}

Estralurtarren bila, alferrik

2008/04/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zientzialari askok estralurtarretan sinesten dute, alegia, uste dute litekeena dela Lurrekoez gain beste bizidun batzuk egotea han nonbait, unibertsoan. Gainera, astronomoek ehunka exoplaneta topatu dituzte, eta, azkenaldian, Lurraren antza izan dezaketenak bilatu dituzte bereziki. Eta baita aurkitu ere! Eguzkiaren antzeko izar baten inguruan dabiltza biraka, antzeko distantziara daude, eta, batzuek beste planeta batzuk ere badituzte inguruan; beste eguzki-sistema batzuk detektatu dituzte, beraz.
Ikertzaile batzuen ustez, Lurretik kanpo bizi adimenduna sortzeko aukera % 0,01 baino txikiagoa da.

Gurearen tankerako planetak daudenez, zergatik ez zen, bada, haietan bizia sortuko? Eta zergatik ez bizidun adimendunak? Neurri batean, galdera logikoa da, eta horregatik, indartu egin dira bizidun estralurtarrak bilatzeko programak. Astrobiology zientzia-aldizkarian argitaratu berri duten artikulu baten arabera, ordea, ez dirudi helburua lortuko dutenik.

Britainia Handiko East Anglia-ko Unibertsitateko Andrew Watson ikertzailearena da artikulua, eta, haren esanean, Lurraren antzeko planeta batean bizi adimenduna sortzeko aukera oso da txikia, zehazki, % 0,01 baino txikiagoa.

Berez, eztabaidagarria da 10.000 planetetatik batean bizi adimenduna egoteko aukera txikia ala handia den, hainbeste planeta egonik unibertsoan. Dena dela, Watson ikertzaileak ez du zalantzarik; haren ustez, ez du merezi estralurtar adimendunen bila aritzea. Noski, azalpena ere eman du artikuluan: bizidun adimendunak ez egoteko arrazoi nagusia izaki bizidunak sortzen direnetik adimena duten bizidunak azaltzeko behar den denbora-tartea da. Nolabait, eboluzio hori gertatzeko denbora asko behar denez, ikaragarri zaila da planeta batek bizia har dezakeen denboran hori gertatzea. Hain justu, Lurraren moduko planetetan, bizia sortu eta iraun dezakeen denbora-tartea 4-5 mila milioi urtekoa dela kalkulatu du.

Baina ez da denbora-kontua bakarrik. Gainera, lehen zelula sortzen denetik izaki adimendun bat azaltzeko, eboluzioan lau pauso gertatu beharko lirateke jarraian, bata bestearen atzetik. Hauek dira lau pauso edo mugarri horiek, Watsonen arabera: bakterio zelulabakarra sortzea; zelula konplexuen sorrera; zelula espezializatuak azaltzea, bizidun konplexuen baitan, eta, azkenik, hizkuntza baten jabe diren izaki adimendunak sortzea.

Watsonek eredu matematiko bat sortu du sekuentzia hori Lurraren tankerako planeta batean gertatzeko zenbateko aukera dagoen ikusteko, eta emaitza benetan etsigarria da estralurtar-bilatzaileentzat: lau mila milioi urtean, halakoren bat gertatzeko aukera % 0,01 baino txikiagoa da.

Watsonek aitortzen duenez, bakterio baten moduko izaki bat sortzeko aukera askoz ere handiagoa da, baina erabat okerra da pentsatzea denborarekin, eta eboluzioaren poderioz, izaki adimendun bat sortuko dela. Lurrean halaxe gertatu da, eta, beraz, ez da ezinezkoa hori gertatzea, baina, beste planeta batean oso litekeena da emaitza oso bestelakoa izatea. Izan ere, batzuek kontrakoa uste duten arren, eboluzioak ez du noranzko jakinik.

Denetariko emaitzak

Gliese 581 izarra. Haren orbitan, Lurraren antzeko exoplaneta bat aurkitu dute astronomoek.
ESO

Edonola ere, ez dakigu bizi estralurtarren bilatzaileek aintzat hartuko duten Watsonen eredu matematikoa, edo Frank Drake astrofisikariari egingo dioten jaramon. 1960ko hamarkadan, ekuazio bat sortu zuen Drakek, gurekin komunikatzeko gai den zibilizazio estralurtarren kopurua kalkulatzeko, eta batzuek emaitza itxaropentsuak lortzen dituzte ekuazio horrekin.

Ekuazioak faktore hauek biltzen ditu: Esne Bidean urtean sortzen den izar-kopurua, inguruan planetak dituzten izarren ehunekoa, planeta horietako zenbatek duten bizirako egokia den orbita, horien artean zenbatetan sortu den bizia, bizia sortu denetan zenbatetan garatu den bizi adimenduna, eta azken horietatik zenbatek garatu duten teknologia eta komunikatzeko gogoa.

Ekuazioa ezezagunez beteta dago, eta emaitza asko aldatzen da faktore bakoitzari emandako balioaren arabera, baina, zientzia-artikuluren batean, Esne Bidean bakarrik halako hamar zibilizazio daudela ere topa daiteke. Hori irakurrita, batek baino gehiagok galdetuko dio bere buruari zergatik ez ote diren gurekin jarri kontaktuan orain arte. Stephen Hawking-ek erantzun polita eman zion galdera horri: “Gizadia ikusita, nola nahiko dute bada gurekin harremana izan?â€

Txantxak zein hipotesi urrunak sortzeko bidea ematen du galderak, baina ez dira gutxi serio hartzen duten zientzialariak. Eta haietako batzuei, behinik behin, ez dirudi Watsonen kalkuluek asko eragin dietenik, ez baitute asmorik bizi estralurtarra bilatzeko proiektuak bertan behera uzteko.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia