}

Hamaika zitriko eta bat gehiago

2002/05/29 Elhuyar Zientzia

Citrus generoak espezie ugari biltzen ditu, hala nola, laranja gozoa eta mingotsa, limoia, lima, pomeloa, mandarina, kumquata, eta hibridazioz sortutako beste barietate asko eta asko.

Euskal Herrian kontsumitzen direnak Espainiatik datoz, eta oso preziatuak dira, batez ere neguan, beste fruituen eta barazkien aukera gutxi egoten delako eta C bitaminaren primerako iturriak direlako. Izan ere, zapore onekoak izateaz gain, osasuntsuak dira, eta jakina da propietate onuragarri ugari dituztela.

Dena dela, zitrikoak ez dira elikagai izatera mugatzen, bestelako erabilera ere ematen baitzaie. Adibidez, mendeak dira lorategiak eta kale-bazterrak apaintzeko erabiltzen direla; horren erakusgarri dira Granadako Alhambrako eta Sevillako Alkazarreko laranja mingotsen arbolak. Gaur egun, eskaera handiena lore-ontzitan hazteko zitrikoek dute, eta 60 bat espezie erabiltzen dira, neurri apala hartzen dutelako eta oso loraldi ikusgarria eta lurrintsua dutelako.

Hain juxtu, lurrina da zitrikoen beste ezaugarri interesgarrietako bat. Esate baterako, laranjatik hiru esentzia-olio lortzen dira. Laranjaren azaletik eta loreetatik ateratzen direnak elikagai-industrian erabiltzen dira, eta loreetatik eta hostoetatik ateratakoak, berriz, lurringintzan. Ez laranja bakarrik, limoia, pomeloa, mandarina eta beste zitriko batzuk ere aspalditik erabiltzen dira lurringintzan, zitrikoen esentzia-olioek lurrinen irteera-notak indartzen dituztelako, eta freskotasuna eta garbitasuna ematen dietelako lurrinei.

Hortaz, argi dago zitrikoak ez direla gustagarriak soilik ahoarentzat, baita ikusmenarentzat eta usaimenarentzat ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia