}

Birusak entzun nahi?

2001/09/03 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Gure belarriak erabilita ez, baina kuartzozko kristalez baliatzen bagara, birusak entzun eta bereizteko gai izan gaitezke.

Cambridge Unibertsitateko ikertzaileek birusak identifikatzeko metodo berritzailea aurkeztu dute Nature Biotechnology aldizkarian. Metodoa birusek kuartzozko kristaletatik askatzerakoan egiten duten soinuan oinarritzen da, eta ohikoak baino azkarragoa da, emaitzak bi ordutan ematen baititu. Laborategian, behintzat, oso fidagarria suertatu da.

Soinu bereizgarria

Teknikaren sekretua kuartzoko kristal txiki-txikietan dago. Lehenengo, kuartzozko kristalak antigorputz batekin estaltzen dira birusa azalari itsats dakion. Ondoren, eremu elektriko batean kristala bibrarazten da. Eremu elektrikoaren indarra handituz, kristalaren bibrazioa areagotzen da, harik eta birusa askatu egiten den arte. Birusak, askatzen denean, soinu bereizgarri bat egiten du eta kuartzozko kristalak mikrofono batek bezala jokatzen du: soinua jaso eta seinale elektriko bihurtzen du. Ikertzaileek seinalea jaso eta birusa identifikatzen dute.

Laborategian gripearen birusarekin ibili dira lanean, GIB birusa edo hepatitisaren birusa bezalakoak identifikatzeko eredu aproposa baita, eta oso emaitza onak izan dituzte. Cambridge-ko ikertzaileek teknika berria diagnostikorako tresna oso egokia izan daitekeela uste dute eta, ildo horretatik, Akubio konpainia sortu dute.

Konpainia teknologia merkaturatzeaz arduratuko da, baita, ideia berean oinarrituta, proteinak eta ADNa identifikatzeko instrumentu txiki bat egiteaz ere.

Informazio osagarria:
Nature
Science

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia