“Gure bigarren garuna”-k irabazi du OnZientzia bideo laburren lehiaketa

Ostiralean ospatu da Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek urtero antolatzen duten OnZientzia, zientziari buruzko bideo laburren lehiaketa.

Yurena Carrerok jaso du lehenengo saria.


Bost sari banatu ditu aurten OnZientziak:

Hasteko, aipamen berezia eman dio “Edertasuna salmentan” bideoari, Ainhoa Lopezek eta Nerea Etxaburuk sortua.

Gazte saria, “Komentsalismoa”-k lortu du, Xabier Zubiri Manteo ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasleena. Egunerokoan identifikatu duten arazo bat aztertu, azaldu eta irtenbidea elkarrekin aurkitu diote gazteek.

Euskarazko bideo onenaren sarian enpate teknikoa gertatu da, a bi sari ex aequo eman ditu OnZientziak: horietako bat “Olagarroa” bideoari eman dio, Noa Lopez Ochoak egina. Adimena eboluzionatzeko beste modu bat kontatzen du. Eta bigarrena, umorez betetako bideo batek lortu du: “Tinder – Match! edo kosk!”, Jon Esnaola Lopez, Ane Fradejas Marculeta eta Dunixe Urrutibeaskoa Azula egileena.

Eta lehiaketako sari nagusia, dibulgaziozko bideo onenaren saria: “Gure bigarren garuna”, Yurena Carrerorena. Pil-pilean dagoen gaia lantzen du, eta genero-ikuspegia ere berariaz txertatzen asmatu du, epaimahaiaren arabera.

Epaimahaia horrela egon da osatuta: Marian Iriarte Ormazabal, EHUko Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako Errektoreordea; Cristina Tapia Huici, Filmotekako komunikazio-arduraduna; Jon Mattin Matxain Beraza, EHUko Kimika Fakultateko dekanoa eta DIPCko ikertzaile elkartua; Itxaso Azcune Tolosa, DIPCko komunikazio-teknikaria; eta Nagore Rementeria Argote, Teknopolisen eta Elhuyarren ordezkaria.

Aurten, inoiz baino parte-hartze handiagoa izan du, 114 bideo jaso baitira guztira, haietatik bi heren euskaraz. Gainera, bideoen erdiak Gazte sarira aurkeztu dira, 18 urtetik beherakoak, beraz. OnZientziaren webgunean ikus daitezke lehiaketaren hamasei urteetan argitaratu diren zientzia-bideo guztiak, guztira 1.175.

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Bizitza