}

CRISPR metodoaren beste aldaera bat garatu dute

2019/01/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

crispr-metodoaren-beste-aldaera-bat-garatu-dute
Arg. Artxibokoa

Genoma editatzeko CRISPR metodo ezagun eta erabilienak Cas9 nukleasa darabil DNA mozteko. Horrez gain, baina, badira beste bi: Cas12a eta Cas12b. Lehena genoma editatzeko erabilgarria bada ere, bigarrena ez, tenperatura handiegiak behar baititu eraginkorra izateko. Hala ere, ikertzaileek bazuten interesa, besteak baino txikiagoa baita. Orain, aldaera bat egiten dute, eta emaitzak Cas 9-rekin baino are hobeak izan direla adierazi dute.

Feng Zhang ikertzailearen zuzendaritzapean egin dute ikerketa (MIT), eta Nature Communications aldizkarian argitaratu dute. Zehaztu dutenez, Bacillus hisashii bakterioaren Cas12b nukleasa erabili dute. Aldaera basatiak, 37 ºC-tan, ez du mozten genoma editatzeko leku egokian. Hortaz, mutazioen bitartez, hainbat aldaera sortu dituzte, eta frogatu dute haietako bat oso eraginkorra eta zehatza dela. Are gehiago: moztu beharreko DNA-zatiarekiko Cas9 nukleasak baino berariazkotasun handiagoa duela baieztatu dute.

CRISPR-Cas9 metodoa bezainbeste hedatzeko oraindik lan asko egin behar dela onartu badute ere, genoma editatzeko beste aukera bat izatea onuragarritzat jo dute ikertzaileek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia