}

Farmazia erraldoiena ez da onena

2008/10/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Internet munduko farmazia handiena da. Denetik eskaintzen du, sendagai ospetsuenetatik hasi eta tratamendu exotikoetaraino. Erosleari erraztasun guztiak ematen dizkio: ez du ordutegirik, posta elektroniko bidez eskaintza paregabeak bidaltzen dizkio edonori, inork ez dio eroslearen aurpegiari erreparatzen, inork ez du galdera pertsonalik egiten, eta, errezetarekin saltzen diren botikekin ere, ia inoiz ez du errezeta eskatzen. Bai, denetik eskaintzen du... segurtasuna izan ezik.
Farmazia erraldoiena ez da onena
2008/10/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: A. Hart-Davis; Artxibokoa)
Sarean saltzen diren botiken hirutik bi faltsuak dira, Interneten dauden farmazien % 95,6 ilegalak dira, sendagaiak saltzen dituzten web guneen % 94k ez dute farmazialari baten izenik ematen, eta hamarretik bederatzik ez diote errezetarik eskatzen erosleari. Hala ohartarazi du Europan saltzen diren sendagaien segurtasunaz arduratzen den elkarteak, EAASMk ( European Alliance for Access to Safe Medicines ).

Datuak ikusita, pentsatzekoa da sendagaiak Internetez erostea arriskutsua izan daitekeela. Eta hala da; muturreko kasuetan, heriotza ere ekar dezake. Adibidez, duela hilabete eskas Selena Walrond izeneko gazte britainiarra hil egin zen, Interneten erositako botika bat hartzeagatik.

Walrondek 26 urte zituen, eta Estatu Batuetan zein Europan saltzea debekatuta dagoen konposatu bat erosi zuen, dinitrofenola; ustez, Txinako web gune batetik eskuratu zuen konposatua. Nonbait, kulturistek eta atletek hartzen dute, pisua galtzeko, eta neskak ere helburu hori zuen. Alabaina, gomendatutako dosiaren halako bost hartu zuen, eta bihotzekoak emanda hil zen hurrengo egunean.

Kasu guztiak ez dira hain larriak, baina, EAASM elkarteak egin duen ikerketaren arabera, Internetez erositako sendagaiek ez dute inolako bermerik, eta mesede baino kalte handiagoa egin diezaiokete kontsumitzaileari.

Ikerketaren nondik norakoak

Oso erraza da edozein botika eskuratzea Internet bidez. Dirua besterik ez da behar.
Artxibokoa

Aurten argitaratu du elkarte horrek Internet bidez saltzen diren botikei buruzko ikerketaren emaitza. Zehazki, errezeta behar duten botiken salmenta ikertu dute. Emaitzaren berri ematean, hasieran aipatutako datuak nabarmendu dituzte elkartekoek, baina askoz gauza gehiago ere jakin dituzte ikerketari esker.

Ikerketaren bitartez, bi galdera hauei erantzun nahi zieten: batetik, lagina osatzen zuten Interneteko farmazietatik zenbatek saltzen zituzten ilegalki errezeta behar duten botikak, eta, bestetik, sareko farmaziak saltzen dituzten sendagaietatik zer proportziotan diren faltsuak edo kalitate txarrekoak.

Horretarako, lehen pausoa Interneten botikak erosten saiatzea izan zen. Ez zitzaien asko kostatu horiek eskaintzen zituzten web guneak topatzea. Nahikoa izan zuten hainbat bilatzailetan gako-hitz batzuk idaztea, ingelesez --erosi (botikaren izena) on line, farmazia on line, farmazia merkea, sendagaiak on line--, web gune piloa lortzeko.

Horrez gain, posta elektronikoan jasotzen diren zabor-mezuen bidez ere topatu zituzten botiken saltoki gehiago. Izan ere, posta elektronikoan jasotzen diren mezuen % 95 spam dira, eta horietatik laurdena sendagaiei buruzkoak dira, sarearen eta postaren segurtasunaz arduratzen den Ipswitch enpresaren arabera.

Guztira, ehun web gune baino gehiago aurkitu zituzten. Lehen galderari erantzuteko, banan-banan ikertu zituzten, eta, emaitzaren arabera, Interneten sendagaiak era legalean eta etikoan saltzen dituen leku bat topatzeko aukera benetan eskasa da: web guneen % 9,7tan baino ez zioten erosleari errezeta eskatu, nahiz eta eskatutako botikak eskuratzeko ezinbestekoa den. Salerosketa hori, ilegala ez ezik, ikerketagileen iritziz ez da etikoa, saltzaileek ez baitute aintzat hartzen pazientearen osasuna eta ongizatea.

Ikertutako 10 web guneetatik batean baino gutxiagotan eskatu zioten errezeta erosleari.
Artxibokoa
Areago, ikertutako farmazien % 84,5ek ez zuten helbide fisikorik. Horrenbestez, erosleren batek erreklamazio bat egin nahiko balu, ezingo luke inora jo, web gunearen Interneteko helbidea besterik ez luke izango. Eta oso ohikoa da helbide horiek egun batetik bestera desagertzea.

Halaber, web guneen % 5 baino gutxiago azaltzen ziren farmazia ofizialen zerrendetan; % 6,2tan bakarrik ematen zuten benetako farmazialari baten izena eta harekin harremanetan jartzeko aukera; botiken prezioetan beherapenak eta eskaintza bereziak agertzen ziren web gune askotan, berez horrelakorik onartzen ez den arren...

Hori guztia ikusita, ondorio garbia atera du EAASM elkarteak: oro har, Internet bidez botikak saltzen dituzten web guneak ez dira, inolaz ere, fidagarriak.

Bigarren urratsa

Sareko farmazia oso gutxitan eskaintzen dute farmazialari baten aholkua.
Artxibokoa

Sendagaiak kontrolik gabe edonoren eskura jartzea arriskutsua bada ere, are arriskutsuagoa da ez izatea produktuaren gaineko bermerik; alegia, ez jakitea sendagaia egiazkoa eta kalitatezkoa dela. Hain zuzen ere, hori argitzeko asmoz planifikatu eta burutu zuten ikerketaren bigarren zatia.

Ikertzaileek kreditu-txartel bat hartu zuten (MasterCard), eta hemezortzi botika ezagun eskatu zituzten Interneteko farmazietan. Botika horiek aukeratzeko, Estatu Batuetan gehien saltzen diren botiken zerrendari erreparatu zioten. Bide batez, aipatzekoa da botika horiek eta horien antzekoak direla zabor-mezuetan agertu ohi direnak.

Hemezortzi botika horietatik, hiru zutitzearen disfuntzioak tratatzeko dira (Cialis, Levitra, Viagra); bat, ilea erortzea galarazteko (Propecia); beste bat, argaltzeko (Reductil); sei, arnas edo zirkulazio-aparatuko gaitzak tratatzeko (Lipitor, Plavix, Seretide, Coversyl, Micardis, Spiriva); bost, depresioaren, Alzheimerraren eta buruko beste gaixotasun batzuen aurkakoak (Zyprexa, Efexor, Risperdal, Aricept, Reminyl), eta hainbat asaldura sendatzeko asko erabiltzen diren Zoton eta Myrapex dira azken biak. Guztiak oso ospetsuak dira, eta laborategi ezagunetan egiten dituzte.

Denek, hemezortziek, sendagilearen errezeta behar dute erosi ahal izateko. Alabaina, ikertzaileek web guneetan eskaera egin zutenean, ez zuten inolako zailtasunik izan errezetarik gabe erosteko. Galdera gutxi egin zizkieten, eta ez zieten aholkurik eman. Baten batean, eroslearen osasun-egoerari buruzko formulario sinple bat edo bete behar zen, baina ez zuten ezer egiten erantzunak egiaztatzeko. Kasu bakar batean jaso zuten saltzaileen dei bat: eroslea emakumezkoa zen eta erosi nahi zuen produktua gizonezkoentzat zela ohartarazi zioten. Ikertzaileak bere senarrarentzat zela erantzun zien, eta hori nahikotzat jo zuten saltzaileek.

Egindako eskaera guztiak jaso zituzten, bi izan ezik. Bi eratako azterketak egin zituzten; bat begi hutsez eta bestea laborategian. Lehena egiteko, hogeita bi aditu bildu ziren Londresko Sendagaien Elkartean: pazienteen elkarteen ordezkariak, segurtasun-espezialistak, farmazialariak, sendagaigileak, poliziak, nazioarteko salerosketako aditu bat... Paketeen itxura eta edukiarena aztertu zuten, eta, emaitza ikusita, jasotako produktuak ez ziruditen oso fidagarriak.

