Giza eboluzioa berridazten

2021/12/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Giza eboluzioa modu zirraragarrian kontatu digute: mamut handien ehiza, garunaren garapena, Afrikatik mundu osora zabaltzea… Baina apenas daude emakumeak kontakizun horretan. Ustez gure espeziearen garapenerako gakoak izan diren asmakizunak gizonezkoei esleitu izan zaizkie, eta emakumeek biologikoki natural zituzten ekarpenak ikusezin bihurtu. Alabaina, gizakiak egin duen eboluziorako, gero eta ikertzaile gehiagok jotzen dituzte ezinbestekotzat edoskitze luzeak, erditze zainduak eta haurrenganako transmisio kulturala. Hori gabe, ez gara giza eboluzioa ulertzen ari. Kontakizun ofiziala berridazteko garaia da, beraz.
Arg. Eduardo Saiz Alonso/CC BY-NC-ND

Giza eboluzioaren irudiei erreparatuta, badirudi emakumeek eboluzioan egin duten ekarpen bakarra izan dela ondorengoak izatea. Alegia, gizonezkoek animalia handiak ehizatuz eta ahalegin ikaragarriaz lortutako ezaugarri horiei iraunaraztea. Baina giza eboluzioa beste ikuspegi batetik ulertzen lagundu nahi du orain CENIEH giza eboluzioaren ikerketa-zentroak, eta erakusketa ibiltari bat antolatu du, eztabaida pizteko helburuz. Bilbon izan da udazkenean, eta, haren osagarri, hainbat hitzaldi antolatu ditu Kultura Zientifikoko Katedrak. Han eman dute beren iritzia Carmen Manzano Basabe EHUko biologoak, Asier Gómez Olivencia Atapuercako ikertzaile eta EHUko eta Aranzadiko paleontologoak, Arantza Aranburu Artano Atapuercako ikertzaile eta EHUko geologoak, eta Vega Asensio Herrero biologo eta ilustratzaile zientifikoak. Giza eboluzioaren ikerketan, egungo gizartearen ikuspegi androzentristaren joera identifikatzen zuten laurek.

Asier Gómez Olivencia. Paleontologoa. Atapuercako, EHUko eta Aranzadiko ikertzailea.

“Arrasto fosilak direnak dira, baina gero haiekin eraiki dugun kontakizuna aurreiritziz beterik eraiki da. Egungo betaurrekoak erabiltzen ditugu iragana interpretatzeko”, adierazi zuen Asier Gómez Olivenciak. “Adibide bat: Ekialde Hurbilean Erdi Paleolitotik kontserbatzen den ehorzketa bikoitz bakarrean —duela 90.000-100.000 urtekoa—, heldu gazte bat eta ume bat aurkitu ziren. Heldua, Qafzeh 9 deitua, ez zen oso sendoa, eta interpretatu zen emakume bat zela, bere haurrarekin hilobiratua. Horrek bat egiten zuen haurren zaintza erabat emakumeen esku geratzen zen sinesmenarekin. Baina duela gutxi, zalantzan jarri eta aztertu denean, ikusi da gizonezko gazte bat zela”.

“Erremintak ondoan zituen eskeleto bat azaltzen zen bakoitzean ere, zuzenean, gizon bat zela interpretatzen zen; batez ere, animalia handien ehizarako armak baldin baziren. Izan ere, onartutzat eman da ehiza gizonezkoek egiten zutela”, dio Carmen Manzano Basabe biologoak. Erregistro fosilean, ordea, ez dago frogarik pentsatzeko gizonezkoak bakarrik aritzen zirenik ehizan eta emakumezkoak bilketan.

Arg. Eduardo Saiz Alonso/CC BY-NC-ND

“Gogoan dut inoiz aurkitutako ehiztari zaharrenaren ehorzketa azaldu zenean. Peruko Andeetan aurkitu zuten. Duela 9.000 urteko hezur fosilak zeuden ehortzita, animalia handien ehizarako tresnen ondoan. Eta, inork espero ez bazuen ere, frogatu zuten emakume gazte bat zela. Alegia, Ameriketan aurkitutako ehiztaririk zaharrena emakumezkoa da. Hori ikusita, ordura arteko ikerketak berraztertu zituzten, eta ikusi zuten erregistro fosileko ehiztarien % 30-50 emakumezkoak zirela ”.

Ikerketa hark iradoki zuen ezen, lehenengo gizarte ehiztari-biltzaileetan, neska gazteek ere ehiza egiten zutela ama izan arte, eta are geroago ere, taldeko haurren zaintza aloparentalari esker. Izan ere, taldeak zaintzen zituen haurrak eta kolektiboki ematen zitzaien bularra. Garai hartako ehiza-teknologia nagusiak lantza-jaurtitzaileak izateak lagundu zuen taldeko ia edozein kidek parte hartu ahal izan zezan ehizan: emakumeek, gizonek eta baita neska-mutil gaztetxoek ere. Erregistro fosilak agerian utzitako ondorioak ziren, baina ez ziren gutxi izan horren aurrean sinesgogor azaldu ziren zientzialariak.

