Gaur egun, seminograma bat eginez aztertzen da gizonezkoen ugalkortasuna: espermatozoideen kontzentrazioa, mugikortasuna eta morfologia aztertzen dira mikroskopioan. Ez da nahikoa, ordea. Balio horiek normalak izateak ez du esan nahi benetan ugalkorra denik. EHUko Giza Ugalkortasunaren taldeko ikertzaileek espermatozoideen erreakzio metabolikoetan jarri dute azpimarra, hor dagoelakoan benetan ugalkorrak diren jakiteko gakoa.
Beraz, espermatozoideetan erreakzio metabolikoetan parte hartzen duten molekulak detektatzeko metodologia bat garatu dute. Orain arte identifikatutako biomarkatzaile potentzialen kopururik handiena detektatzeko aukera eman du.
«Historikoki emakumeengan jarri da antzutasunaren zama handiena eta, ondorioz, gabezia handiak daude gizonezkoen antzutasunaren ikerketan»
Gizonen antzutasuna detektatzeko metodoa lantzean, zailtasunik handienetako bat espermatozoideen molekuletara sarbidea lortzea izan da. Oso zaila da espermatozoideak apurtzea, oso gogorrak baitira. Maiztasun altuko ultrasoinu bidezko teknika bat baliatu behar izan dute ziurtatzeko espermatozoideak ondo apurtzen direla eta bertako metabolito guztiak erauzten dituztela.
Espermatozoideak izan ditzaketen biomarkatzaile potentzialak determinatu dituzte ikertzaileek. Orain arte inoiz ez bezala, espermatozoideetan 955 metabolito eta 473 lipido egon daitezkeela identifikatu dute. Espermatozoideen metabolitoen ikuspegi orokor bat lortu dute horrela. Hemendik aurrera, patologia bakoitzean metabolito horiekin zer gertatzen den ikertzen hasiko dira.
EHUko ikertzaileek nabarmendu dute antzutasun maskulinoaren ikerketa hastapenetan dagoela oraindik, historikoki ez baita ikertu: “Ikerketa gehiena emakumeetan egin da, antzutasunaren pisu handiena haiei jarri izan baitzaie beti. Baina frogatuta dago ernaltzeko ezintasuna bikotearen arazoa dela”.
EHUk emandako datuen arabera, antzutasun-kasuen % 30 emakumeen faktoreekin lotuta daude, beste % 30ak jatorri maskulinoa du, eta gainerakoek kausa mistoak dituzte edo azaldu gabeko antzutasunarekin lotuta daude. EHUk gizonen antzutasunean dauden gabeziak murrizten joateko ikerketa-lerro propioa du.
Lagundutako ugalkortasunean ere badira gabeziak
Beste ikerketa batek ere agerian jarri ditu ugalkortasunarekin lotuta dauden beste gabezia batzuk. Ikusi dute in vitro ugalkortasunean erabiltzen diren tratamendu osagarrien ia erdiak ez duela nahikoa ebidentzia zientifiko sendorik eraginkorrak direla ziurtatzeko. Tratamendu horien kostu eta albo-ondorioak ikusita, tentuz ibili beharra nabarmendu dute zientzialariek. Izan ere, nahikoa ebidentzia izan aurretik txertatu dira tratamenduetan.
Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute
Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.