Internet bidez jaso zuten botika bakoitza egiten duten laborategira bidali zuten, han azter zezaten.
Artxibokoa
Sendagai batzuek egiazkoen itxura zuten arren, beste batzuk egunkari-paperean bilduta zeuden, eta agerikoa zen kaxa faltsua zela, edo ez zuten argibide-orririk, edo orria hizkuntza askotan zegoen idatzita eta akatsak zituen, edo pilulak zorro garden batean zeuden, beste bilgarririk gabe... Hori bai, bost kasutan pilula batzuk gehiago zeuden, opari.

Laborategiko ikerketa egiteko, botika bakoitza egiten duten laborategira bidali zuten, han aztertzeko. Egiazkoak ziren begiratu behar zuten; osagai aktiboaren proportzioa eta eraginkortasuna zehaztu, eta oker bilduta edo gordeta egoteagatik botikak izan zezakeen galera edo degradazioa aztertu.

Analisien emaitza ez zen batere lasaigarria izan: produktuen % 62 faltsuak ziren edo ez zeuden baimenduta. Aditu-taldeak ikusitakoarekin bat zetorren emaitza hori, ia guztiz: adituek ontzat emandako botika bat laborategian txarra zela frogatu zuten. Aditua ez den edonork, ordea, ez lituzke hain ondo bereiziko egiazko botika eta faltsua.

Gainerakoak, % 38, egiazkoak ziren, jatorrizko laborategietan eginak. Baina horietatik, % 16 Estatu Batuetatik ilegalki inportatuak ziren, eta herenek ez zuten pazienteentzako argibide-orririk.

Garatze-bidean dauden herrialdeetan saltzen diren botiken % 10 faltsuak dira.
Dystopian Optimist/Eskubide batzuk erreserbatuta

Denak bat

EAASM elkarteak ez ezik, beste elkarte eta erakunde batzuek ere egin dituzte Internetez saltzen diren botiken gaineko ikerketak, eta antzeko emaitzak izan dituzte denek. Esaterako, iaz Espainiako kontsumitzaileen eta erabiltzaileen OCU erakundeak egin zuen halako ikerketa bat. Lagina txikiagoa zen, baina nahikoa zen frogatzeko Internetez botikak saltzen zituzten web guneek ilegalki jarduten zutela, eta saltzen zituzten produktuak oso kaltegarriak izan zitezkeela osasunerako.

Munduko Osasun Erakundearen arabera, berriz, helbide fisikoa duten web guneek saltzen dituzten botiken erdiak faltsuak dira. Areago, Internetekoak ez ezik, farmazia guztiak aintzat hartuta, garatze-bidean dauden herrialdeetan saltzen diren botiken % 10 faltsuak dira, eta baita herrialde garatuetan saltzen direnen % 1 ere. Horrek esan nahi du iaz Britainia Handian saldu ziren 7 milioi botika eta Alemanian saldutako 16 milioi faltsuak zirela, adibidez.

Gainera, informazio-zerbitzuen datuek erakusten dutenez, botika ilegalen merkatua esponentzialki hazi da azken urteetan. Europan, 2005ean 2004an baino bi aldiz sendagai faltsu gehiago konfiskatu zituzten (500.000 produktu), eta 2006an aurreko urtean baino bost aldiz gehiago (zehazki, 2,7 milioi). 2007an are gehiago hazi zen, eta hazten jarraitzen du orain ere.

José Luis Segura Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolakuntzako (EKA) komunikazio-arduraduna da, eta, haren esanean, ez dago zalantzarik merkatu hori gorantz doala. Ezin da jakin zenbat jendek erosten dituen botikak Internetez, operazio pribatuak direlako. Gainera, lotsa edo beldurragatik, "salaketa gutxi" egiten direla aipatzen du Segurak. Alabaina, sasisendagaiak, sendagai faltsuak, andeatuak, iraungitakoak, plazeboak eta inolako kontrolik pasa ez duten produktuak saltzen direnez, arazoak egon badaude, nahiz eta ez duten datu zehatzik.

Botika ilegalen merkatua esponentzialki hazi da azken urteetan.
B. Elliot
Edonola ere, EKAk eta kontsumitzaileen segurtasunaz eta pazienteen osasunaz arduratzen diren beste elkarte eta erakundeek kontrol-neurriak zorrozteko eskatzen dute. Europako Batasuneko sendagai-agentziek dagoeneko eratu dute talde bat ( Working Group of Enforcement Officers, WGEO), sendagaien produkzio eta banaketa ilegalari aurre egiteko lan egiten duten eragile guztien arteko elkarlana, koordinazioa eta informazio-trukea errazteko.

Horrez gain, bai Europako Batasunak, bai herrialde bakoitzeko administrazioek ekintza-plan bereziak ezarri dituzte arazoari aurre egiteko. Bitartean, onena gomendioei kasu egin eta botikak farmazia fidagarrietan erostea izango da.

Osasuna arriskuan
Internetez saltzen diren botikak oso kaltegarriak izan daitezke osasunerako; baita hilgarriak ere. EAASM elkartearen ikerketak agerian utzi duenez, hirutik bi faltsuak dira edo ez daude baimenduta. Sendagaiek, osagai aktiboaz gain, hura kontserbatzen eta organismoan izan behar duen eraginari laguntzen dioten beste substantzia batzuk izaten dituzte. Internetez saltzen diren botikek, baina, era askotako akatsak izaten dituzte:
· Batzuek ez dute behar den dosia izaten, eta osagai aktibo gutxiegi izatea gehiegi izatea bezain arriskutsua izan daiteke.
· Beste osagai aktibo bat dute, izan behar dutenaren ordez.
(Argazkia: Artxibokoa)
· Ez dute osagai aktiborik.
· Osagai toxikoak dituzte, hala nola pintura, altzairuentzako argizaria, betuna, talko-hautsa, klera...
· Osagaiak zuzenak dira, baina degradatuta daude, oker biltegiratuta egoteagatik.
· Sendagaiak berak ez du inolako akatsik, baina argibide-orria oker dago edo ez du inolako agiririk.
Belen Larrañaga Arregi: "Kexa gehienak argaltzeko produktuengatik izaten dira"
Belen Larrañaga Gipuzkoako Sendagaigileen Elkartearen Sendagaien Informazio Zentroko zuzendaria da. Harengana jo dugu jakiteko ea hemengo pazienteek sendagai asko erosten dituzten Internetez, eta horrek ondorioak ekartzen ote dizkien. Galdera horiekin hasi dugu elkarrizketa.
Hemen jendeak badu sendagaiak Internetez erosteko ohiturarik? Badakizue arazorik izaten duten produktu horiek kontsumitzeagatik?
Ez, normalean botikak erostera farmaziara joaten da jendea; askotan, betiko farmaziara. Bestalde, hemengo farmazia gutxik eskaintzen dituzte beren produktuak Internetez, eta web gunea dutenek ere ez dituzte sendagaiak saltzen, baizik eta produktu dietetikoak eta higienikoak batez ere. Beraz, oso zaila da produktu horiek erosi eta kontsumitzeagatik arazoak izatea.
Hala ere, badaude arazoak, baina ez dira izaten hemengo farmazietan erositako produktuengatik. Estatu Batuetan, adibidez, gehigarri dietetiko gisa saltzen dira hemen sendagai diren produktu batzuk, eta horiek ere eskuragarri daude Interneten; norbaitek erosi nahi baditu, ez du inolako eragozpenik. Segurtasunik ere ez, ordea.
Hain justu, produktuen segurtasuna eta kontsumoa kontrolatzen ez denean sortzen da arazoa. Adibidez, gutxi barru, melatonina merkaturatuko da Europako Batasunean, jet lag-aren ondorioz sortzen den insomnioa tratatzeko. Horretarako dago baimenduta, ez beste ezertarako, eta hori tratatzeko behar den dosian salduko da. Alabaina, Estatu Batuetan aspalditik dago merkatuan, eta Interneten erraz topatzen da. Baina hor erosten duenak ez dauka inolako bermerik, eta egin diren hainbat azterketatan ikusi dute dosiak ez direla esandakoak. Horrek arazoak sor ditzake, melatoninak kaltea egin baitezake, jendeak bestela uste badu ere.
Belen Larrañaga, Gipuzkoako Sendagaien Informazio Zentroko zuzendaria, bere bulegoan.
(Argazkia: A. Galarraga)
Internetez erositako botikekin arazoak izan dituzten pertsonek jotzen dute zuengana? Eta, hala bada, zein botikarengatik?
Bai, ez askok, baina batzuek deitu izan digute arrazoi horrengatik. Esaterako, Viagraren booma gertatu zenean, izan genuen deiren bat esanaz Viagra erosi zuela eta ez ziola ezer egin.
Hala ere, hobe da ezer ez egitea kalte egitea baino. Esaterako, psoriasia tratatzeko kremei buruzko kexa asko jasotzen ditugu. Erosten dituzte auskalo non, naturalak direlakoan, eta batzuek kortikoide-dosi altuak izaten dituztela ikusi dugu.
Kexa gehienak, dena den, argaltzeko produktuengatik izaten dira. Jendeak mirariak nahi ditu, eta horregatik erosten ditu halako produktuak, medikuarengana edo dietistarengana joan beharrean. Beste batzuek, berriz, Internetara jotzen dute, badakitelako ezingo dutela nahi duten produktua eskuratu modu legalean, errezeta behar dutelako edo ez delako farmazietan saltzen.
Viagraren eta halakoen kasua desberdina da; medikuarengana joateak lotsa ematen dielako erosten dituzte Internetez. Azkenik, larruazalerako kremak arazoarentzat soluziorik topatzen ez dutelako erosten dituzte horrela. Izan ere, larruazaleko gaitz batzuentzat zaila da tratamendu eraginkorra topatzea; azkenean, paziente batzuk hain daude etsita, Internetez saltzen direnak probatzera arriskatzen dira.
Kexa gehienak argaltzeko produktuengatik direla esan duzu. Zer eratako arazoak sortzen dituzte?
Gero eta gaztetxo gehiago, neska zein mutil, saiatzen dira argaltzeko produktuak erosten, baita gizenak ez daudenak ere.
(Argazkia: Artxibokoa)
Kontua da argaltzeko produktu horiek ur-galera eta elektrolito-galera eragiten dutela. Horrenbestez, organismoaren oreka puskatzen dute. Gainera, askok hormona tiroideoak izaten dituzte, eta hipotiroidismoa eragin dezakete.
Egia esan, obesitatea arazo larria da, baina, gainera, kasu batzuetan anorexia edo bulimia edo halako asaldura bat egon daiteke ezkutuan. Alegia, argaltzeko produktuak erosi nahi izaten dituzten pertsona guztiek ez dute obesitatea. Askok, bereziki gaztetxoek, argaldu egin nahi dute kilo bakar bat ere sobran izan gabe ere.
Arazo larria da. Esaterako, iaz kanpaina bat egin genuen ACABE anorexia eta bulimiaren elkartearekin batera, arreta jartzeko, eta kasu horiek detektatzeko, gero eta gehiago baitira farmazietan diuretikoak edo laxanteak erosten saiatzen diren gaztetxoak, neskak zein mutilak, argaltzeko helburuarekin. Batez ere laxante bila etortzen dira, horiek erosteko ez baita errezetarik behar. Farmazietan, ordea, badago kontrol bat, eta guk kasu horiek detektatzeko arreta jartzen dugu. Aldiz, Interneten, nahi dutena eros dezakete, inolako eragozpenik gabe.
Zure ustez, zer egin daiteke jendeak botikak berme guztiarekin eros ditzan, osasuna arriskuan jarri gabe?
Irtenbidea, noski, heziketa da, baina horrek epe luzera ematen du emaitza. Epe motzean, kontrol handiagoa behar da. Agintariak ari dira ahaleginak egiten, baina asko dago egiteko.
Nire ustez, kontrol zorrotzagoa behar da; iragarkiak ere kontrolatu behar dira. Eta isunek gogorragoak izan beharko lukete. Izan ere, oraindik ere ikusten dugu erabat seguruak ez diren produktuen publizitatea, batez ere argaltzeko produktuena. Eta, bai, batzuetan isuna jasotzen dute, baina isuna ordaintzea merke ateratzen zaie irabazten dutenarekin alderatuta, eta, beraz, ez bada isun gogorragoa jartzen, ez da ezer konpontzen.
Galarraga Aiestaran, Ana
3
246
2008
10
026
Farmakologia; Medikuntza; Internet; Etika
Artikulua
18

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia