Energia berriztagarriei lotutako meatzaritzaren benetako inpaktua

Zientzialariek ohartarazi dute, klima-larrialdiak eskatzen duen trantsizio energetikoa justua izan dadin, beharrezkoa dela meatzaritzak zeharkako zero deforestazio eragitea.

Arg.: Wikimedia Commons.


Mineral kritikoen erauzketak sortzen duen inpaktua oso gutxietsia dagoela ondorioztatu dute azken ikerketek. Datuek erakutsi dute meatzaritzak zuzenean deforestatzen duen hektarea bakoitzeko, inguruan beste 34 hektarea gehiago deforestatzen direla zeharka, meategietako azpiegiturek eraginda: putzuak, hondakinen urmaelak... Ondorioz, meategitik 20 kilometroraino zabaltzen da eragina. Saharaz hegoaldeko Afrikan, zuzenean bakarrik 187.000 ha deforestatu direla kalkulatu dute, beraz, atera kontu zenbatekoa den inpaktu erreala!

Hain zuzen ere trantsizio energetiko globalerako kritikoak diren mineralen erauzketa da inpaktua handiena duena: kobaltoak eta kupreak eragiten dute deforestazio gehigarri handiena beren inguruan. Burdin-mehategiek, ordea, urrutira deforestatzen dute azalera zabalagoa, eta urrutiko basoetan eragiten dute.

Ikertzaileen datuen arabera, Afrikan hiru herrialdetan pilatzen da meatzaritzaren deforestazioaren % 45: Kongoko Errepublika Demokratikoan, Ghanan eta Madagaskarren. Eta ohartarazi dute, klima-larrialdiak eskatzen duen trantsizio energetikoa justua izan dadin, beharrezkoa dela meatzaritzak zeharkako zero deforestazio eragitea.

Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute

Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Energia