Ikertzaileek uste dute gerora sortutako ehiza-teknologiek ekarriko zutela gizonezkoen ehiza-espezializazioa. Esaterako, arkuak eta geziak. Beraz, bilakaera kulturalak ekarri zuen hasieran ez zegoen muga.

“Emakumezkoek izango zuten muga bakarra izango zen indar handia eskatzen zuten ekintzak ezin burutzea. Jartzen dizkiegun beste muga guztiek kalte besterik ez dute egiten, eta eboluzioa ulertzea galarazten digute”, dio, kementsu, Manzanok.

Carmen Manzano Basabe. Biologoa. EHUko ikertzaile eta irakaslea.

Ez gara giza eboluzioa ulertzen ari, beraz. Ezin dugu ulertu, begirada garbitzen ez dugun bitartean. Areago, emakumeak eta haien ekarpenak ikusten ez diren bitartean.

Emakumeen ekarpenak, ikusezinak

“Ehizarako teknologia bai, asko nabarmendu da, baina gure espezieak eboluzionatzeko funtsezkoak izan dituen beste elementu batzuk ez ditu agerian jarri giza eboluzioaren kontakizun ofizialak. Hain zuzen, giltzarri izan dira beste espezie batzuekin desberdintzen gaituzten zenbait faktore; hala nola erditzea, edoskitze luzea, haurrak luzaroan zaintzea eta ezagutzaren transmisio kulturala”, azpimarratu du Manzanok.

Zientziak, baina, ez ditu aintzat hartu. Giza eboluzioaren kontakizunean, ezkutuan geratu dira egungo gizarte patriarkalean bigarren mailako aktibitatetzat jotzen diren horiek berak. Bi dira arrazoi nagusiak: batetik, zientzialarien begirada partziala eta aurreiritziz betea, oro har emakumeen ekarpena gutxiesten duena; eta, bestetik, jarduera horiek ez dutela erregistro fosilik uzten. Zenbateraino izan dira giltzarri, ordea, giza eboluzioan?

Erditzea eta bularra ematea

Bipedismoa da hominidoen ezaugarri bereizgarri bat. Baina, tente ibiltzen hastean, gizakion pelbisak birkokatu egin behar izan zuen: postura-aldaketaren ondorioz, erditze-kanala estutu egin zen, eta zuzena izateari utzi zion. Orduz geroztik, txinpantzeek ez bezala, giza jaioberriek biraketa bat egin behar izaten dute erditzean, eta atzera begira jaiotzen dira, amari begira jaio beharrean. Horrek jaiotza konplikatzen du. Txinpantzeen jaiotzak errazak eta guztiz autonomoak badira ere, emakumeek kideen laguntza beharko zuten erditzean. Hala, erditzea ekintza soziala bilakatu zuen bipedismoak, eta, aldi berean, prozesu konplexua eta taldearen jarraipenerako giltzarria. Proposatu da obstetrizia gizakiaren lehenengo lanbidea izango zela, bipedismoarekin batera sortua, giza eboluzioaren hasiera-hasieran.

Erditzea ekintza soziala eta taldearen jarraipenerako giltzarria bilakatu zen. Ilustrazioa: Eduardo Saiz Alonso/CC BY-NC-ND.

Areago, erditze-kanala estutu zenetik, giza haur jaioberrien garunak helduenaren bolumenaren % 28 baino ezin zuen izan. Horrek, gainerako hominidoetan ez bezala, jaio ondoren garatu behar izatera eraman zuen giza garuna, eta haurtzaroa zazpi urtera arte luzatu zuen. Hala, giza garunaren garapenean, funtsezkoak bihurtu ziren edoskitze eta zaintza luzeak. Emakume bakoitzak zazpi erditze inguru izango zituen, eta haur bakoitzak hiruzpalau urtez hartuko zuen bularra. Pentsatzekoa da taldearen bizimoduan presentzia handia izango zutela. Baina kontakizun ofizialak alboratu egin ditu. Homo espezieen marrazkietan ez dira azaltzen erditzen ari diren emakumeak eta bularra hartzen duten haurrak. Gizonezkoak dira ugarienak eta gailentzen direnak.

Vega Asensio Herrero ilustratzaile zientifikoa kritikoa da marrazki horiekin: “Ohikoa da lehenengo planoan gizonezkoak azaltzea, aktiboki, erremintak eta armak erabiltzen, eta atzean, emakumeak, bigarren mailako aktibitateak egiten, edo egonean, besterik gabe”.

Vega Asensio Herrero. Biologoa. Ilustratzaile zientifikoa.

“Gogoan dut María Ángeles Querol Fernándezek Atapuercako erakusketa aztertu zuenean ondorioztatu zuena”, dio Manzanok. “Eszena nagusietan 20 gizon azaltzen ziren, eta 3 emakume bakarrik. Gizonezkoak jarduera hauetan azaltzen ziren: ehizan, harriak lantzen, makilak zorrozten, kobazuloaren sarrera zelatatzen, hildakoak lurperatzen, larruak karrakatzen eta zuhaitzetatik baiak biltzen. Emakumeak, ordea, egonean, jaten edo, gehienez, haurtxoa zaintzen, atzean”.

“Ilustrazio zientifikoak emakumea ikusezina egin du”, dio Asensiok. “Haurrei galdetuta, agerian geratzen da: ez dituztenez emakumeak ikusten irudietan, uste dute gizonezkoak bakarrik zeudela garai hartan. Historiaurreko gizaki baten lehen irudikapen zientifikoa 1873an argitaratu zenetik gaur egun arte, irudi maskulinoak dira nagusi. Horrek pentsarazten digu arrak direla eboluzioaren motorra eta Historiaurreko protagonista bakarrak. Baina zergatik ez erakutsi bi sexuak eta haien arteko lankidetza ilustrazioetan, espeziearen biziraupenean biak giltzarri izan direla ulertarazteko?”

Transmisio kulturala

“Bestetik, ulertu behar dugu gure leinuaren eboluzioa ez zela izan prozesu biologiko hutsa, biokulturala baizik”, dio Manzanok. “Alegia, nire ustez, ezin dugu hitz egin giza eboluzioaz biologia hutsetik. Biologiaren ikuspegitik tximu afrikar arraro batzuk besterik ez gara. Eta zein dira gure arrarotasunak tximuen artean? Bada, bipedismoa eta kultura bati erabat lotuta gauden animaliak garela. Alegia, kultura erabiltzen zutela ingurumeneko aldaketetara egokitzeko. Bada, espezializazio kultural berri hori funtsezkoa izan zen gure espezieak arrakasta izan zezan, aldaketa garrantzitsuak ekarri baitzituen taldean funtzionatzeko moduan: taldea modu kooperatiboan zaintzen hasi zen, eta ikasketa sozialak indarra hartu zuen. Baliabide kultural berri horiekin, mundu osora zabaldu ziren gizakiak. Sua sortu zuten, teknologia eta sinesmen partekatuak”. Beraz, litekeena da haurren zaintza eta transmisio kulturala giltzarri gertatu izana giza eboluzioan. Horrek ere ez du behar duen tokirik izan bertsio ofizialean, ordea.

Ikasketa soziala eta transmisio kulturala giltzarri izan dira giza eboluzioan. Ilustrazioa: Eduardo Saiz Alonso/CC BY-NC-ND.

“Bestetik, badirudi gure arrakasta ebolutiboan garrantzitsua izan dela, era berean, emakumeak emankor izateari gazte uztea. Alegia, menopausia goiztiarra. Alabei laguntzeko, eta haien haurrak hobeto zaintzeko eta haiek bizirik irauteko aukera handitu zuen. Eta, hala ere, guztiz estigmatizatua iritsi da gaurdaino bizitzaren etapa hori. Apenas azaltzen dira klimaterioan eta zahartzaroan dauden emakumeak, eta uste dut eboluzioaren kontakizunean garrantzia eman behar zaiela gizakion etapa guztiei”, hausnartu du Asensiok.

Aldatzeko, emakumeak ahaldundu

Arantza Aranburu Artano. Geologoa. Atapuercako eta EHUko ikertzailea.

Begirada partziala izatearen arrazoietako bat da, hain zuzen ere, orain gutxi arte ikertzaile gehienak gizonezkoak izan direla, eta kanpoan utzi dutela emakumeen begirada. Esaterako, testuinguru karstikoetako kobazuloetan giza eboluzioa ikertzen dutenen gehiengoa gizonezkoak dira. Arantza Aranburu Artano geologoak eman ditu gako garrantzitsu batzuk: “Kontziente izan behar dugu emakumeok zer behar ditugun ikertu ahal izateko. Ahaldundu behar dugu espeleologian, kobazuloetan bideak zabaltzeko, gidari-lanak egiteko, rapelatzeko… Nola interpretatuko dugu giza eboluzioa beste modu batean, guk geuk oraindik ere halako muga mentalak baditugu? Hainbeste zama du gugan kulturak, ezen ikaragarri kostatzen baitzaigu begirada aldatzea”.

Galdera berriak

Orain, ikusita zer garrantzi handia duen zientziaren kontakizuna berraztertzeak, zer galdera berrikusi behar ditu giza eboluzioaren ikerketak?

“Egia esan, aurreiritzi asko daude giza eboluzioaren kontakizunean, ez bakarrik generoari dagozkionak. Arrazakeriaren eta ikuspegi kolonialistaren zantzuak ere badaude”, hausnartu du Gómezek. “Hori dena ekiditeko, ezinbestekoa da denok horren kontzientzia izatea eta elkarlan handiagoa egitea humanitate-zientziekin. Ezin gara bakarrik aritu”.

Erlijioaren eragina eta eboluzioaren irudiak agerian uzten duen finalismoa bera ere kritikatu ditu Manzanosek: “Txinpantzetik gizakira ez da katerik egon. Biek dugu aitzindari komun bera orain dela 6-8 milioi urte, eta hominidoen eboluzioaren irudia ez da progresio lerroa izan, zuhaixka bat baino. Erlijioak “kutsatu” gaitu horretan, eta kate-irudiak nahasgarriak dira”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia