Gibeleko minbizi primario erasokorrenetako baten itu terapeutiko berri bat identifikatu dute

MARCO errezeptorea identifikatu dute elementu giltzarri gisa kolangiokartzinoma minbizi-formaren ingurune protumoralaren erregulazioan.

Kolangiokartzinoma gibeleko minbiziaren forma erasokorrenetako bat da. ARG.: BiancaVanDijk/Pixabay


EHUko eta IIS Biogipuzkoako zenbait ikertzailek gidatutako nazioarteko ikerketa batean argitu dute MARCO deritzon errezeptorea itu terapeutiko izan daitekeela gibel barneko kolangiokartzinoma tratatzeko. Kolangiokartzinoma gibeleko minbiziaren forma erasokorrenetako bat da, baita pronostiko txarrena dutenetako bat ere. Hasierako fasean sintoma ez-espezifikoak dituenez, askotan minbizia aurreratuta dagoenean diagnostikatzen da, eta horrek zaildu egiten du tratamendua.

Ikerlanaren autore nagusia Aloña Agirre Lizaso da, eta Matxus Perugorria doktorea eta Jesús M. Bañales doktorea izan dira zuzendarikideak. Ikerlana Signal Transduction and Targeted Therapy aldizkarian argitaratu da.

Azken urteotan egindako zenbait ikerlanek agerian utzi dute nolako garrantzia duen tumore-mikroinguruneak kolangiokartzinomaren garapenean eta progresioan. Tumoreen % 60k baino gehiagok T linfozito zitotoxiko gutxi dute, eta zelula horiek arduratzen dira, batez ere, minbizi-zelulak suntsitzeaz. Hori dela eta, erantzun immunitarioa ez da gai tumoreari eraginkortasunez aurre egiteko.

Testuinguru horretan, ikerlanak MARCO errezeptorea identifikatu du elementu giltzarri gisa ingurune protumoralaren erregulazioan. Ikertaldeak frogatu du MARCO errezeptorea tumorearekin erlazionatutako makrofago-azpimota espezifiko batean espresatzen dela. Makrofago horiek tumorearen aurkako erantzuna moteltzen dute, eta, ondorioz, minbizia bera eta tumorearen ondoriozko fibrosia handitzen dute.

Paziente batzuen tumore-laginak aztertuta, ikusi dute MARCOren adierazpen handia duten tumoreak erlazionatuta daudela biziraupen txikiagoarekin eta tumore-ingurune erasokorragoarekin. Gainera, frogatu dute MARCOren aurka zuzendutako antigorputz bat tratamenduan erabiltzeak tumorearen tamaina murriztu zuela animalia-ereduetan, eta horrek are gehiago indartzen du estrategia honen balio terapeutikoa.

Beraz, emaitzak ikusita, esan daiteke MARCO etorkizun handiko itu immunoterapeutikoa izan daitekeela gibel barneko kolangiokartzinomaren tratamenduan. Ikertzaileek azpimarratu dutenez, errezeptore hori blokeatzea lagungarri izan daiteke tumore-immunoezabapena alderantzikatzeko eta immunitate-sistemak minbiziari aurre egiteko duen gaitasuna indartzeko.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna