Gibeleko gaixotasun polikistikoarentzako estrategia terapeutiko berri bat aurkitu dute EHUko, Biogipuzkoako, Bobizkaiako eta CIBERehd-ko ikertzaileek. Frogatu dute estatinek, kolesterola murrizteko erabiltzen diren sendagaiek, gibeleko kisteen hazkundea geldiarazi eta gaixotasunaren progresioa moteltzen dutela. Aurkikuntza bereziki garrantzitsua da, dagoeneko eskuragarri dauden farmakoetan oinarritzen baita, eta haien segurtasun-profila oso ezaguna baita praktika klinikoan. Hepatology aldizkarian argitaratu dute lana.
Gibeleko gaixotasun polikistikoa herentziazko nahasmendu bat da; gibelean kiste anitz agertzen dira eta pixkanaka hazten dira. Kasu askotan urteetan zehar sintomarik gabe garatzen da, baina fase aurreratuetan gibelaren tamaina nabarmen handitzea, abdomeneko mina, digestio-arazoak eta bizi-kalitatearen galera esanguratsua eragin ditzake. Gaur egun ez dago tratamendu eraginkorrik, gibel-transplanteaz harago (kasurik larrienetan).
Ikerketak frogatu du kisteak osatzen dituzten zelulek metabolismo energetikoan alterazio sakona dutela. Zehazki, jarduera mitokondrial handiagoa eta energia-ekoizpen handiagoa erakusten dute; egoera horrek zelulen hazkundea eta ugalketa kontrolik gabea sustatzen ditu. Gainera, ikertzaileek kolesterolaren metaketa anomaloa identifikatu dute zelula horietan. Aurkikuntza horretatik abiatuta, estatinak erabiltzea planteatu zuten zelulen portaera anomalo hori blokeatzeko estrategia gisa.
Eredu esperimentaletan, estatinekin egindako tratamenduak nabarmen murriztu zuen kisteen hazkundea, eta, gainera, gibeleko hantura eta fibrosia txikiagotu zituen. Ikerketak DIPAK nazioarteko kohortean parte hartzen duten pazienteen datu klinikoak ere jaso zituen —giltzurrun-polikistosi autosomiko gainartzailea (PQRAD), gaixotasun genetiko arraroa, ikertzeko diseinatutako kohorte akademikoen azterketarik handiena—, eta ikusi zen estatinak hartzen zituzten pazienteek gibel-bolumenaren hazkunde txikiagoa zutela tratamendu hori jasotzen ez zutenek baino.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia



