Fisika eta matematika; hizkuntza eta adimen artifiziala; kantu-bazkaria eta zientzia-dibulgazioa; guztiak batzen dira Ixak Sarasua Anteroren ibilbidean. Gogoratu duenez, beti izan da jakin-min handikoa, eta etxean ohikoak ziren zientziekin zerikusia zuten liburuak eta gailuak. Eskolan ere ondo moldatzen zen gai horietan, eta, unibertsitateko ikasketak aukeratzean, ez zuen zalantza handirik egin.
“Fisika ikastea erabaki nuen, uste nuelako horrek emango zidala unibertsoko oinarrizko sistemak ulertzeko giltza. Kuantika, kosmologia eta halakoak ere oso gustuko nituen, eta, gero ikusi nuen, gainera, lantzen dituzula beste gaitasun batzuk ere. Adibidez, fisika ikasteak ematen dizkizu matematikarako eta arrazoiketa logikorako erreminta batzuk, beste eremu batzuetan ere erabilgarriak direnak”, gogoratu du.
Agian matematika ikasi behar zuela ere pasatu zitzaion burutik, baina gustura zegoen ikaskideekin, eta lagun handiak egin zituen. Hala ere, gradua amaitutakoan, ez zuen fisikan ikertu nahi izan. “Oso sakrifikatua da, eta, gradu-amaierako lana egin nuenean, garbi ikusi nuen nahiago nuela beste zerbaitetara zabaldu. Hala, klaseko askok Kuantikako masterra egitera jo bazuten ere, nik Modelizazioa eta Ikerkuntza Matematikoa, Estatistika eta Konputazioa masterra aukeratu nuen”.
«Azkenean, datuak leku guztietan baliatzen dira: fisikan, ospitaleetan, baita hizkuntzan ere»
Azaldu duenez, arlo askotako ikasgaiak zituzten masterrean (kriptografia, estatistika, programazioa…); hortaz, lan ugaritan aplika daiteke. “Orain hizkuntza-teknologietan nabil, eta hasieratik jakin izan banu hori, igual hizkuntza-prozesamenduari buruzko masterra egingo nuen”. Nolanahi ere, masterra egin ondotik sortu zitzaion tesia euskarari lotuta egiteko gogoa.
Sarasuak, beraz, uko egin dio sistemak egin ohi duen zientzien eta letren arteko bereizketari. “Ez du zentzurik horrela bereizteak. Egia da Fisikako karrera ikasten ari nintzenean ez nuela imajinatzen Elhuyarrek sustatutako Orai adimen artifizialeko zentroan bukatuko nuenik, baina masterrak asko zabaldu zidan ikuspegia. Azkenean, datuak leku guztietan baliatzen dira: fisikan, ospitaleetan, baita hizkuntzan ere”, azaldu du.
Orain, hizkuntza-eredu handiak (HEH) euskarara eta baliabide urriko beste hizkuntzetara nola moldatu ari da ikertzen tesian. Ohartarazi du, hori bai, hizkuntza horiek ere ez daudela denak maila berean; askok euskarak baino testu idatzi gutxiago dituzte. Baina hizkuntza hegemonikoekin alderatuta, zailtasun berberak dituzte. “HEHak entrenatzeko datu asko behar dira; gure kasuan, testu asko. Hori da zailtasun nagusietako bat”.
Halaber, aipatu du ikerketa-arlo hori oso azkar ari dela eboluzionatzen, eta, beste hizkuntza handiekin alderatuta, ikertzaile gutxi dabiltzala baliabide urriko hizkuntzetan. Zailtasunak zailtasun, gogotsu dabil doktore-tesia egiten.
Dena ez da tesia
Ikerketak denbora asko eskatzen badio ere, hartzen du tartea bestelako jardueratarako ere. Horien artean dago musika. Eta hor ere erakusten du ez dela muga zurrunetan kabitzen. Izan ere, tresna bat baino gehiago jotzen du, estilo desberdinetako taldetako partaide da, eta esperimentatzen bezainbeste gozatzen du kantu-bazkarietan. Udalekuetan, gazte-mugimenduen txosna-batzordean eta euskara-elkartean ere badabil.
«Baina hizkuntzarekin eta datuekin, bai; horretan uste dut baietz, jarraituko dudala»
Borondatez egiten duen beste lanetako bat ikasle-garaiko lagun-taldearen eskutik etorri zaio. Hain zuzen, lagun haietako batzuk kanpora jo dute ikastera edo ikertzera, eta bururatu zitzaien ondo legokeela beren gaien berri ematea, euskaraz, webgune batean. Hala, Asteroideiak webgunea sortu zuten. Sarasua idaztera gonbidatu eta hark berehala eman zien baiezkoa. “Baina oso modu informalean hasi gara, ikasi duguna euskaraz eta estilo librean idazteko asmoarekin”, jakinarazi du.
Nolanahi ere, herri-komunikabideren batean kolaborazioak egiten hasi dira, eta batek daki haietakoren bati ez ote zaion piztuko zientzia-dibulgatzaile izateko gogoa. Oraingoz, Sarasuak aitortu du ez duela garbi ikusten zertan ibili nahiko duen epe labur-ertainean (bost urte barru, adibidez). “Argi daukat ez naizela fisikara bueltatuko. Behin utzita, lan handia egin behar da berriro martxa hartzeko, eta ez dut nire burua horretan ikusten. Adimen artifiziala ere oso azkar doa, eta zarata handia dago kontzeptu horren inguruan. Ez dakit. Baina hizkuntzarekin eta datuekin, bai; horretan uste dut baietz, jarraituko dudala. Eta hau, Orai, oso leku ona da lanerako”, bukatu du.
Ixak Sarasua Antero Aretxabaletan jaio zen, 1999an. EHU-n Fisikako Gradua egin ondoren, Modelizazioa eta Ikerkuntza Matematikoa, Estatistika eta Konputazioa Masterra egin du unibertsitate berean. Gaur egun, Orai zentroan dihardu doktoretza egiten.



