, berak jakin-mina eta ikertzeko gogoa pizten zioten gertaera bitxiak ikusten zituen»
Anaiak bakarrik zuen arrebaren ikerketen berri, harik eta Agnesek Lord Rayleigh fisikariari idaztea erabaki zuen arte. Izan ere, irakurria zuen hark ikergai beraren inguruan egindako lan bat. 1891ko urtarrilaren 10ean, hamabi orrialdeko gutun bat idatzi zion. Honela hasten zen: “Ene jauna, barkatuko ahal didazu gai zientifiko bati buruzko alemanezko gutun batekin zu gogaitzera ausartzeagatik. Ur-azalen propietate ezezagunei buruz iaz egin zenituen ikerketa emankorren berri izanik, pentsatu dut agian interesatuko litzaizukeela gai horri buruz egin ditudan behaketa batzuen berri izatea. Hainbat arrazoirengatik ez nago aldizkari zientifikoetan argitaratzeko moduan, eta beraz, bide hau aukeratu dut nire emaitza garrantzitsuenak zuri helarazteko…”
Egindako ikerketaren berri eman ondoren, honela zioen, gutunaren amaieran: “Pentsatu dut emaitza hauek ez nizkizula ezkutatu behar, nahiz eta fisikari profesionala ez izan. Berriz ere, otoi, barkatu ausardia”.
Lord Rayleighri zeharo interesgarria iruditu zitzaion Pockelsen lana. Eta alemanez idatzitako gutun hura emazteak ingelesera itzulita, Nature aldizkarira bidali zuen, aurkezpen-gutun batekin: “Eskertuko nizueke dama alemaniar batengandik jaso dudan gutun interesgarri baten itzulpen honentzat lekurik topatuko bazenute. Izan ere, oso etxeko tresnekin, kutsatutako ur-azalen portaerari buruzko emaitza baliotsuak lortu ditu. Miss Pockelsen gutunaren lehen zatiak neure azken lanaren zati baten ia esparru bera hartzen du, eta, nagusiki, harekin bat egiten. Ondorengo atalak oso iradokitzaileak iruditzen zaizkit, galdera garrantzitsu asko planteatzen edo bete-betean erantzuten baititu. Laster, Miss Pockelsen esperimentu batzuk errepikatzeko aukera izatea espero dut”.
1891ko martxoaren 12an argitaratu zen Agnes Pockelsen gutun hura Nature aldizkarian, "Surface Tension" izenburupean. Horren ondoren, Göttingengo Unibertsitatetik gonbidapen bat jaso zuen hango fisikako laborategia erabiltzeko. Ezin izan zuen onartu, osasunez ahul zeuden gurasoen zaintzak ez baitzion horretarako aukerarik uzten.
Hala ere, ez zion ikertzeari utzi. Bere doitasun bereizgarriarekin ikertu zituen geruza monomolekularren gainazaleko indarrak, hainbat likidok kristalean duten itsaspena eta emultsioen eta disoluzioen azaleko tentsioak. Hurrengo hamarkadetan beste hainbat artikulu argitaratu zituen, Naturen, eta Alemaniako beste aldizkari batzuetan. Eta gutunbidezko harremana izan zuen hainbat ikertzailerekin.
1932an, 70 urte zituela, Brunswickeko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen, gainazaleko tentsioa neurtzeko metodo kuantitatiboaren asmatzaile izateagatik. Urte hartan bertan, Irving Langmuirrek Nobel saria jaso zuen, metodo horretan oinarrituta egindako lanagatik.
Irudia: Manu Ortega Santos/CC BY-NC-ND
Langmuirrek, Pockelsen schieberinnea hobetuta, gaur egun oraindik erabiltzen den Langmuir balantza garatu zuen. Eta gailu horrekin ikerketa zabalagoak eta aurkikuntza garrantzitsuak egin zituen gainazalen zientzian. Nobel saria jaso zuenean aipatu ez bazuen ere, bere lorpenen zati bat hemezortzi urteko emakume batek, inolako prestakuntza zientifiko formalik gabe, erretilu batekin etxean egindako esperimentuetan oinarritua zegoen.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia



