Emakumezkoen Viagra, azken adibidea
2015/09/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Duela hamahiru urte, British Medical Journal medikuntza-aldizkari ospetsuak izenburu argigarri hau zuen artikulua argitaratu zuen: “Gaitza saltzen: industria farmazeutikoa eta gaixotasunen salmenta” (Selling sickness: the pharmaceutical industry and disease mongering). Artikuluaren lehen esaldia izenburua bezain argia zen: "Diru pila bat lor daiteke gaixo daudela uste duten pertsona osasuntsuei esker".
Artikulua argitaratu ondoren, irakurleen ekarpenekin osatutako ez-gaixotasunen zerrenda bat argitaratu zuen aldizkari berak. Besteak beste, zahartzea, aspertzea, begi-zuloak, burusoiltzea, erditzea, zoriontasun-eza, zelulitisa, zakilaren neurriak eragindako antsietatea, haurdunaldia eta bakardadea azaltzen dira zerrendan.
Geroztik, zerrenda luzatzen joan da, eta, orain, emakumeen sexu-gogoari iritsi zaio txanda.
Hain zuzen, emakumeen libidoa areagotzen omen duen konposatu bat merkaturatzea baimendu du Estatu Batuetako Elikagaien eta Botiken Sailak. Addyi da haren izen komertziala, baina “emakumezkoen Viagra” ezizenarekin egin da ezagun. Ikertzaile batzuek izendapen hori engainagarria dela salatu dute, haren eraginak ez baitu zerikusirik Viagrarenarekin; Viagraren eragina fisikoa da, eta Addyirena, psikikoa.
Batzuen ustez, ordea, helburua lortzeko proposatzen duten bidean dago koxka. Hau da, pilula bat izatea emakumeengan sexu-gogoa pizteko irtenbidea. Azken finean, izenak izen, emakumeen egoera fisiologikoak eta bizitzaren gorabehera arruntak medikalizatzeko joeraren azken adibidea baino ez da pilula.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia