CoVPSA: koronabirusaren aldaera guztien kontrako txertoa, konputazioz diseinatua

2022/05/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Konputazioa funtsezkoa izan da aldaera guztiekiko eraginkorra izango den txertoa diseinatzeko. - Arg. Artxibokoa

SARS-COV-2aren txertoak eraginkorrak izaten ari dira izurria kontrolatzeko, baina, aldaera berriak nahiko maiz agertzen direla eta, ez da ziurra aurrerantzean ere eraginkorrak izango ote diren. Horrenbestez, ikertzaileak aldaera guztien aurkako txertoak garatzen ari dira, adibidez, CoVPSA. Scientifics Reports aldizkarian aurkeztu dute, eta metodo matematikoak erabilita garatu dutela azpimarratu dute.

Hain zuzen, txerto peptidiko bat da. Peptido hori osatzen duen aminoazido-katea EHUn diseinatu dute, Arina superordenagailua erabilita. Mila ordenagailu pertsonal elkarrekin konektatuta baino ahalmen handiagoa du, eta egunak behar izan zituen sekuentzia osatzen duten 22 aminoazidoak eta haien hurrenkera ebazteko. Horretarako, lambda supersokaren kontzeptuan oinarritu dira, frogatuta baitute bereziki aproposa dela birusaren mutazio guztiak aztertzeko, eta guztiekiko eraginkorra izango den sekuentzia lortzeko.

Hurrengo pausoak Kantabriako Marqués de Valdecilla institutuan (IDIVAL) eta ospitalean eman zituzten. Lehenik, peptidoa sintetizatu zuten, eta zelula dendritikoetan integratu zuten. Zelula horiek bektore-lana egiten dute eta erantzun immunitarioa abiarazten dute. Laborategian egindako probetan baieztatu dute segurua dela, eta erantzun egokia sorrarazten dutela.

Txertoak bide luze du oraindik populaziora heltzeko, baina eredua azaltzen den edozein mutaziotara egokitu daiteke. Hala,  hurrengo mutazioak nolakoak izango diren iragartzeko eredu matematikoa ere egin dute, oraingo aldaeretan oinarrituta. Kalkulu horiek egiteko dira bereziki baliagarriak, hain justu, lambda superkateak, eta horietan BCAM zentroak ere parte hartu du.

Horrez gain, azkar mutatzen duten beste birus batzuen aurkako txertoak egiteko ere balio duela aipatu dute, hala nola hiesaren birusa, gripearena edo C hepatitisarena.